Alea jacta est

Wikipediak 15 urte egin dituela gogorarazi zigun atzo bertan Galder Gonzalezek Zuzeun. “Entziklopedia aske bat. Ezagutza librea, ez besterik.” Eskerrak horrelako tresnak dauzkagun eskura eta euskaraz. Aski ezaguna egin arren ez nekien esanahi zehatza, eta bertan topatu dut zer demonio esan nahi duen alea jacta est esaldiak.

Alea jacta est: latinezko esaera da eta euskaraz literalki dadoa botata dago esan nahi du. Halere, zortea botata dago esamoldeaz ere itzultzen da. Patua edo gertatu beharreko zeozer aldagaitza edo atzeraezina denean erabili ohi da, sarritan arrisku edo erronka bat.”

Alea jacta estArabak euskarazko hedabide bakarra dauka, Alea; eta dagoenekoz, jacta est. Duela urtebete bota zuten dadoa, eta aldagaitza zein atzeraezina den patua iritsi zaie: paperetik sarera jauzi egitea, bakoitzean hanka bat mantenduta. Erronka latza.

Azken hamabi hilabeteetan 1800 laguni helarazi die aldizkaria euren etxeetara, eta uhinak astintzen jarraituko dute Alea FM irratsaioarekin. Aiaraldea, Añana, Arabar Errioxa (noski), Gasteiz, Gorbeialdea, Lautada eta Trebiñu. Kuadrilla guztietako albisteak euskaraz irakurri ahalko ditugu sarean, webgune zinez txukun batean, gainera.

Aleak eman duen jauzia asko zabaldu da sarean. Sustatuk adierazitakoaren arabera, twiterren komentatuenetako bat izan zen atzoko egunean.

Alea jacta estEuskarak baditu makina bat erronka Araban, Euskal Herri osoan dauzkan bezala, baina geroz eta oinarri sendoagoa ere badu. Alea horren ondorio izan daitekeen bezala, etorkizunerako akuilu izaten ere jarraituko du. Euskarak Arabako gune batzuetan bizi duen egoera azaldu izan dute Tribuaren Berbak saioan; esaterako, euskaldunak Gasteizen, edota La puebla de Labarcako euskaldun zaharrarena.

Ez dakit hanka sartzen ari naizen, baina “Araba, zazpigarren alaba” entzuten dudanean zerbaitek min egiten dit belarrian, eta ez dut inondik inora idatzi zuena auzitan jarri nahi, irakurketa subjektibo bat besterik ez da, irudipen soila eta ez iritzi irmoa. Ahizpa zaharrago batek gazteari sorbaldaren gainetik abestutako zerbait bezala interpretatzen dut, egia den arren abestian ez dela baieztapena egiten, galdera baizik. Oso eztabaida eraikitzailea litzateke zazpi herrialdeak adinaren arabera ordenatzea, seguru. Kontsentsu handi xamarra lortuko genuen hasieran, ziurrenik, “Nafarroa zazpietan lehena“, baina hortik aurrera belarrondoko probintzialistak hasiko lirateke. Bizkaia bigarren semea, edo Gipuzkoa bigarren alaba, edo Nafarroarena ez dago batere garbi eta Zuberoak izan behar du premu.

Dena dela, Araban lan bikaina egiten dabiltzala begi bistakoa da, eta aurrerantzean egingo dutena jarraitzeko Twiterren aurkitu duzue Alea, baita web-orrian ere; eta nahi duenak paperean, noski.

Animo eta segi lanean; ALEA jacta est.

ALEA, araba, euskara, ordoki, zuhaitz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude