App BATZUK, Korrika eta Mintzatu

App BATZUK, Korrika eta Mintzatu >

Gaur, martxoak 30ean, abiatuko da Otxandiotik euskararen aldeko lasterketa, eta ekimenaren informazio eguneratua eskainiko digu KORRIKA app-ak: 20. Korrika uneoro non dagoen; lekukoa nork daraman; zer distantziatara dagoen; iristeko zenbat denbora falta den… Informazio hori guztia gure esku izango dugu, Akting enpresak Android zein iOS gailuetarako propio garatu eta sortutako KORRIKA app-ean.

Bestalde, 20. Korrikak Euskal Herrian zehar dabilen bitartean —martxoaren 30etik apirilaren 9ra— galderen lehiaketa egingo da, eta sariak banatuko dira egunero-egunero, ibilbideari buruzko galderak asmatzen dituztenen artean. Gero, Korrikaren amaieran, sariak irabazi dituztenen artean beste zozketa bat egingo da.

KORRIKA app-az gain, MINTZATU app-a ere erabil dezakegu egun hauetan, Korrikaren ibilbidean zehar etiketatzeko euskaraz hitz egiten den tokiak.

MINTZATU app-a, euskaraz hitz egiten den munduko leku guztiak elkarlanaren bidez identifikatzeko proiektua da, gure hizkuntzan aritzen diren leku berriak kokatzen laguntzeko. Horrez gain, euskaraz mintzatzen den leku berriak etiketatzeko, horien kokalekuak partekatzeko, euskaraz norekin hitz egin adierazteko, eta euskaraz hitz egiteko lagun berriak egiteko ere erabili daiteke MINTZATU.

Finean, euskaraz hitz egiten den munduko lekuen sarea eratu nahi du MINTZATU proiektuak, bere apparen bidez: euskaldunok elikatutako euskararen aldeko plataforma parte-hartzaile, dibertigarri, ludiko eta soziala da. Gainera, MINTZATUn etiketatutako tokiei buruzko informazioa edukiz hornitzeko aukera ematen du app-ak: argazkiak eta iruzkinak eseki ahal dira, plataforma barruan lagun berriak egin, haiekin elkarrizketak izan…

Animatu! Erakutsi mundu osoari euskara bizirik dagoen hizkuntza dela!

Deskargatzea, doan:

KORRIKA app-a Ios

KORRIKA app-a Android

MINTZATU app-a Android

MINTZATU app-a Ios

App BATZUK