266.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuta gogoratu du UEMAk mankomunitatearen 30 urteko ibilbidea

266.000 biztanleko lurgune euskalduna-

  • Larunbat goizean batzar nagusia egin zuten udalerri euskaldunetako ehun bat alkatek eta zinegotzik Amasa-Villabonan, eta bi udal berri onartu zituzten UEMAn: Amasa-Villabona eta Zizurkil. Horiekin, 90 udal dira dagoeneko UEMAko kide.
  • UEMAren 30 urteko ibilbidea eta lana gogoratzeko ekitaldi instituzionala egin zuten ondoren, eta bertan izan ziren euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkari ugari.
  • UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok nabarmendu zuenez, “erdaren erauntsiari aurre egiteko, euskararen ekosistema osoa elikatuko duen egiturazko neurri sendoak behar ditu euskarak, urte askoan egin dugun bidea eta lana benetan loratu dadin”.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ohiko batzar nagusia egin zuen larunbatean Amasa-Villabonan, eta bertako udalak eta Zizurkilgoak mankomunitatera gehitzeko egindako eskaerak onartu zituzten batzarkideek. Horrela, 90 udal izatera heldu zen UEMA. Inoiz baino udal gehiago dira UEMAko kide, eta guztien artean 266.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.

UEMAko kide diren bi udal berrietako alkateek hitza hartu zuten batzarraren amaieran, eta hitzekin jolasean, herritarren eta UEMAren ekarpena eskertu ostean, Amasa-Villabona eta Zizurkil euskarak batzen dituela nabarmendu zuten. Horrela, urrats berriarekin “gure ametsak egi bilakatzeko bidean jarriko gara. Arnasgune izaten jarraitu nahi dugu”, adierazi zuten, Pedro Mari Otañoren Amets bat bertso sortako bertso batekin amaituz.

[Beatriz Unzue eta Iker Urruzola alkateen hitzartzea, osorik, PDFan].

1991ko maiatzean sortu zen UEMA, hainbat udalek Aizarnazabalgo Udalerri Euskaldunen Egunaren baitan egindako batzarraren ostean. Larunbatean, 30 urte geroago, batzar nagusia amaitu ondoren, Amasa-Villabonako Gurea antzokian gogoratu zuten ordudanik egindako bidea, eta UEMA bide urratzaile eta aitzindari izan dela nabarmendu zuten ekitaldian parte hartu zuten euskalgintzako zein erakunde publikoetako ordezkariek.

UEMAren lana eskertu dute euskalgintzak eta erakunde publikoek

Kontseilua osatzen duten euskararen gizarte erakundeen izenean, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok zorionak eta eskerrak eman zizion UEMAri: “Eskerrik asko euskararen normalizazio-prozesuaren bihotza diren hizkuntza-arnasguneak bizirik mantentzeagatik; eskerrik asko arnasgune diren udalerri horietan politika aurrerakoiak sustatzeagatik; eskerrik asko euskaraz biziko den herrian bidea irekitzeagatik. Finean, arnasguneetan bizi ez garen euskaldunontzat, ikusgarri egiten duzue euskaraz normaltasunez bizitzerik badagoela”.

Era berean, “azken egunotan salatzen ari garen bidegabekeria judizialak gogoan”, UEMAk urte askoan pairatutakoak izan zituen gogoan Bilbaok: “UEMArentzat oso ezaguna izan baita azken hamarkadotan botere judizialen eskuhartzea. Hor ere, eskerrik asko tinko eusteagatik, baina batez ere bide berriak irekitzeagatik”.

[Paul Bilbaoren hitzartzea, osorik, PDFan].

Paul Bilbaoren ostean, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendariak hartu zuten hitza. Biek ala biek udalerri euskaldunen eta arnasguneen garrantzia, UEMAk egindako ibilbidea eta erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu zuten.

Mikel Arregik Nafarroako Gobernuak 2016an UEMArekiko izandako jarrera aldaketa aipatu zuen: “Aldaketa instituzionala gertatzearekin batera konfluentzia bide batera iritsi ginen, eta hori garrantzitsua da”. Udalerri euskaldunek Nafarroaren euskal komunitateari egiten dioten ekarpena aipatu zuen bigarrenik: “Euskal komunitatearentzat erreferentziazko herriguneak dira, gure arnasguneak direlako. Horrek ardura berezia eskatzen du instituzioen aldetik”. Azkenik, etorkizunari begirako erronkak aipatu zituen, UEMArekoko elkarlanean sakontzeko beharra nabarmenduz.

Eusko Jaurlaritzaren izenean, Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordea, pozik agertu zen ekitaldiarekin: “Benetan pozgarria da gaur hemen ospatzen ari garena. UEMAk 30 urte bete ditu, 90 arnasgune ditugu euskararen normalizazioari ezinbesteko ekarpena egiten, eta erakundeak eta UEMA denak hemen elkarlanean ari gara eraginkorragoak izateko. Beraz, zorionak UEMA osatzen duzuen guztioi”. Udalerrien, teknikarien, arduradun politikoen eta batez ere euskaraz bizitzea posible dela erakusten duten herritarren ekarpena gogoratu zuen ondoren.

Dobaranen hitzetan, “arnasguneak zaintzea, sendotzea eta zabaltzea da Eusko Jaurlaritzaren helburua, eta hori posible egiteko badaukagu azpiegitura eraginkorra: UEMA. Eta badaukagu lankidetza leial eta sendo bat eraikia Eusko Jaurlaritzaren eta UEMAren artean. Eta hori guztia beharko da arnasguneak sendotzeko eta atzerapausorik ez emateko”.

Euskararen arnasguneek hizkuntzaren biziberritzeari egiten dioten ekarpena aipatu zuen, hainbat adibide eta erronkarekin osatuta. “Gazteak eleanitzak dira arnasguneetan ere, eta ez dira kontziente, askotan, gure hizkuntzaren normalizazio prozesuan aktibo garrantzitsua direla. Arnasguneetako gazteei eskerrak, hiztun asko eta asko unibertsitateetan euskara erabiltzen hasi eta lehenengo aldiz hasten dira euskaraz bizitzen eskolatik kanpoko esparruetan. Horrexegatik dira ezinbestekoak UEMAk haur eta gazteentzako dituen ekimenak”.

UEMA, “bide-urratzailea eta eredugarria”

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok adierazi zuenez, berriz, “udalak euskalduntzen aitzindaria, bide-urratzailea eta eredugarria izan da UEMAren lana eta, zalantzarik gabe, aurrera goaz horretan. Udalak euskalduntzeaz gain, ordea, udalerriak euskalduntzea ere ezinbestekoa denez, horretan ere urrats handiak egin ditugu azken hamar urte hauetan. Herritarren kontzientziazioan eta ahalduntzea oinarrizko zeregina bihurtu dira UEMArentzat. Eskola guztietara heltzen den UEMAren hezkuntza proiektua garatu dugu, edota euskararen arnasguneen garrantzia nabarmentzeko ARNASA GARA kanpaina, bi adibide soilik aipatzearren”.

Lazkanoren hitzetan, “dena, ordea, ez da ospatzeko modukoa. Orain ere ez dira garai onenak euskaraz bizi nahi dugunontzat. UEMA eta UEMAko kide diren udalak eredugarriak eta bide-urratzaileak izan dira euskararen biziberritzean eta herritarren eskubideen defentsan. Baita euskararen inguruan lanean ari diren hainbat gizarte eragile eta erakunde publiko ere. Baina azken asteotan ikusi dugun bezala, baditugu oso kezkatuta egoteko arrazoiak ere. Erdaren erauntsia etenik gabea, sendoa eta egiturazkoa da, aisialdiko eta kultur kontsumoko ohituretan nabaritzen dugun bezala”.

Horrez gain, “UEMAren hastapenetan bezala, gaur egun ere, epaitegietatik ezarri nahi zaigu hizkuntza politika. Gaur hemen gauden asko eta asko, gaur astebete Bilbon ginen, Irungo udaltzainen kasuaren harira epaitegietatik iritsi den sententzia salatzeko. Eta gaur arratsaldean ere Baionan izanen gara, euskarak murgiltzea behar duela eta euskaren alde herri bat dagoela gogorarazteko. Baditugu kezkatuta egoteko arrazoiak”, adierazi zuen Lazkanok.

Izan ere, “udalerri euskaldunetatik, euskararen lurgunea sendotzea eta UEMA sendotzea dagokigu. Baina gure udalerriei aitortza egiteko eta babesteko neurriak eta legeak behar ditugu. 30 urte eta gero, inguruko erdara nagusiek, epaileen eta botere faktikoen indarrarekin, apal eta bigarren mailako herritar nahi gaituztela kontziente baikara oraindik”.

Amaitzeko, erdaren erauntsia egiturazkoa dela eta horri aurre egiteko euskarak egiturazko erabaki eta neurri sendoak behar dituela adierazi zuen UEMAko lehendakariak: “Bidegurutzeetan, beti, erabakiak hartzeko garaia da, eta euskararen ekosistema osoa elikatuko duen egiturazko erabakiak behar ditugu orain, urte askoan egin dugun bidea eta lana benetan loratu dadin”.

Euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkaritza

Ekitaldira bildutako euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkari ugari ondoan zituela egin zituen adierazpenok UEMAko lehendakariak. Ondoan izan zituen, besteak beste, udalerri euskaldunetako dozenaka alkate eta zinegotzi, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria, Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakaria, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Berdintasunerako zuzendaria, Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusia, Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendaria, Joanmari Larrarte Elkar Fundazioko komunikazio eta kultur arloko arduraduna, Jon Abril Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea, Andone Salbarredi, Eusko Alkartasuneko euskara arduraduna eta Igor Agirre Galtzaundi Euskara Taldeko koordinatzailea, besteak beste.

Bateko eta besteko ordezkariez gain, UEMAren 30 urteko ibilbidean UEMAren lehendakari kargua izan duten gehienak ere izan ziren Gurea antzokian: Antton Iztueta, Kontxi Gabantxo, Mikel Illarregi, Jon Bollar eta Maren Belastegi. Gaur egun UEMAren Zuzendaritza Batzordea osatzen duten ordezkari gehienak ere lagun izan zituen Lazkanok oholtzan: Aritz Abaroa (Bermeoko alkatea), Lierni Altuna (Aramaioko alkatea), Aitor Elexpuru (Berako alkatea), Nerea Odriozola (Zestoako zinegotzia) eta Joseba Palenzuela (Mutrikuko alkatea).

Iñaki Arregi eta Karmele Aierbe gogoan

Ekitaldian, UEMAri ekarpen handia egin dioten bi lagun ere gogoan izan zituzten, eta hunkigarria izan zen txalo artean haien hurbilekoei lore sortak eman zizkioten unea. “UEMAren sortzaile, bide-urratzaile, koordinatzaile eta arima izan zen Iñaki Arregi” gogoratu zuen lehenik Lazkanok, UEMAk egindako bidea eta gaur egun duen babesa ikusita, gustura legokeela aipatuz, eta Arregiren alabari lore sorta emanez.

Bestetik, osasun arazoengatik gaur ekitaldian egon ezin izan zuen Karmele Aierbe ere gogoan izan zuen Lazkanok, “UEMAren alde egindako lanagatik, eta Iñaki Arregik bezala Euskal Herri euskaldun baten alde dena emateagatik”. UEMA osatzen duten guztien izenean, “besarkadarik eta muxurik handiena” bidali zion Aierberi, eta hari helarazteko lore sorta jaso zuen Ataungo alkate Martin Aramendik.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea.