Algoritmoek hezten gaituzte?

Algoritmoek hezten gaituzte? –

Algoritmoek hezten gaituzte?
Guztion artean elikatzen dugu Algoritmoa. Algoritmoak Interneten bideratzen gaitu.

Gure gailuak etengabe zelatatzen duten algoritmoei behin eta berriro erakusten dizkiegu gure gustuak, nahiak, apetak, grinak eta sekretuak. Izate horiek, beren jabeek eskaintzen dizkiguten zerbitzu batzuen truke, guri buruzko datuak eta metadatuak batzeko diseinatuta daude.

Batzuetan nahiko kontziente gara gure datuak partekatzen ditugula, aplikazio batek gure kokapena partekatzeko baimena eskatzen digunean, esate baterako, edo aplikazio txiki bat instalatzerakoan trukean gure pribatutasunean kuxkuxeatzeko hamaika baimena eman behar ditugunean. Baina gehienetan, dinamika batean sartuta ibili ohi gara eta aurrera, aurrera, ados eta ados. Irakurri gabe ere ados, jarraitu eta aurrera.

Algoritmoarekin partekatzen ditugun datuen artean gure hizkuntza hobespenak daude. Eta euskaldun gehienek, sistema eragilea, nabigatzailea[1], bilaketa motorra, erdaraz konfiguratuta erabiltzen dutela esango nuke, nire ingurukoei begira. Euskaldun gutxik galdetzen dute, esate baterako gailua erosterakoan[2][3], ea gailuak fabrikatik dakarren euskaraz konfiguratzeko aukerarik.[4]

Interneten nabigatzen dugunean, partekatzen ditugun datuek elikatzen dute Algoritmoa eta gero Algoritmoak gidatzen gaitu, guk uste baino gehiago bideratzen gaitu, gure denbora eta arreta harrapatuko dituen guneetara. Publizitate klasikoa baino askoz eraginkorrago dira Algoritmoak. Publizitate tekniken azken bertsio hobetua dira.

Horra nola gidatzen gaituzten ikusteko adibide bat.

.

Wikipedia

Wikilari komunitate potentea daukagu Euskal Herrian. Hiztun kopuruaren proportzioan, gurea munduko bigarren Wikipediarik potenteena dela irakurri dugu inoiz,[5] estonieraren ostean, (eta ikusi behar, zelako emaitzak onak ateratzen dituzten estoniarrek PISA txostenetan-eta, gure erdipurdiko emaitzen ondoan).[6]Algoritmoek hezten gaituzte?

Munduan dauden 7.000 hizkuntzetatik hirurehun bat hizkuntzek bakarrik dute presentzia Interneten (Facebook-en 111 hizkuntza, Wikipedian 322) eta, horien artean euskara, euskarazko Wikipedia munduko osatuenetako bat da. Artikulu kopuruari eta kalitateari begira, eu.wikipedia.org itzela da, munduko 33. postuan azken bolada honetan. Baina euskaldunok gehienetan nahiago dugu erdarazko wikipedietan begiratzea. Ez Euskal Herriko biztanleok, ez; euskal hiztunok, euskaldunok.

Wikilari batzuk kezkatuta agertu dira[5] antzematen dutelako Hegoaldeko euskaldunek ez dutela euskarazko Wikipedia lehen aukera bezala erabiltzen… Bigarren? Hirugarren? Erantzuna argitaratuta dago[7]. Ez dugu hemen spoiler egingo.

Baina algoritmoak gidatzen gaitu euskaldunok erdarazko Wikipedietara? Algoritmoak hezten gaitu ala guk hezi dugu algoritmoa. Ala biak batera?

Hezi, heziketa, hezkuntza…

.

Eskola sisteman

Kontu jakina da Wikipedia batez ere ikastetxeetatik eskola egunetan bisitatzen dela. Bestalde, kontu jakina da, baita, gure eskola gehienetan, -D eredua dutenetan ere-, hainbeste zabaldu diren Chromebook-ak erdaraz murgiltzen dituztela ikasleak Interneten,[8] eta gure eskoletan gehien zabaldu den bigarren sistema eragileak, Windowsek, euskarazko partxea badu ere, askotan partxe barik harrapatzen dutela euskaraz ikasteko matrikulatu diren ikasleak.

Bitartean software libre euskaldunari[9] kostatzen zaio zirrikituak topatzea ikastetxeetan sartzeko.

Interneten erdaraz murgiltzen gaituzten Chromebook-ak sukalderaino sartu dira gure Hezkuntza sisteman. Gaitasun digitala garatzeko baino, Google bezero otzanak sortzeko diseinatuta daudela esan izan da.

Euskaldunon burujabetza teknologikoaren aldeko taldeak, konpetentzia digitala euskaraz komunikatzeko konpetentziarekin uztartu behar dela defendatzen duten taldeak, maiz gogorarazi digute, eta EAEko Legebiltzarrean ere adierazi da [10][11][12], eskoletan Disney, Burger King eta MacDonalds sustatu beharrean, hau da, Youtube, Chrome eta Windows bezalako kontsumo produktu pribatiboak sustatu beharrean, Commons, Ahotsak.eus, euskarazko Wikipedia, Txikipedia, Luberri sistema eragilea eta software librea euskaraz sustatu beharko liratekeela.

Baina oraingoz, gure ikasleei konpetentzia digitala irakasterakoan, nabigatzaile erdaldun batekin, Google Chrome horrekin, Interneten sartzen erakusten zaie eta software libreko programak instalatzen eta erabiltzen irakatsi beharrean online aplikazioak erabiltzen irakasten zaie. Eta aplikazio horiek, askotan, erdaraz besterik ezin dira erabili. Ikasleen datuak batzeko diseinatuta daude, itxura erakargarria izateko, eta ez diote gaitasun digitalaren garapenari lehentasuna emango, kontsumo-produktuak sustatzea baita haien xede nagusia.

Algoritmoek hezten gaituzte?
Jaungoikoa, lege zaharra eta Interneten euskaraz!

Zer egin?

1. Gailuak, gailuetako sistema eragilea, euskaraz konfiguratu.

2. Nabigatzailea, web arakatzailea, euskaraz konfiguratu.

3. Bilatzaileari, bilaketa motorrari, euskara hobesten dugula jakinarazi.

··· ··· ···

1. Sistema eragilea; gailuaren interfazea. Telefono eta tabletetan gehien erabiltzen den Android sistema eragilea euskaraz oso erraz konfiguratu daiteke[14]. Erositakoan datu hori kontuan hartu izanez gero, edo ausaz, zorionez, zure gailua euskaraz konfiguratzeko aukera gaituta topatuz gero, minutu bat besterik ez da behar. (Telefonoetan, hamarretik zortzi euskaraz konfiguratu ei daitezke[2]). Ordenagailuetan Linux banaketak eta Windows sistema eragilea, euskaraz erabil daitezke. Mac eta Chrome OS (Chromebook-ek dakarten sistema eragilea) oraingoz ezin dira euskaraz erabili.

2.Nabigatzailea. Pribatutasuna zaintzeko[19] eta euskara hobesteko, Firefox izan daiteke aukerarik onena.[1] Algoritmoek hezten gaituzte?

Bigarren urratsa nabigatzailea euskaraz konfiguratzea da.

3. Bilaketa motorra. Algoritmoak zerbaiti begiratzen badio egiten ditugun bilaketak direla uste da. Izan ere, Android euskaraz jarriz gero, automatikoki gehien erabiltzen den bilaketa motorraren interfazea aldatu egiten da, eta hau ere euskaraz agertzen da.[13]

Interneten sartzeko gakoa bilaketa motorra omen da. Munduan badaude hainbat bilaketa motor, baina interfazea euskaraz eta gure hizkuntza hobesteko aukera eskaintzen dutenak, gutxi.

Gehien erabiltzen den bilaketa motorra, Google, gure pribatutasun zaintzeko txarra da baina euskaraz bilatzeko ez da txarrena. Euskaraz konfiguratuko zaizu interfazea zure gailuko sistema eragilea edo zure nabigatzailea, euskaraz konfiguratuta baldin badaukazu. Bestela, interfazea euskaraz jartzeko, egin klik >hemen<

Erakuts iezaiozu algoritmoari euskara hobesten duten horietako bat zarela. Ordainetan berak agian eduki interesgarriren bat erakutsiko dizu Interneten. (ZuZeu.eus hau baino askoz hobea den Sustatu.eus horretan, esaterako 😉 )

··· ··· ···

Baina askotan, euskaldunok, behin eta berriro, algoritmoei erakusten diegu, gailua erdaraz konfiguratuta daukagula; sistema eragilea[8] erdaraz daukagula. Eskoletako Chromebook-ak erdaraz… Eta algoritmoak guregandik ikasi eta erdarazko edukietara bideratuko gaitu.

.

Eta gero WhatsApp-a euskaraz erabiltzerik ez?

Konponbide pare bat:

1.- Baztertu WhatsApp lider hori eta erabili, esate baterako, Element, Line, Signal edo Telegram. Pribatutasunean irabaziko.

2.- Baina nire kontaktu gehienak WhatApp-a besterik ez darabilte… Gailuko teklatua hainbat hizkuntzatan batera konfiguratu daiteke, ez hizkuntza bakar batean, eta aukeran dauden hizkuntzen artean, euskara.[15] AnySoftKeyboard + Euskara paketea (beste hizkuntza pakete batzuekin batera erraz instala daitekeena).[16] Doaneko software librea, (@Osoitz, @Aldatsa, librezale mitikoek, euskarara ekarrita). Igor Leturiak prestatutako 100 milioitik gorako corpus bat[17][18] du atzetik, eta gainera, gero, erabiltzaile bakoitzak nahi beste hitz gehitu ahal ditu bere gailuko corpus pertsonalera.

Algoritmoek hezten gaituzte?
AnySoftKeyboard + Euskara paketea Android sistema eragilearekin euskaraz idazteko itzela da.

.

Programatzaileak

Algoritmoak ez dituzte programatzaileek sortzen? Adimen Artifizialaren garaietan programatzaileak batzuetan bigarren planoan geratzen direla ematen du. Haiek makinak programatu eta hauek berez ikasi… eta auskalo zelako isuriak ikasiko dizkiguten. Makinak arrazistak, xenofoboak, matxistak edo telezaborzaleak direla aurkitzen bada, programatzaileek eskuak garbitu eta erabiltzaileoi errua: guk hezi omen ditugu algoritmoak, eta ez alderantziz.

Dena den, topatu ditugu programatzaile kulpante batzuk. Webgune batek baino gehiagok euskara bigarren aukera bezala besterik eskaintzen ez duela ikusita, programatzaileren baten esku beltza ere antzeman daiteke.

Ikus, gainera:

https://zuzeu.eus/euskara/interneten-lehen-hitza/

Erreferentziak:

[1] https://librezale.eus/wiki/Zergatik_Firefox#Firefox_erabiltzeko_arrazoiak

[2] https://www.lehenhitza.eus/mugikorrak/

[3] https://www.teknopata.eus/2018/05/hurrengo-telefonoa-euskaraz/

[4] https://www.lehenhitza.eus/konfiguratu

[5] http://wikimedia.eus/2022/01/euskarazko-wikipediak-20-urte-euskara-eta-internet-estatistika-baikorrak/

[6] https://www.oecd.org/pisa/PISA%202018%20Insights%20and%20Interpretations%20FINAL%20PDF.pdf PISA 2018 (ikus 6-9 orrialdeak)

[7] https://sustatu.eus/gorkaazkarate/1638367655

[8] https://hezkuntza.librezale.eus/2021/03/01/sistema-eragileen-konparaketa/

[9] https://alexgabi.blogspot.com/p/luberri-deskripzioa.html

[10] https://hezkuntza.librezale.eus/2021/02/09/hezkuntza-alorrean-burujabetza-teknologikoa-aldarrikatzen-eusko-legebiltzarrean/

[11] https://hezkuntza.librezale.eus/2021/12/10/hezkuntza-sistemari-buruzko-hitzarmenaren-oinarriak-zehazteko-ponentzia/

[12] https://hezkuntza.librezale.eus/2022/01/05/iratxe-esnaola-hezkuntza-sistemari-buruzko-hitzarmenaren-digitalizazio-oinarriak-zehazteko-ponentzia/

[13] https://eu.wikipedia.org/wiki/Bilaketa_motor#Web_bilatzaile_batzuk

[14] https://sustatu.eus/1635234064

[15] https://librezale.eus/2017/02/20/anysoft-keyboard-euskaraz-kalean/

[16] https://librezale.eus/wiki/AnysoftKeyboard

[17] Leturia Azkarate, Igor. (2015). (AR) Euskarazko corpus orokorrak osatzeko weba ustiatzen.

[18] Leturia Azkarate, Igor. (2013). «Web-a euskarazko corpus gisa — Unibertsitatea.Net»

[19] Leturia Azkarate, Igor. (2021). https://zientzia.eus/artikuluak/chromeren-nagusitasunkeria-erabatekoa/

Algoritmoek hezten gaituzte? Algoritmoek hezten gaituzte? Algoritmoek hezten gaituzte?

2 pentsamendu “Algoritmoek hezten gaituzte?”-ri buruz

  • Kontxo, lan landua, horratio! Bejondeizula! Nik nire ikasleei telefonoa eta google kontua euskarazten diet. Baina hori egiteak ez du zentzurik, pauta batzuk jarraitzen ez badira (bertako hiztegia landu, bereziki). Horretarako artikulu honetan ariketak daude:
    https://zuzeu.eus/tekno/mugikorra-euskaraz-konfiguratzearen-garrantzia/

    Kasu batzuetan, hala ere, “aplikazio batzuk ingelesez daude” diote eta horregatik gaztelaniara pasatzen dute. Kontzientzia eta ohitura faltaren aurka lan egin behar.

  • Lan ederra, Gorka, eta beharrezkoa! Hauxe konpondu artean zulo baterantz goaz ingurune digitalean. Pertsonek konfig euskaraz jartzea oso ondo dago, baina gai estrategikoa eta kolektiboa da; bitartean puntutxo zuri batzuk gara ES eta FR konfigurazioko masa zuri trinko eta zabal bat duen mapan. Asmatu bai Interneteko eskaintzak zein hizkuntzatan helduko zaizkigun?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude