Alferrikako mina eta eutsi ezina

Alferrikako mina eta eutsi ezina –

Xabier Euzkitzek Noticias de Gipuzkoan.

Xabier Amuritzak alferrikako mina saihesten saiatu zela esan zuen Enaz, banaz liburu ederraren aurkezpenean. Han aipatzen zituen pertsonak Eskiulatik Berangora bitartekoak ziren. Aurpegi bakarreko gizon baten hautu etiko zintzoa izan zen hura, baina baita bizikidetza ez eragozteko bide praktiko eta ulergarria ere. Errazagoa da nazioarteko kirol izarrak edo politikariak larrutzea zure hurrengo saioan gai-jartzaile, antolatzaile edo entzule izango duzuna kritikatzea baino. Are gehiago eremu ideologiko berekoa bada. Neure bizipenei esker dakit behinola gurutze beltza jarri zizunarengandik iruzkin positibo bat entzutea bezain zaila dela estimutan zaituztenen kritikak jasotzea. Lehenbizikoak min egiten du, bigarrenak kalte. Azken egunotako pilota emankizunetan trenputxartuta etxeratu naiz, zenbait euskaldunen arteko erdarazko solasak ilunduta. Mugikorra gori-gori jarri didate erabat dezepzionaturiko hainbat ikusle eta lagunek. Sabinaren Lo niego todo kanta zoragarria etorri zitzaidan gogora: “he defraudado a todos, empezando por mí”. Zenbat jenderi huts egin ote dio gutariko bakoitzak, zenbati nik neuk! Norberak nahi duen hizkuntza erabiltzeko eskubidea du, baina bi aste lehenagoko bideoetan –enpresen joeretan bai, han izan da onerako aldaketa– ahobizi izango zirela esan zigutenak erdaraz entzuteak hainbat zimendu dardarazi ditu. Edonoren hutsak huts, azken partidetako kontuek hainbat jendez oroitzera eraman naute: Almeriako prentsaurrekoan euskaraz hasi zen Gaizka Garitano lagunaz; omenaldian bildutako dirutza Kirolkidea izeneko hiztegia egiteko eman zuen Jose Anjel Iribar handiaz; mundu osoaren begiak so zituztela euskara hautatu izan duten kirolariez (Jon Rahm, Joxe Mari Olazabal, Maialen Chorraut…); Berri Txarrak taldeaz, mundu osoko plazetan euskaraz kantatzen; Jabi Arkarazo eta Katxin Uriarte puntistez, Miamiko pilotalekuan elkarri “itxi!” ohiu egiten…

Alferrikako mina eta eutsi ezina

Ez da une jakin batean tronpatu diren pertsona jakinen gain jarri beharreko zama. Erreferenteak diren hainbat izarrek ez dute izaten beren ereduaren garrantziaren kontzientziarik, baina haien jardunbidearen ongaintzak milaka herritarrengana heltzen dira, tartean haur eta gazteak. Horretan ere eragin beharra dauka Euskaraldiak, horretan ere saiatu beharra dute EJk eta Topaguneak. Ez dago beharleku makala…

 

Alferrikako mina eta eutsi ezina

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.