Agiriek itsu

Agiriek itsu –

Aurreko astean, ikasle batek: “Agiriekin kontua da porrotak motibazioan eragina izan dezakeela”. Eta, nik, zalantza izpirik gabe, hala dela, hizpidean zegoela. Hara non sasielkarrizketa hori gogora etorri zaidan gaurkoan nire koadrilako bi lagun burugalduk HABEko azterketak izan dituztelako. Eta, nola ez, bada, sasisolasaldi hura gogoratzeak gogoeta ekarri du.

Azken batean, nire ikasleren batek emaitza jakin bat ez lortzean zer eta egindako bidea nabarmentzen saiatzen naiz. Normalean, lortutako emaitza egindako lanaren isla da, eta, nire uste apalean, hor dago arazoa: egindako lanaren inguruan hausnartu ez eta emaitzarekin itsutzea ohikoegia da.

Eta, egia da, askotan, ispilutzat darabiltzagun azterketa horiek ez dira beira garbizko islatzaile finak. Hori, gainera, are nabarmenagoa da nire lagun pitoburuek —horixe da gure elkar maitatzeko era— egindako azterketen parekoetan: idazmen-azterketa batean gaizki-ulerturen bat izan dezakezu egitekoarekin, egun txarra izan dezakezu edota, besterik gabe, frogan trakets aritu. Baina nik ez dut uste hori ohikoena denik, eskuarki, ispilu horietan egindako bidea nahiko ondo adierazi ohi delako. Niri hasierako elkarrizketa gogoratzeak gogoeta ekarri dit burura. Bada, berdina gertatu beharko litzateke azterketetako jardunarekin. Baina ez da hala: emaitzek itsutzen gaituzte.

Eta orain esango dudanarekin ez dakit, bada, nik, ea gaiari behar ez duen sakontasun lohitsua emango diodan, baina, tira, emaitzekin itsutzea normala dela esango nuke. Azken buruan, gizarteak euskara erremintatzat du. Euskara lanabes hustzat dute “Lanean X lortzeko ondo datorkidalako”. Jakina, ia ez dago benetako barne-motibaziorik; ez daukat euskara nahi duelako ikasten duela dioen jendearen aipu askorik.

Nik euskararen erabileraren aferari egozten diot pentsaera hori. Euskara gehiago erabiliko bagenu, hizkuntzarekiko motibazioa aldatuko litzateke, eta, akaso, ikasleak emaitzekin hainbeste tematu ez eta egindako bidea harrotasunez ikusiko lukete —ez nazazue gaizki ulertu, emaitzak garrantzitsuak dira, baina badute gehiago haratago—. Eta, alajaina! Ahaztuta nuen: hasierako esaldia zioen ikasleari ez amore emateko ere esan nion. Eta klase bakoitzean ikasleei euskararekiko maitasuna transmititzen saiatzen natzaie. Badakit hori gizartetik etorri beharko litzaiekeela, baina ikasleak motibazio instrumentaletik aldendu baditzaket, ondo baino hobeto.

Agiriek itsu

Euskara ikasi / Aprender euskera