40 urte eta gero, hau: Euskal telebistatik, Erdal telebistara!

40 urte eta gero, hau: Euskal telebistatik, Erdal telebistara! –

Euskal Telebista 1982an eratu zen, Gernikako Estatutuaren itzalean.

40 urte eta gero, hau:  Euskal telebistatik, Erdal telebistara!

Hiru eginkizun bete behar zituela jaso zen sorrerako legean: herritarrei informaziorako eta parte-hartze politikorako baliabide bat eskaintzea; bertoko hezkuntza-sistemarekin lankidetzan jardutea, eta euskara eta euskal kultura sustatzea eta zabaltzea. Artean Carlos Garaikoetxea zen Lehendakaria.

40 urte geroago, orduko asmoak lausotu ez eze, itzulikatu ere egin dira, zoritxarrez. Hezkuntza sistema erdi-propioarekiko lankidetza ez da inondik ageri, eta euskara sustatu ordez, gaztelera sustatzeko ahalegin betean dihardu EiTBk. Erdarazko kateetan jartzen dute indarra zuzendaritzak (eta Jaurlaritzak), euskarazko kateak bigarren mailan edo zuzenean bazterrera utzita.

Hondamendia agerikoagoa da ETB1en. Urte luzeak dira ez duela ikusleen % 2ko langa atzean uzten, eta batez besteko hori saio oso jakinei esker lortzen du, gainera. Saio duin bakanen ondoan, betegarria  eta errepikapenen errepikak dira nagusi, saio iraingarriak ez direnean (Mariachiak, bilbainadak etab. españolez, besteak beste), maila eta modalitate guztietako pilota, laugarren mailako futbola… Edonor “erakartzeko” moduko programazioa alegia. Lerrook idatzi bitartean,Sanferminetako su artifizialak, eta “sabor navarro”, españolezko jota saioa eskaini digute EiTBko arduradunek.

Erdal kateak euskal kateekiko lehiakide desleial bihurtu ditu EiTBk
ETB2ren ikusleria % 9 ingurukoa da eta bere programazio osoa gaztelera hutsezkoa. Josu Amezaga irakaslearen esanetan, ETB2 ikusten dutenen % 72 (14 urtez beherakoak kontuan hartu gabe)  edota “El conquis” saioaren ikusleen % 80 euskara ulertzeko gai izan arren. “El conquis” behin eta berriz sustatzen da euskarazko kateetan (Gaztea-irratian tarte finkoa dauka), ikus-entzule euskaldunak ETB2 kontsumitzera bultzatuz, erdarazko telebista areago indartu eta euskarazkoa bazterrera utzita. Ez da istripu bat, EAJ-PSE gobernuaren hizkuntz politikaren isla baizik.

EiTBk euskaldunak gutxiesten ditu. ETB1 eta ETB2ko programazioak alderatuz gero (irratienak ere bai), argi ikusten da EiTBk erdaldunak lehenesten dituela, horrek dakartzan ondorio guztiekin: erdaraz elikatzen gara, euskaraz elikatu ordez; gutxietsiak gara hiztun komunitate eta herri gisa, kalitatea eta gozamena erdararekin baina arrunkeria eta txokokeria euskararekin lotuarazten digute agintariek… Normalizazioa bainoago, euskararen ordezkapena da EiTBk sustatzen duena, gaur gaurkoz.

EiTBko arduradunen jarreraz
Bingen Zupiria da Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua. Publikoki adierazi izan du “bera ez dela EiTBren arduraduna”, ez dakiela EiTBko zuzendari orokorrak “euskaraz maila nahikoa ba ote duen”, edota “EiTB ez zela sortu euskararen normalizazioa sustatzeko”.
Andoni Aldekoak, EiTBko Zuzendari Orokorrak, ez du euskara menperatzen. Bururatzen zaio inori RTVEk, A3-ek, Tele5-k… gaztelera menperatzen ez duen Zuzendari Orokor bat izatea?
Unai Iparragirrek, ETBko zuzendariak, honakoak adierazi zituen ardura hartu berritan:
“Ikusle datu aldetik ETB1 (% 2) eta ETB2 (% 9) nahiko ongi daude”,  edota “Gustatuko litzaidake, hizkuntza zein den ere, ETB, euskarazko, gaztelerazko eta ingelesezko ekoizpenik onenen konbinazioa bilakatzea”.
Hirukote horren esku dago egun EiTBren etorkizuna neurri handi batean, EAJren erabakiz.

Euskal Herriko ikusleriaren % 98 inguruk erdaraz ikusi ohi du telebista. Egunean hiru ordu t’erdiz batez beste. Ikaratzekoa da. Bestalde, ezin ditugu aipatu gabe utzi plataformen eta mugikor bidezko bestelako edukien kontsumoaren datu beldurgarriak: euskarak ia ez du presentziarik gazteen artean arrakasta gehien duten hedabide horietan, baina oraindik ere, Eusko Jaurlaritzak ez du ekimenik abiarazi, adin guztietan aisialdi-denboraren tarte gero eta handiagoa hartzen duten eremu horietan. Pantailak eta uhinak euskaraz behar ditugu, askotarikoak eta kalitatezkoak, arlo digitala eta bestelakoak ahaztu barik.

Normalizaziorako ardatz baino gehiago, egiturazko arazo bihurtu da EiTB euskararentzat. Eragile euskaltzale eta abertzaleek ez dute ezer esateko?

Oso bestelako hizkuntz politika bati ekin beharra dago. Euskaldunok aintzat hartuko gaituzten agintariak eta arduradunak behar ditugu, premiaz.

40 urte eta gero, hau:  Euskal telebistatik, Erdal telebistara! 40 urte eta gero, hau:  Euskal telebistatik, Erdal telebistara! 40 urte eta gero, hau:  Euskal telebistatik, Erdal telebistara!

8 pentsamendu “40 urte eta gero, hau: Euskal telebistatik, Erdal telebistara!”-ri buruz

  • Datuak negargarriak dira, ezin okerragoak. Ia inork ez du ETB1 ikusten, Jaurlaritzak eta EiTBk hiltzen utzi dutelako. Oso larria da, ondorioak arlo guztietan ageri direlako. Nola euskaldunduko ditugu belaunaldi berriak, egunero bost / hamar orduz erdarazko produktuak kontsumitzen badituzte? Ez dago eskola-murgiltzerik erdalduntze intentsibo horri aurre egingo dionik!

  • Inork uste ote du, hizkuntz politika honekin euskara berreskuratu daitekeela, EAEn baino ez bada ere?

  • Haurrek eta gazteek, helduek ere gero eta gehiago, orduak eta orduak ematen dituzte erdaraz gustuko dituzten jardueretan zeharo murgilduta.
    Euskarazko “murgiltzea” D ereduan eta oro har euskarazko ikasketetan jasotako eskoletara mugatzen da, lanari, eginbeharrari eta gainditu beharrari lotuta. Oso bizipen ezberdinak jasotzen dituzte euskaraz izan ala erdaraz izan.
    Erdara plazerrarekin, aukerarekin, eraginkortasunarekin, edota boterearekin lotzen badituzte, baina euskara betebeharrarekin, bahi eta ezinarekin, menpekotasunarekin… Ez dago ministro izan beharrik hizkunta baten eta bestearen patuak zein izango diren asmatzeko (Eusko Jaurlaritza eta enparauak, lagun).

  • juan inazio hartsuaga 2022-07-19 17:31

    ETB, Euskal TeleBista zela uste eta Erdararen Troiako Behorra izan!

  • Berriatik:
    Azken hilabeteetan, %0,1eko edo %0,2ko ikusle kuota izan ohi du ETB3-k batez beste Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Oso urrun dago gaztelaniazko haurrentzako kateen datuetatik.
    Etorkizunean zer urrats egin pentsatzen ari direla azaldu du Iparragirrek: «Haurrak egun ez daude telebista linealean. Youtube eta gainontzeko esparru digitaletan daude. Horrenbestez, haurrentzako gure estrategia berreraikitzen ari gara».
    Hori da maila…
    Eta edukiak hobetzean ez zarete pentsatzen ari, Iparragirre jauna?

  • EiTB da, EAJri euskara eta euskaldunak noraino ardura zaizkion jakiteko neurgailu aparta.
    EiTBren bilakaera erdaltzaleari ematen dioten erantzun eskaxak ere, ondo islatzen du EHBildu eta beste eragile batzuk noraino arduratzen diren.

  • Ni EiTB ez dut batere ikus-entzuten, 11 telebistarekin gusturago ta gertuago sentizen naiz, naiz irratiarekin ere berdin gertatzen zait, EITB niretzako aspaldi desagertu zan, ez dudalako behar, etb2 ko beste edozein eduki espainiar medioetan ikus dezaket berdin berdin ta EiTBko beste kate errepikakorrak ez naute erakartzen, aspaldi ezabatu ditut EITBko kateak nire smart tv-an, atseginagoa da kateak aurkitzerako orduan.

  • 11 telebista eta Naiz irratia besterik ez duzu ikusi-entzuten beraz?