2021a Euskara erdigunean jartzen hasteko urtea izan dadin

2021a Euskara erdingunean jartzen hasteko urtea izan dadin –

COVID-19aren pandemiak gizadiaren historian zein nolako kokapena izango duen edo zein irakurketa historiko egingo zaion jakiteko oso goiz da oraindik, hasteko pandemia bera amaitu gabe dagoelako. Baina zalantzarik ez dago gizadiaren ibilbidean mugarri garrantzitsua izango dela, mundu osoan hedatu eta eragin sakona izaten ari delako, baina horrekin batera, abagune oso erabakigarrian gertatzen ari delako. Pertsonon izatea, humanitatea eta mundua bera sakonki eraldatzen hasiak diren abagunea: adimen artifiziala eta teknologia berrien garapena, natura iraunkortasunaren limiteetara eraman izana, paradigma politiko-sozial klasikoen eraldaketa, eta, pertsonak harremanetan jartzeko moduen eraldaketa (ez dezagun ahaztu berreuskalduntzea pertsonen arteko harreman moduetan oinarritzen dela), abagunea ezaugarritzen duten lau faktore aipatzearren.

Zalantzarik gabe, abagune historiko horrek guri bete-betean eragiten gaitu ere. Alde guztietatik eragiten gaitu, eta, nola ez, baita hizkuntzaren ikuspegitik ere. Euskararen atzerakada historikoa geratu eta Euskal Herria berreuskalduntzeko prozesua burutzetik oraindik urrun gaudenean, pandemiaren eta aldaketa-abagunearen astinaldiek prozesu horretan kostata eraiki ditugun zutabeak dar-dar batean uzten ari dira. Azken hilabeteotan euskalgintzak salatu duen bezala, aipatu gertaerak euskararen zaurgarritasuna agerian uzten ari dira. Ez dugu ahaztu behar alarma gorriak pandemiaren aurretik piztuta genituela euskalgintzan, batzuk behintzat. Normalizazioa ondo ez doanaren adierazleak begi-bistan ditugula ikusi nahi dituenarentzat, pandemiarekin okerrera egin duten adierazleak.

Azken urteotan biribilgunean bueltaka egon eta gero, pandemiak aukeratzeko atakan jarri gaitu: azken hamarkadatan aurreratutakoa irabazpidean jartzeko normalizazio-prozesuan jauzi kualitatibo eta kuantitatibo esanguratsua egin, ala, hori egin ezean berriz ere atzerako joeran erori.

EHEren ustez jauzi hori egiteko euskara erdigunean jartzeko beharra dago eta unea dugu. Perspektiba hori izango duen hizkuntza-politika berria behar dugu eta pandemia ondorenak horretarako abiapuntua jarri behar digu, 2021. urte honetan bertan hasita.

Horrek eskatzen du eragile instituzional, politiko eta sozialek beraien jardunaren erdigunean euskara kokatzea, euskaratik eta euskaraz pentsatu eta aritzea behingoz. Era berean, horrek eskatzen du normalizazioaren ardatz diren eremuetan ere (euskararen transmisioa, administrazioa, lan mundua, hedabideak, kultura, aisia…) euskara erdigunean kokatzea. Gaurtik hasita, atzerapenik eta aitzakiarik gabe.

Hori erdiesteko, Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza-politiketan adostasun sozial eta politikoak eraikitzeko urratsak ematen hasia da. Erantzukizun partekatua oinarri, erakunde, eragile eta norbanakoei atxikimendutik konpromisoetara jauzi egiteko gonbidapena luzatuko die euskalgintzak. Gauzak ondo, urte honetan euskalduntzerako eragileen arteko adostasun garrantzitsua ezagutuko dugu, zalantzarik gabe normalizazio-prozesuan mugarri izango dena.

Paraleloki, tokian toki euskalduntzea bizkortzeko borrokak berrindartzea euskaltzaleon erronka izango da aurten. Euskaldunon hizkuntza-eskubideen eguneroko urraketak agerian utzi eta euskaraz bizi ahal izatea oztopatzen digun zapalkuntza estrukturala salatu eta gainditzeko euskaltzaleen aktibazioa sustatzearen erronka. Herriz herri eta eremuz eremu borroka zehatzak piztuz lortuko dugu hori.

Hori guztia frantziar eta espainiar estatuen kanpo esku-hartzerik gabe egin behar denaren aldarrikapena ere areagotu beharko dugu urte honetan. Hori baita pairatzen dugun hizkuntza-gatazkaren muina: estatuen inposizio linguizida. Euskal herritarrok soilik erabaki behar dugu zein nolako hizkuntza-politika garatu nahi dugun Euskal Herrian (beste auzi guztiekin batera). Eta horretarako burujabetza osoa beharrezkoa dugu. Hori izango da hurrengo urteetako euskararen aldeko mugimenduaren erronka nagusietakoa: euskaraz bizi ahal izateko burujabetza ezinbestekoa dugula ulertzea, eta alderantziz, burujabetza-prozesuaren erdigunean euskara kokatu beharra. Horri begira EHEk ekarpen garrantzitsua egingo du aurten.

Ilusioa eta grina berreskuratu eta euskalduntzearen aldeko borroka berrindartzeko urtea izan behar da. Hamarkada batzuk barru, atzera begiratzean, 2021. urtea ez dadin soilik izan pandemiatik atera ginen urtea edo gizadiaren garai berri bati hasiera sinbolikoa ezarri zion unea. Munduaren gure txoko honetan, 2021. urtea Euskal Herriaren berreuskalduntzean jauzi esanguratsua ere ekarri zuen urte gisa oroitu dezagun.

Urko Aierbe Sarasola

Euskal Herrian Euskarazeko kidea

2021a Euskara erdingunean

Euskal Herrian Euskaraz (EHE), herri mugimenduko eragile euskaltzalea gara #MugarikGabekoEuskara