Arartekoa Zangozaldeko euskaldunen defentsan

Arartekoa Zangozaldeko euskaldunen defentsan – 

ARARTEKOA ZANGOZALDEKO EUSKALDUNEN DEFENTSAN

“Herritarrek euskaraz arreta jasotzeko eskubidea bermatzeko neurriak har ditzala”. Horixe gomendatu dio Arartekoak Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateari, 2021eko urriaren 29an (Q21/900 espedientea).

Administrazioan Euskaraz Taldeak jarri zuen kexa, Mankomunitatean ez zelako neurririk hartzen euskarazko arreta bermatzeko. Hogei lanpostu daude plantillan, eta bakar bat ere ez da elebiduna eta bakar batean ere ez da kontuan hartzen euskaraz jakitearen merezimendua.

Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatea saiatu da kexa kontuan ez hartzen, eta, besteak beste, argudiatu du ezen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak irailaren 27an emandako 216/2019 epaian hau ezarri zela: “eremu mistoan (…) lanpostuetan euskara merezimendu gisa baloratzeak dakar ‘diskriminazioa Funtzio Publikoko lanpostuak betetzean’ (…)”. Kontuan hartu behar da Mankomunitateko Lerga, Urraulbeiti eta Zangoza udalerriak eremu mistoan daudela.

Bada, Arartekoak gogorarazi dio honako hauek direla funtsezko helburuak Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean, 1.2 artikuluaren arabera:

“a) Herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea.

b) Euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea Nafarroan, euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz.

c) Euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun, mailakatze eta errespetu irizpideei jarraikiz, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera”.

Orobat, gogorarazi dio honako hau dioela Foru Lege beraren 17. artikuluak, eremu mistoari buruz:

“Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko. Eskubide honen erabilera bermatzeko, aipatutako administrazioek honako hau egin dezakete:

a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea.

b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea”.

Zangozako Eskualdeko Mankomunitateak 2 hilabete ditu erantzuteko, gomendioa onartzen duen edo ez. Bestalde, espero dezagun 2017an eremu mistoan sartu ziren udalak horretaz ohartzeko baliagarria izatea; izan ere, eremu mistora pasatzeak ez baitu inolako aldaketa praktikorik ekarri.

Arartekoa Zangozaldeko euskaldunen defentsan

Administrazioan Euskaraz Taldea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude