Abenduaren 6an Euskararen Errepublika

Abenduaren 6an Euskararen Errepublika –

Abenduaren 6a espainiar estatuaren konstituzioa bozkatu zeneko eguna da, jakina denez. Hamaika auzi arautzen du konstituzio horrek, baina hizkuntzei dagokienean, hitz bakar batek “deber” aski da mendetako zapalkuntzari eutsi eta etorkizunean iraunarazi nahi izateko. “El castellano es la lengua española oficial del Estado. Todos los españoles tienen el deber de conocerla y el derecho a usarla”. Eta kito! Erabiltzeko eskubidea, baina ezagutza derrigorrezkoa. Esaldi hori ez da hitz hutsak, dena eusten duten orrietan idatzitako letra multzoa. Esaldi horren filosofiak blaitu du azken mende erdian espainiar estatuak sortutako gorputz juridiko guztia, instituzio guztien hizkuntza-politika, epaitegien epaiak, eta, eragile politiko zein bestelako gehienen hizkuntza-praktika. Armadura horrek guztiak tinko eutsi dio espainieraren nagusigoari eta, horren kaltetan, euskararen (eta estatuko gainontzeko hizkuntza gutxituen) mendekotasunari. Hori ere lotuta eta ondo lotuta utzi zen.

Abenduaren 6an Euskararen Errepublika

Esaldi horren ondorenean, konstituzioan estatuaren mendean dauden gainontzeko hizkuntzak aintzat hartzen dira baina espainiar hizkuntzak (omen) diren heinean. Berdin dio “Espainia” kontzeptua bera sortu aurretik hemen jada euskaraz hitz egin izana. Konstituzioak espainiartasunaren zakuan sartzen du gure hizkuntza eta horren bidez soilik onartzen zaizkigu eskubide batzuk (euskara erabili ahal izateko aukera sabai jarrita). Estatuko botereek eskuzabalki eskaintzen dizkiguten dohaintza gisa ulertzen dituzte eskubide horiek, ondorioz, espainieraren lehentasun estatusari subordinaturik diren eskubideak.

Antzeko hausnarketa egin genezake Frantziar Estatuko konstituzioan esaten denaz: “La langue de la République est le français”. Eta kito! Beherago adierazten da: “Les langues régionales appartiennent au patrimoine de la France”. Frantziaren osagai apaingarri  bitxi izango balira bezala; ez jatorrizko herrien berezko hizkuntzak.

Biek ala biek sentimendu eta jarduera inperialista eta kolonialista berdina. Biak ala biak mendean dituzten herri eta hizkuntzak desager arazteko mendez mendeko supremazismo erreforma ezinean.

Abenduaren 6an Euskararen ErrepublikaEspainiar eta frantziar estatuen jazarpen linguizida horrek XX. mendean euskara ia desagertzeko zorira eraman eta gero, azken mende erdian euskaltzaleok egindako izugarrizko ahaleginari esker euskara galzoritik ateratzea lortu dugu eta ostutako lurraldeak eta funtzioak neurri batean berreskuratu ditugu. Baina euskarak ez du etorkizuna ziurtaturik inola ere ez. Ez etorkizuna ezta orainaldia ere, euskara ez baitago normalizaturik eta euskaldunok ezin baikara osoki euskaraz bizi.

EHEren ustez egungo hizkuntza-politikek eta marko juridikoek eman behar zutena eman dute eta bestelako marko juridiko batera jauzi egiteko unea dugu. Zerumugan azaltzen ari diren erronka eta mehatxuei gutxieneko bermeekin aurre egin ahal izateko eta estatuen etengabeko inposizio linguistikotik euskaldunak babesteko ezkutua eraikitzeko, ezinbesteko baldintza burujabetza osoa eskuratzea dela uste du EHEk. Hau da, inolako kanpo-eskuhartzerik gabe soilik Euskal Herrian erabaki behar dugula zein nolako hizkuntza-politika garatu nahi dugun berton. Horretarako, Euskararen Errepublika independentea eskuratu behar dugu ezinbestean. Soilik horrela lortuko dugu Euskal Herri euskalduna berreraikitzea.

Urtez urte abertzaleok adierazi dugu abenduaren 6a bezalako egunetan ez dugula ezer ospatzeko. Alderantziz, egun horiek mobilizatzeko egunak izan dira, gure eskubideak aldarrikatzeko eguna. Horretarako gonbidapena luzatzen dizue Euskal Herrian Euskarazek abertzale eta orohar euskaltzaleei urte honetan ere. Abenduaren 6an Durangoko kaleak bete behar ditugu, euskalduna, askea eta berdinzalea izango den Euskararen Errepublika aldarrikatzeko.

Koldo Zarate eta Urko Aierbe

Euskal Herrian Euskarazeko kideak

Abenduaren 6an Euskararen Errepublika Abenduaren 6an Euskararen Errepublika

Euskal Herrian Euskaraz (EHE), herri mugimenduko eragile euskaltzalea gara #MugarikGabekoEuskara

Zer duzu buruan “Abenduaren 6an Euskararen Errepublika”-ri buruz

  • josu naberan 2021-11-16 17:18

    ondo manifestazioa! Haboro ekimenak!!

    bi proposamen:
    1) Euskal Kulturgintza-2022.
    Aspaldi nabil hori proposatzen, euskaldunek beren hizkuntza erabili dezaten´, batez ere gazteek, hizkuntza horrek erakarri beharko baititu berandu baino lehen, eta euskerak ditzaten, kulturaz txertatu eta jantzi behar dute, gurean daukagun altxor monumentalaz jabe daitezen.
    Baina horretarako “urjentziazko interbentzio bat” behar da egin. Eta 1022an abiatuta; eta aspaldi agortuta dagoen Goiari
    begira egon gabe hasita, behetik gora hainbat ariñen hasita. Hirurogeiko hamarkadan egin zen moduko Kulturgintza mobida bat abian jarri… Zehaztasun gehiagorako, ikus nire proposamena zehatz-mehatza (“Erraldoia oinutsik”).
    Beste proposamen zehatz bat balego hobe; eta Durangoko manifan aurkeztuko bazetute, askoz hobeto. Esan nahi baita, lanturu eta manifa hutsetaz harago joan beharra dagoela.

    2) EUSKERA “GIZADIAREN oNDARE” IZENDATZEA.
    Horretarako jendearen babesa bildu behar. Beraz, kanpokoena lehenik eta behin, Iberia osoko kultura arlokoena, zeren euskera eta iberiera ahizpa bikiak izan baitziren. Hura euskeratik desifratu nahian dabilen jendearekin hasita, adibidez. Eta hantxe Ameriketako Euskal Etxeak ere. Hemengoei begira egon barik (hemengo goi-jendea, kolonizatzaile ez direnak, lo-kuluxkan baitaude), bapateko maniobra egin behar genukea. Bizkorra. Beharbada behekoak hasten bagara, eskaera-txosten bat luzatzen badiogu ONUri…. hemengoek ere mugitu beharko dute.
    Eta euskera Gizadiaren Ondare izendatzen badute, nazioarteko jendeak errespetu gehio izanen digute, agian. Eta, agian, Nature Science eta abarrek, “Europaren Jatorriaz” idazten duten hurrengoan,
    euskerarekin gogortuko dira, eta ez dute esanen, agian, Europaren jatorrian hizkuntza indoeuropeoak izan zirela. Eta ETBk agian ez dio utziko bozgorailua Santanaren aurrekontu miliardoari bere arte ederrarekin gezurretan ihardun dadin, berriro ere, berrikitan, euren maisu den Martin Almagro-Gorbea nazionalista hispanoaren eta euskafoboaren gezurrak zabaldu ditzan, doan, euskeraren kaltetan ETBtik, eta abar eta abar