Arnas Dezagun ekimena

Arnas Dezagun ekimena –

Arnas Dezagun guraso euskaltzalez osatutako taldea gara.

Partaideok Euskal Herriko udalerri erdaldunduetan bizi gara, haurrak D ereduan ikasten dauzkagularik.

Partaideok Euskal Herriko udalerri erdaldunduetan bizi gara, haurrak D ereduan ikasten dauzkagularik.Gure seme-alabak, euskal hiztunak izanik, gutxiengoa dira ikasgeletan, baina, elkarrekin jarri ordez, gela desberdinetan sakabanatzen dituzte ikastetxe gehienetan. Era horretara, sakabanaketaren ondorioz ume euskaldunei errotik ukatzen zaie euskaraz jarduteko aukera, non eta D ereduan! Horrela, oso denbora gutxitan zeharo erdalduntzen dira eta euskara bazter uzten dute, bai eskolan, bai handik kanpo ere.

 Egoera honi aurre egiteko ekimen hau abian jartzea erabaki dugu; gauzak horrela, gaurkoan hilabete hauetan landutako aldarrikapenak aurkezten dizkizuegu, non gure ildo nagusiak ezagutzera emango ditugun:

Irakasleen ahaleginak ahalegin, azken urteotan argi gorri guztiak D ereduan piztu dira. Ez da soilik eskolaren ardura, hala ere, eskola barik euskalduntzeak ezin du aurrera egin, jakina.

Herri erdaldunduetako D ereduko ikastetxeetan  etxetik euskara dakartenak sakabanatu egiten dituzte sistematikoki, horrela ukatu egiten diete elkarren artean euskaraz egitea. Beraz, haur euskalhiztunek uste eta jarrera etsigarriak garatzen dituzte.

Haur euskaldunak sakabanatuz denak ateratzen dira galtzaile, bai euskaldunak asimilazioagatik eta bai etxetik erdaldunak direnak ere. Hitz batean, Euskal hiztunek euskara bazterrean uzten dutelako eta  erdal hiztunek  beraien ikaskideengandik euskararik ez  jasotzeagatik. 

Aipatutako guztiagatik, honako hau eskatzen diegu euskal ikastetxeetako zuzendaritza eta administrazioei:

  • Haur euskal hiztunak ez sakabanatzea. Honela, elkarren arteko harremanak euskaraz egin ditzaten, haur erdal hiztunentzat eredua eta jarraibidea izan daitezen.
  • Horretarako, arnasgune funtzionalak bermatu behar dira. Hau da, euskaraz eroso jardun ahal izateko eremuak. 
  • Haur erdal hiztunen euskara maila indartzeko eta erabilera errazteko baliabideak eta laguntzak.

Honetaz gainera, haurrek testuinguru euskaldunago bat behar dute. Euskaraz naturaltasunez eta eroso aritu ahal izateko, haurrek pantailak euskaraz, aisialdia euskaraz, kirola euskaraz, hizkuntza paisaia euskaraz eta abar ezinbesteko dituzte. Azken batean, egun erdaraz jasotzen duten guztia euskaraz jasotzea bermatu behar diegu.

Arnas Dezagun ekimena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude