Adostasun sozial eta politikoak eraikitzeko ordua heldu da

Adostasun sozial eta politikoak eraikitzeko ordua heldu da –

Hizkuntza-politiketan adostasun sozial eta politikoak eraikitzeko eta konpromisoak hartzeko ordua heldu dela adierazi du Kontseiluak.

Herri-gogoa azpimarratu arren, euskalgintzaren zein euskararen aldeko hizkuntza-politiken egoera kezkagarria agerian utzi du irakurketak.

«Aurretik ditugun erronkei indarberrituta heltzeko», izen eta irudi berria aurkeztu ditu Kontseiluak.

Joxe Mari Auzmendi eta Joan Mari Torrealdai gogoan izan dituzte ekitaldian.

Donostiako Aquariumean egin da gaur goizean Kontseiluaren Urteko Irakurketa ekitaldia. Bertaratu diren hainbat erakunde, eragile eta bazkideren aurrean, 2020an euskalgintzak eta hizkuntzapolitikek eman dutena izan du aztergai Euskalgintzaren Kontseiluak. COVID-19aren pandemiak utzi dituen albo-kalteak izan dira hizpide nagusi, eta irakurketak agerian utzi du egoeraren larritasuna. Herritar guztiei euskararen erabilera erosoa bermatzea eta euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa helburu, hizkuntza-politiketan adostasun sozial eta politikoak eraikitzeko eta konpromisoak hartzeko ordua heldu dela adierazi du Kontseiluak. Hori bideratuko duen dinamika abian jarriko du datozen asteetan.

Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak argi adierazi du: «Pandemiak zerbait erakutsi badigu, euskalgintza zaurgarria dela izan da». «Lehengo premiak biderkatu besterik ez dira egin, eta hizkuntza-politiken mugak begi bistan geratu dira». Gizartearen erdigunean ez dauden beste hainbat eragile eta komunitateri gertatu bezala, bazterrean gelditu da euskara, eta etorkizun hurbilari begira, batasuna ezinbesteko osagaia dela azaldu du: «Elkartu ezean, jai daukagu».

Hori da, hain zuzen, Euskalgintzaren Kontseiluak eta berau osatzen duten bazkideek proposatu duten bide orria. Erantzukizun partekatua oinarri, erakunde, eragile eta norbanakoei atxikimendutik konpromisoetara jauzia emateko deia egin diete, «gizarte kohesioa bermatzeko eta euskararen aldeko oinarri sendoagoa osatzeko». Testuinguruak eskatutako beharretara egokituta, gogoetak bultzatzea eta adostasunak bilatzea jarri dute jomugan, bi helburu argirekin: «Euskararen erabilera erosoa herritar guztiei bermatzea, eta, era berean, euskararen ezagutza unibertsalizatzeko beharrezko neurriak hartzea».

Pandemiaren ertzak

Anabel Arraizek aurkeztuta, ia ordubeteko ekitaldia izan da Aquariumeko areto nagusian egindakoa, eta gogoeta elkarbanatuaren garrantzia azpimarratu nahi izan du: «Beharrezkoa dugu elkartzea, bizipenak eta arazoak konpartitzea, eztabaidatzea, elkarrekin jarduteko gogoa kutsatzea…». Pandemiak utzitako albo-kalteak izan dira ekitaldian hizpide nagusi, eta euskalgintzaren zein hizkuntza-politiken errealitatearen ertz ezberdinak ezagutu eta horien inguruan hausnartzeko parada izan dute bertaratutakoek.

Pandemiak bistaratutako eta utzitako egoera «kezkagarria» salatu dute irakurketan parte hartu duten Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak eta Bertsozale Elkarteko koordinatzaile Jon Agirresarobek. Gaubekak hizkuntza-eskubide urraketak ekarri ditu gogora: «Behin eta berriro zapaldu dituzte pandemia garaian euskal hiztunon hizkuntza-eskubideak, eta herritarren ongizatean eragin zuzena izan du». Adierazgarria da, bederen, datuen gorakada. Kulturgintzaren zein bertsogintzaren goera larria salatzeko hartu dio lekukoa Agirresarobek, eta gogoetarako esaldia utzi du: «Bertsolaritzaren geroa euskararenari loturik doa, eta euskararen biziberritzea, hein handian, euskarazko kulturari». Bide horretatik, eta erakundeei kulturgintzak duen laguntza beharra azpimarratzeaz gain, aurrera begirako desioa plazaratu du: «Gaurkoa bezalako gogoetak ez daitezen bakarkakoak eta hiru minutukoak izan, egituratu behar da gune bat, kultura euskaraz pentsatzen ari garenok estrategiak konpartitzeko».

Kulturgintzaz harago, Paul Bilbaok Kontseiluko idazkari nagusiak gogoan izan ditu aurtengo urtean bertan behera gelditu diren beste hainbat ekimen. Hala ere, eta iluntasunean ikusi izan ahal diren argi printzei erreparatuta, komunitateak testuinguru honetan jokatu duen paperari garrantzia eman nahi izan dio Bilbaok, «herri-gogoa eta ekina egon badagoela garbi geratu baita». Ekimen horien baitan, Euskaraldia. Arrate Illaro koordinatzaileak hartu du hitza: «Euskaraldiak euskaraz bizitzeko herri gogoa utzi du agerian, ariketa egin duten herritarren aldetik, baina baita ekimena bideratu duten herri batzordeetako kideen aldetik ere; pandemiak baldintzatutako ariketa soziala izan den arren, balio izan du inertziak batzuk astintzen jarraitzeko eta euskara hedabideen zein herritarren agendara ekartzeko».

Adostasun sozial eta politikoak eraikitzeko ordua heldu da

«Guretik» urratsak egitea

2020an, baina, izan dira COVID-19az haragoko erabakirik, nola nazioartean, hala gertuago ere. «Nazio Batuen Erakundeak egindako gomendioei entzungor egitea gutxi ez, eta epaitegietan hizkuntza gutxituen aurkako esku-hartze politikak ikusi ditugu baita aurtengoan ere», adierazi du Bilbaok. Horren adibide dira Lasarte-Oriako kasua edo Nafarroako lan-deialdiekin gertatzen ari dena.

Izan dira, halaber, ekimen «interesgarri» batzuk. LOMLOE hezkuntza-legea, Espainiako hamar alderdik hizkuntza aniztasuna onartu eta bermeak jartzeko aurkeztu duten lege-proposamena, Jaurlaritzak Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana bultzatu izana edo Iparraldeko eragileen sostenguari esker, Hiriburuko eskolan murgiltze-ereduari Frantziako Gobernuak ezarritako debekua bertan behera geratu izana, besteak beste.

Baita, nola ez, euskalgintzatik zein hainbat eragilerekin elkarlanean euskararen normalizazio prozesuan eragiten jarraitzeko osatutako proiektu eta proposamenak ere. Besteak beste, Geroa Euskaratik adierazpenean pandemiak utzitako albo-kalteak goxatzeko urgentziazko neurriak aldarrikatu zituen Kontseiluak eta berau osatzen duten bazkideek, eta elkarlanean 50 langiletik gorako enpresetan euskara planak negoziatu daitezela proposatu zuten ELAk, LABek eta Kontseiluak.

Bide horretatik, «guretik» urratsak egitean jarri nahi izan du Bilbaok azpimarra: «Inoiz baino garrantzitsuagoa da elkartzea, eta guretik urratsak egitea: herritarrak aktiboki jardun behar dute, eta euskalgintzako eragileok adostasunak lortu eta agerian geratu diren gabezia eta erronkei aurre egiteko neurriak hartu behar ditugu. Neurriak behar ditugu, orain».

Izen eta irudi berria

Gaurko ekitaldiak ere balio izan du Kontseiluak denbora luzez eta mimoz landu duen beste alor bat argitaratzeko: izen eta irudi berria. «Guztion plaza eta topaleku izateko nahiari heltzen dio izen aldaketak, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua izatetik Euskalgintzaren Kontseilua izaterako jauziak, hain zuzen», adierazi du Bilbaok. Bide beretik, irudia ere eguneratu du Kontseiluak, eta «argia, sotila, eguneratua eta egungo euskarrietarako egokitua» dagoen irudia osatu dute. Horretan hasiak diren arren, datozen egunetan egikarituko dituzte euskarri guztien moldaketak, eta lehena, jada, abian da: webgune berritua. «Gure eguneroko jardunean bezala, marka ikuspegitik ere bizi dugun garai berrietara egokitzeko urratsa eman dugu. Zailtasunak zailtasun, aurretik ditugun erronkei heltzeko indarberrituta gatoz», borobildu du Kontseiluko eledunak.

Auzmendi eta Torrealdai gogoan

Hausnarketa, eztabaida eta proposamenen erdian izan da omenaldirako tarterik. «Kontseiluaren oso gertuko bi kidek utzi gaituzte aurten», gogoratu du Paul Bilbaok; Joxe Mari Auzmendik eta Joan Mari Torrealdaik, hain zuzen. «Ederki asko dakigu zenbat lan egin, eta zenbat zor dien euskalgintzak. Horregatik, omenaldirik onena eurek egindako lanari jarraipena ematea dela uste dugu: euskararen alde, eta euskara ardatz hartuta».

Adostasun sozial eta politikoak eraikitzeko ordua heldu da

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.