Arnas Dezagun bada!

Arnas Dezagun bada! – 

Eskola kanpoan emateaArnas Dezagun bada!
argazkia: Argia.eus

Txoli Mateosek idatzi du GARAn, Arnas Dezagun ekimena auzitan jarriz. Zilegi da, baina uste dugu proposamena ez duela ondo ulertu; hartara, argibide batzuk emango ditugu jarraian. Batetik, neurri oso oinarrizko bat proposatu dugu, D ereduko ikastetxeetan haur euskaldunak ez sakabanatzea, herri erdaldunduetan oso agerikoa den arazo bati (haur euskaldunen erdalduntze azkarrari) aurre egiteko. Bestetik, gure proposamenak ikasle guztiak hartzen ditu aintzat, izan euskaldun, gazteleradun, portugesdun, wolofdun, txineradun, eta abar, guzti-guztiak. Mateosek luzatutako galderei erantzuten saiatuko gara jarraian.

«Euskaraz ederto eta ozta-ozta egiten duten ikasleak bereiziko dira?».

Ez dugu ikasleak bereiztea proposatzen. Ikasle etxetik euskaldunak ez sakabanatzea eskatzen dugu soilik. Euskaldunekin batera egongo dira bestelakoak ere, ikastetxeek erabakiko dute zeintzuk. Egun ikasle etxetik erdaldunek ez dute euskal eredurik (irakaslea bakarrik), eta gazteleraz jardun beste aukerarik ez dute izaten, etxetik gazteleradunek bai, baina euskaldunek, hasanieradunek, kitxuadunek, arabieradunek, eta abar, ere bai.

«Ez al dago ikasleak ‘selekzionatzeko’ arriskurik (…) DBHko ingeles maila ona zutenekin egiten zen bezala?».

Ingeles edota matematika maila oneko ikasleak ikastetxe askotan «selekzionatzen» dira orain ere. Ikasleak ezberdinak izaki, behar ezberdinak dituztelako egin ohi da, edota zailtasun gehien dituztenei arreta handiagoa emateko. Horixe eskatzen dugu geuk ere ikasle etxetik erdaldunentzat: euskarazko prestakuntza hobea.

Ikasle euskaldunak elkarrengandik sakabanatuta, euskaraz egiteko aukera errotik ukatzen zaie, euron buruekiko eta hizkuntzarekiko uste etsigarriak garatzen dituzte, baina, gainera, ezin diete ikaskide erdaldunei ekarpenik egin euskara ikasteko prozesuan. Guztiak dira galtzaile! Haur etxetik euskaldunak trinkotuta, euskaraz egiteko aukera ematen zaie, bai euskaldunoi, baita euskalduntzeko bidean daudenei ere (D ereduan gaude!).

«(Haur euskaldunak ez sakabanatzea) bide eraginkorra da ume erdaldunak eta haien gurasoak euskararen mundura erakartzeko?».

Baietz uste dugu. Izan ere, haur erdaldunak euskarazko erreferenterik gabe utzita, nola hurbilduko dira ba euskal mundura? Haur euskaldun horiekin euskaraz jarduteko aukera eta beharra sortu beharra dago. Ez beharrik, ez aukerarik ez badute, nola ikasiko dute euskara?

«Nire herriko eskolan, ikasle guztiek eskuratzen dute maila txukuna euskaraz. Hala ere, familia euskaldunetako gazte asko gaztelania hutsean aritzen dira kalean».

Ba denek eskuratzen badute euskara maila txukuna, zorionak! Aldiz, Arnas Dezagun-eko kideon herri erdaldunduetan (Galdakao, Bilbo, Barakaldo, Altsasu, Iruñea, Gasteiz etab.) asko eta asko dira euskarazko maila txukuna eskuratzen ez dutenak.

Bestalde, erabileraren gainbeheran eragile asko daude. Etxeko hizkuntza ohiturak bai, baina euskaldunen dentsitatea, telebista eta internet bidezko erdarazko eduki oldea, eta beste hainbat ere bai. Ikastetxeetan haur euskaldunak sakabanatzea da eragile horietako bat.

