Araban euskaraz

Araban euskaraz –

Araba Euskaraz, non eta Trebiñun! Araba Euskaraz ospatu dugu, beste behin. Non eta Argantzun. Hau da marka! Izan ere, Trebiñu konderriko herri hori hiru aldiz izan da festa eta aldarrikapen horren lekuko.

Araban euskaraz

Euskararen aldeko herri mugimendua eredugarria izan da ikastolen sorreratik bertatik, eta bere horretan dirau. Bere ahaleginak inon txalo aparta merezi badu, hori Trebiñun da. Horren lekukotza ematen zuen Gutxisolo euskara elkarteko kide batek Pilar Ansotegik, hain zuzen, Euskaltzaindiaren 2017ko Jagon Jardunaldian. Horra hor bere hitzak: “Ondo dago bi edo lau urtean behin euskalgintza edo euskal kulturaren makroekintzak Trebiñu edo Zuberoaz gogoratzea eta keinuak egitea. Baina Trebiñun euskara 365 egunez hitz egiten da, astelehenetik igandera.”

Errealitate hori euskaltzale eta herritar askoren meritua da, batez ere, eskualde hori Castilla y Leóngo erkidegoan kokatua izatea muga handia baita gure hizkuntzaren normalizaziorako. Euskara biziberritzea edonon zaila bada, zer esanik ez Trebiñun, arestian esandako euskaltzale horrek jarraian argitzen duen bezala:

“Gogoratu dezagun lagunok, TREBIÑU EZ DA ARABA. EZ, EZ DA ARABA. Eta ez dakigu ofizialki halakorik noizbait gertatuko den, eta bitartean arreta berezia eta berezitua ez bazaio eskaintzen oso-oso zaila izango du Euskarak bere bidea egitea.”

Gutxisolo elkarteko kide horrek berak ondoko aldarriarekin bukatzen zuen bere saioa: “EZ AHAZTU TREBIÑU, TREBIÑU ERE BADA EUSKARAREN LURRA”. Horregatik guztiagatik, Arabako Urrezko domina edo, eskatzen dut trebiñutarrentzat, ongi irabazita dute eta.

Aitortza hori iritsi bitartean inoiz iritsiko bada, bederen nire txalorik beroenarekin konformatu beharko dute trebiñuarrek. Hori bai, txaloa Gora Trebiñu euskalduna! oihu ozenarekin lagunduz.

Araban euskaraz

 

Jubilatua eta zoriontsu! Euskararen soziolinguistikari begira.