Aditzaile maiteon negarrak

Aditzaile maiteon negarrak – 

Badira honezkero hiru aste berri zorigaiztokoak bihotza hertsitu zigula.

Asko ginen Iñaki Segurola hurretik ezagutu ez arren urrunetik miresten genuenak. Entzule ugari, berak ezagutzen ez zituenak. Izenbako belarri horiendako, hainbeste urtean bi-hiru asterik behin haren ahotsa entzutera ohitu garenondako, bere hilberria sekulako jipoia izan zen.

Segur naiz anitz direla oraino shock egoeratik urten ez direnak, batez ere Uztarrian irakurri genuena irakurri eta gero. Aditzaile maiteok hain hurreko sentitu dugun norbait horrela imaginatzea, hain apurtuta bukatu duela jakitea, oso latza da. Hainbat gaiztoago, bere oinazeen berri ez genekielako.

Zenbat ordu pasa ote ditugun batzuek Iñakiren esanak entzuten. Kontaezinak dira Azkoitiako euskalzulo horretatik edota Mandoerrekako bere aldaretik eskaini dizkigun une eta ateraldiak. Batzuen batzuk baino gehiago izango ginen Hankak Lurrin usu boligrafo eta guzti entzuten genuenak, barre algara artean Iñakiren jenialitateak apuntatzeko.

Kilometro erditik usna zitekeen haren euskara maila estratosferikoa. Hiztegiko 146.000 sarrerak –gehi oraino sarturik ez daudenak, gehi berak asmatzen zituenak– garunari loturik zeroatzala zirudien. Hainbeste, non euskarak gainezka egiten zion. Ez zen alferrik ibili ez horrenbeste urtean Orotariko Euskal Hiztegian eta Euskal Hiztegi Historiko Etimologikoan lanean. Hauek ikuskatzeko ohitura duen orok badaki zelakoa den proiektuok atzean duten lan eskerga, bai eta zein den euron atzean dagoen jendearen maila. EHHEko zuzendariak berak Iñakiri egindako agurrean aitortzen duenez: «… Euskararen Hiztegi Historiko Etimologikoaren egitasmoa eta hurrengo urtean abian jartzeko bi teknikari esleituak ziren. Bata nekez izan zitekeen inor Iñakiz besterik». Gehiago gehitu beharrik ez dago.

Baina ez zen euskararen gaineko gaitzeko jakintza Iñakiren bereizgarri bakarra, agian ezta garrantzitsuena ere. Hizkuntzarekin jolasteko, sortzeko eta transmititzeko gaitasunean ez zen existitzen ha baino hoberik. Ez zen gaina hartuko zionik, ezta hurreratzen zitzaionik ere —ezta antzik ere ez!—, eta hau edozein jakintza huts eta hotz baino askozaz aberasgarriago da, batez ere bizi garen ainube linguistiko honetan. Euskaldungoa noraezean dabilen garaiotan, euskaldun gehienok hizkuntzaren baitan ezer sortzeko gai ez garen garaiotan (“extinct” eztabaida gogoan), edo are euskarak estatistika goxotuen estalpean zelabait biziraun eta apurka-apurka bizi-hizkuntza natural izatetik hizkuntza liturgiko izatera igarotzen dabilen garaiotan, Iñakiren mikrofonoa hauspo eta esperantza zen. Gaurko euskara zuztarbako eta idortuaren itsasoan esperantza tanta handi bat.

Direnak eta ez direnak zerabiltzan ahotan. Haren berba-jolas, itzulipurdi linguistiko eta orotariko burutaldiek hizkuntzaren gorena jotzen zuten bere izkribu eta irratsaioetan. Argota hutsetik sortzeko zeukan gaitasuna ia sinestezina zen. Egia esan, mingain horren jenio-jarioa deskribatzea ez da batere samurra. Ezin hobeto ezagutzen zituen euskararen sekretuak, euskarak barruan duen gaia, eta gai horrez gauzatzen zuen bere asmoa, zertzen bere lana. Zezakeen guztia ematen zuen hizkuntza bizitzeko eta bizkortzeko, sendotzeko eta sendatzeko. Igarri egiten zen euskara zuela bizi eta arnas, xede eta sufrikario, egunoroko gogai. Kostako zaie geure belarri umezurtzei horrelako beste norbaitekin tril egitea.

Geure samina aringarri gerta dakiela Iñaki maite zuten guztiei, apur bat bada ere. Jakin bezate bere oihartzuna geure inspirazio eta bultzagai bihurtuko dela, e-gogoen iratzartzea berak utzitako hutsunearen betegarri izan dadin.

Iñaki, zeure aditzaile eta irakurle maiteok ez zaitugu ahaztuko.

Aditzaile maiteon negarrak