«Ez al du ekimen honek areagotuko eskola publikoak duen segregazio arazoa, baina orain eskola barruan?».

Eskola-segregazioa arazo estrukturala da. Gure proposamena ez dator arazoa areagotzera, ezta irtenbidea ematera ere, baina inklusioa eta aniztasuna bermatuko dituen D ereduko eskola nahi dugu, euskara ardatz, eta ez espainiera, gehienetan gertatu bezala.

Batu ditzagun indarrak haur guztien euskalduntzearen (beren jatorrizko hizkuntzen eta kulturen errespetutik) eta haur euskaldunen eskubiderik oinarrizkoenen alde.

Euskal Herrian euskaraz hazteko eta hezteko eskubidearen alde dagoen edonor, Arnas Dezagun-en manifestua sinatzera gonbidatzen dugu:

https://arnasdezagun.eus/atxikimenduak

Arnas Dezagun bada!

21 pentsamendu “Arnas Dezagun bada!”-ri buruz

  • Ernesto Leitza 2021-12-15 16:21

    D ereduak ez duela lortzen gazteak euskalduntzea, iruditzen zait eztabaidatu ezin daitekeen zerbait dela.
    Zalantza batzuk argitzea gustatuko litzaidake.
    Arnas dezagunek egin duen proposamen ausartari hain beste traba jartzen diotenek, harro eta gustura daude D ereduak lortzen dituen emaitza kaxkarrekin?
    Eroso daude gaur egungo euskeraren egoerarekin?
    Ez dute pentsatzen zerbait egin behar dela, bai ala bai, berandu baino lehen?

  • «(Haur euskaldunak ez sakabanatzea) bide eraginkorra da ume erdaldunak eta haien gurasoak euskararen mundura erakartzeko?».

    Haur euskaldunak sakabanatzea bide eraginkorra da ume euskaldunak euskararen mundutik usatzeko.

    Erronka bat proposatzen dizuet: ekarri iezazkidazue eremu erdaldunduetako edozein herritan lH3- DBH4 bitartean euskeraz hitzegiteari eutsin dioten 15 ume euskalhiztun, eta nik estres hori gainditzeari amore emon dioten 100 ume ekarriko dizkizuet bueltan.

  • Aingeru Ruiz de Apodaka 2021-12-16 06:38

    Txalogarria da oso Arnas Dezagun eta Pantailak Euskaraz ekimenak egiten ari diren lana. Arnas Dezagun, gainera, egundoko ahalegina egiten ari da bere proposamena kolokan jartzen duen orori erantzuten.
    Egungo egoera txarra dela nahiko argia dirudi. Egoera aldatzeko proposamen bakarra Arnas Dezagunena da. Kritikak zilegiak dira, eta eztabaida piztuko oso baliogarriak, baina inmobilismoa edo “dena ondo dago” jarrera ulertezina da.

    D ereduaren porrota hirukoitza da: ez ditu ume erdal hiztunak euskalduntzen, ume euskal hiztunak erdalduntzen ditu, eta gazteak formakuntza eskasarekin irteten dira hezkuntza sistematik.

  • Ez dut Txoli Mateosen artikulurik irakurri, beraz horren inguruan ezin dezaket eritzirik emon. Baina Garan, hau da, ezker abertzale ofizialstaren ahozgorailua, azken bolada honetan segregazio, inklusio, aniztasun, kontzeptu horien harira agertutako artikuluetan euskara euren lehentasunen artean ez dagoelaren susmoa daukat. Euskaldunak Itxartu gaitezen garaia heldu dela uste dot.

  • Bingen Uriarte 2021-12-16 10:29

    Auzi honetan agerian geratu da berriz ere gure herria zamatzen duen menpekotasun larria.
    Arnas Dezagun ekimenari egiten zaizkion kritikek ezaugarri komuna partekatzen dute: kritikatzen dena ez da ADek planteatzen duena, kritika egiten dutenek ekimenari ezezkoa ematea erabaki baitute proposamena irakurri aurretik. Kritikatzen dutena ez dago ADen proposamenean, Txoli Mateosen idatzian gertatu bezala.
    Ulergarria izan zitekeen ADen proposamena iragarri berritan, baina dagoeneko, hika, zuka eta berorika, proposamena behin eta berriz azaldu dutelarik, zaila da kritika errepikakor horiek fede onez egiten direla pentsatzea.

  • Bingen Uriarte 2021-12-16 10:36

    Menpekotasuna darie kritika horiei, bestalde.
    Izan ere, ADen proposamenarekin (haur euskaldunak ez sakabanatzea) kritiko direnek, itsu-itsuan onartzen dute haur euskaldunak sistematikoki sakabanatzea, eta beraz, haur horien erdalduntze azkarra, euron hizkuntza eta buruak bigarren mailakotzat jotzea, akulturazioa eta gaztelaniaren / frantsesaren sisteman asimilazioa, non eta D ereduan!!!
    Gazteleradunen betaurrekoetatik begiratzen diote auziari ganera, Gazteleradunak lehenesten dituzte euskaldunen aurretik, baina baita kitxua hiztunen, hasaniera hiztunen, arabiera hiztunen, errumaniera hiztunen, galiziera hiztunen, eta abar, eta abarren aurretik ere.
    Konturatu gabe, inposatzen diguten hizkuntzaren aldeko jokabide supremazistak onartu eta indartzen dituzte, “inklusio” delako negargarri ulertu baten izenean.

  • Izugarri TRISTEA da, D ereduko ikastetxeetan haur euskaldunak ez sakabanatzeko eskariaren aurka agertzea euskaltzalle batzuk ere (horri euskaltzaletasuna esaterik balego).
    Errealitatea da D ereduko ikastetxe askotan gazteleraren / frantsesaren normalizazioa eta euskaldunen asimilazioa gertatzen dela.
    Errealitatea da haur eta gazte horiek D ereduko ikastetxe askotan ikasten dutela gaztelera / frantsesa dela hizkuntza “komuna”, eta euskara bakarrik irakaslearena.
    Errealitatea da, gaztelera / frantsesa dela “inklusiorako” hizkuntza D ereduko ikastetxe askotan.
    Errealitatea da, haur euskaldunak sakabanatuta, zeharo menpeko hiztunak (eta pertsonak) bilakatzen direla haur horiek, inposatutako erdarak erabat nagusi bilakatzen direla ikastetxe horietan, eta horrek kalte egiten diela baita haur etxetik erdaldunei ere, D ereduan euskaraz ikasten baita!!!
    Ustez hain “inklusiozale” eta “aniztasunzale” diren euskaltzale bitxi horiek, zer dute esateko horretaz guztiaz?

  • Barriro azalduko haur euskaldunek banandutearen alde dagozan “euskaltzaleen” kontu hori?
    Zer dire? Groutxomarxistak?

  • Eutsi goiari! 2021-12-16 14:20

    Mugimendu guzti honen inguruan zalantza eta dudak ditut.
    Haur euskaldunak eta erdaldunak sakabanatzeak ez al ditu haurren erlazioak desnaturalizatuko?
    Haur erdaldunak euskalduntzea lortuko al du?
    Haur euskaldunak ez erdalduntzea lortuko al du?
    Ze ondorio izan ditzazke haurren izaeraren garapenean horrelako sakabanaketa batek?
    Ez ditut zalantzan jarri nahi Arnas dezagunen intentzio garbiak baizik eta esan nahi nuke erabat zihur egon beharko genukeela horrelako erabakiak hartu aurretik positiboak izango direla eta garrantzitsuena ez direla kaltegarriak izango epe ertainera.
    Euskararen normalkuntzarako bidean hartzen diren erabakietan epe motzera beharrean epe ertain luzera begiratu behar dugu.

  • Egia esateko, ez ditut ulertzen ADren kontrako kritikak. Hain oinarrizkoa eta logikoa da beraien eskaera! Euskararen erabilera etengabeko jaitsieran dago, eta premiazko neurriak behar dira. Euskara desagertzea nahi ez badugu, neurri ausartak behar dira. Euskaldunok gurea defendatu behar dugu. Hala ere, txotxoloak nonahi agertzen zaizkigu. Aniztasuna eta elkarbizitzaren izenean, gurea baztertu eta kanpokoena hartu behar dugu. Ez da nahikoa frantses eta espainol kolonizatzaileekin, gure artean ere euskarari kalte egiten dioten txotxolo asko daude, udaletan, gobernu erregionalen bulegoetan, hezkuntza arloan, alderdi aberchaletan, komunikabide baskitoetan,… Zoritxarrez, jende honek guztiak beraien miseria pertsonalak ezkutatu nahian dabiltza. Bikain ziurtagiri asko, baina euskararen erabilera behera doa… Bada garaia holako txotxoloei pilak jartzeko!

  • “Eutsi…”, lehenik eta behin, ADen proposamena arretaz irakurri behar zenuke (https://arnasdezagun.eus/manifestua/), ez baitute euskaldunak eta erdaldunak sakabanatzea proposatzen, haur euskaldunak ez sakabanatzea baizik. Ez da inolaz ere berdin.
    Bestalde, haur euskaldunak sakabanatzeak ez dizu zalantzarik / dudarik eragiten?
    Haur euskaldunak sakabanatzeak ez al ditu haurren erlazioak desnaturalizatuko eta españolez (frantsesez bestaldean) jardutera behartuko?
    Haur euskaldunak sakabanatzeak inor euskalduntzea lortu ote du?
    Haur euskaldunak sakabanatzeak, hauen españoltze / frantseste azkarra eragiten du, noren mesedetan?
    Horrelako sakabanaketa batek (haur euskaldunena) ondorio larriak izaten ditu haur euskaldun askoren izaeran, baina ez dirudi inori ardura zaionik. Zuri ere ez?
    Ez ditut zalantzan jarri nahi zure intentzio garbiak, baina haur euskaldunen sakabanaketak eragin duen desastrea ikusirik, ez genuke beste 30 urtez zain egon behar zentzuz jokatu eta neurri egokiak hartzeko, D ereduan haurrak (guztiak) euskaldundu daitezen, erabat erdaldundu beharrean.
    Izan ere, haur euskaldunen sakabanatze sistematikoak kalteak besterik ez ditu eragin, onurarik bat ere ez.
    Euskararen normalkuntzarako bidean hartzen diren erabakietan, epe motzera beharrean epe ertain luzera begiratu behar dugu. Hain zuzen ere.

  • Arnas Dezagun:
    “Ez dugu ikasleak bereiztea proposatzen. Ikasle etxetik euskaldunak ez sakabanatzea eskatzen dugu soilik. Euskaldunekin batera egongo dira bestelakoak ere, ikastetxeek erabakiko dute zeintzuk”.

    Bingen Uriarte:
    “Arnas Dezagun ekimenari egiten zaizkion kritikek ezaugarri komuna partekatzen dute: kritikatzen dena ez da ADek planteatzen duena. (…) dagoeneko, hika, zuka eta berorika, proposamena behin eta berriz azaldu dutelarik, zaila da kritika errepikakor horiek fede onez egiten direla pentsatzea”.

    Eutsi goiari!:
    “Haur euskaldunak eta erdaldunak SAKABANATZEAK ez al ditu haurren erlazioak desnaturalizatuko?”

    Gorren eta itsuen herria.

  • Uste dot españolez emon beharko dozuezala azalpenok “euskaltzale” usteko batzuek auzie ulertuko badabe…

  • Ernesto Leitza 2021-12-16 16:57

    Aizu, “Eutsi”, Gure hiru seme-alabak D ereduan eskolatu genituen euskaldin ia elebakar.D ereduan.
    Oso denbora gutxian, ikasturte bakarrean, ikasi zuten españolez, eta DBHn españolez hitz egiten hasi ziren lehen euskaraz egiten zuten lagunekin. Nafarroa “baskofonoan” hori guztia.
    Esango didazu onurak non dauden?

  • Euskal Herriak mendeak daroaz kolonoen etorrerak jasoten. Kolonoek beti euren “status Quo”a inposatzen saiatu izan dira, modu zuzenean edo zeharka. Euskal Herriak tinko eutsi dio bereari, lehenengo garai hartan bai komunikabideek zein sozializazio baliabideek edozein txokora heltzeko gaur egungo ahalmenik ez zutelako. Baina, tamalez, gure hizkuntza txikia da, eta etsaiena, aldiz, oso handi zein boteretsu. Goazen behingoz gurea defendatzera, eta utzi diezaiogun kolonizatzaileen hizkuntzak defendatzeari, espainola dela, edo frantsesa, edo marrokiera, edo errumaniera, edo alemana, edo txinoa, edo dena delakoa.

  • Zorionak Arnas Dezagun taldeari!. Zorionak horren ausartak izateagaitik eta daukazuen pazientziagatik. Behin eta berriz gauza bera azaldu eta ez dago modurik txo!
    Nik ikasitako ikastetxean 40 urtetan zehar etxetik euskara eramaten gendunok gela berean geunden. Gainontzekoek aldiz (gela osatu arte), gaztelera. Beste gela osokoen ama hizkuntza gaztelera zen.
    Gustatuko litzaidake, nire ikastetxe bardineko egungo gazte euskaldunenek, nire garaiko beste gelako (ama hizkuntza gazteleradunak) euskara maila bera baleukate.
    Horren txarrak ez ziren ba emaitzak. Eta zer esanik ere ez nire gelakideak, DENAK euskaraz bizi gara gure artean.
    Herri erdandundua eta 40 urtetan ume euskalhiztunak batuta emaitz oso onak.
    Duela 18-20 urte hasi ziren sakabanatzen eta porrota!.
    Gainera ADk, errefortzu lingüistikoa proposatzen du (nire garaian ez zegoena)
    Zeri gara beldur?
    Gauza guztiekin gertatzen den bezala, batuta indarra lortzen da eta ume euskal hiztunak batuta EUSKARA indartzen da!
    Zeren beldur gara

  • Arnas Dezagun eta Pantailak euskaraz ekimenak lan izugarria egiten ari dira. Euskaltzaleok elkartu eta euskararen biziraupenaren alde borrokatzea tokatzen zaigu. Eskerrik asko eta aurrera!!

  • Eutsi goiari! 2021-12-16 22:18

    Lehenik eta behin barkamena eskatu nahi nuke nire aurreko iruzkinarekin inor iraindu edo mindu badut, ez zen inondik inola ere nire helburua.
    Esan beharra dut nire helburua nituen zalantzak azaleratzea zela, uste dut erabat garbia dela helburu hori eta aberasgarria izan daitekeela.
    Emandako erantzunak irakurri ondoren aitortu beharra dut egin ditudan galderak ez direla zuzenak izan, edo behintzat ez ditudala behar bezain beste ausnartu. Barkamena berriz ere.
    Euskararen egoera larria da eta ez dago alferrik dagoen neurririk.
    Bestalde euskaldun eta euskaltzale karnetak banatzen zabiltzazten hoiei nirekin jai duzuela esan nahi nizueke.

  • Garai batean sortu ziren ekimen eder batzuk (Korrika, Nafarroa Oinez, Kilometroak, …) oraindik bizirik egoteak, ez da hizkuntzaren osasun onaren seinale.
    Tamalez Arnas Dezagun, Pantailak Euskaraz eta auskalo zenbat ekimen gehiago beharko ditugun Euskara suspertu nahi badugu.
    Hau hasiera besterik ez dela esango nuke, sormena lanean eta arlo honetan ekintzailetza aktibatu beharra ezinbestekoa izango da.
    Eskerrik asko benetan, Arnas Dezagun taldeko gurasoei, Pantailan Euskaraz ekimena aurrera atera duzuenoi eta egoera hau biratzeko lanean ari eta arituko diren guztioi. Animo ta eutsi!!!

  • Eskertzekoa da zure aitortza eta zuzenketa, “Eutsi”.
    Bejondeizula.

  • Ernesto Leitza 2021-12-17 09:38

    Ados, Eutsi.
    Bidean bat egingo dugulakoan, ondo segi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude