Amona-hizkuntza berreskuratu dugunok, mila esker

Ama-hizkuntzaren Nazioarteko Eguna da gaur; hala izendatu zuen Unescok 1999 urtean. Guk badugu zer aldarrikatu. Eta badugu ere zer ospatu.

Gure artean, hezkuntza munduan batez ere, asko hitz egin da ama-hizkuntzaz eta bigarren hizkuntzaz. Zenbait esparrutan zalantzan jarri izan da gure eskoletako D ereduan ematen den irakaskuntza, etxetik erdara besterik ez dakiten ikasleekin euskaraz egiten delako ikaskuntza prozesua. Askok argudio hori erabiltzen dute (eta horrekin batera gaztelaniaren eskubideak ere) D eredua kritikatzeko.

Baina horren ondoan, milaka guraso ezagutu ditugu, gure hizkuntza berreskuratzeko bidean sekulako ahalegina egin dutenak, batere erraza ez zen garaian, andereñoengan, eta ondoren, euskal irakasleengan konfiantza osoa jarrita. Eta haiekin batera proiektu hura bultzatu eta lagundu duten guztiak.

Era horretan gutako askok amona-hizkuntza berreskuratu dugu, eta birramona-hizkuntza gure ondorengoek. Eta ondorioz, bi hizkuntza dauzkagu, bata amak (aita-amak) ume garaian eman zigutena eta ondoren aita eta amaren bultzada eta irakaslearen lanari esker jasotakoa, euskara. Hori gure altxorra.

Eta horregatik, horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiet gaur, Ama-hizkuntzaren Nazioarteko Egunean.

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz