2021 urteko txostena: «Zerbitzu publikoetan hizkuntza eskubideen urraketak betikotzeko arriskua»

2021 urteko txostena –

Hizkuntza Eskubideen egoera 2021

Zerbitzu publikoetan hizkuntza eskubideen urraketak betikotzeko arriskua

  • 2021ean 1.320 intzidentzia jaso ditu Behatokiak, aurreko urtean baino %15 gehiago; gehienak administrazioari eta zerbitzu publikoei loturikoak.
  • Aisialdian eta hezkuntzan euskarazko eskaintza urriagatik geroz eta kexa gehiago jasotzen ari da.
  • Behatokiak dei egin die administrazioei egun dituzten hutsuneak aztertu eta neurri eraginkorragoak martxan jarri ditzaten.

Gaur, Hizkuntza Eskubideen egoera 2021 txostena aurkeztu du gaur Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, Gasteizko Europa Jauregian egindako ekitaldian. Iaz 20 urte bete zituen Behatokiak, eta Agurne Gaubeka erakundeko zuzendariak azpimarratu duenez, «20 urte hauetan eremu batzuetan hizkuntza eskubideen alorrak izan duen antzeko argazkia azpimarratu nahiko genuke. Ez hori bakarrik, urte hauetan emandako pausoak edo egindako lorpenak arriskuan izan daitezke aurrerantzean».

Jarraian, Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariak hartu du hitza: «tamalez, urte hauetako neurriek erritmo mantsoegia izan dute eta eremu batzuetan 2021ean ere atzerapausoak ikusi genituen. Izan ere, urte honetan 1.320 intzidentzia jaso ditu Behatokiak, 2020ko pandemia urtean baino %15 gehiago».

.

Administrazioa eta zerbitzu publikoak, kexa gehienen iturri

Aurtengo txostenean arlokako azterketa egiten da, baina alor zehatz bat berariaz aipatu nahi izan da: zerbitzu publikoak, eta hauetan herritarren hizkuntza eskubideak uneoro eta berdintasunean bermatzeko neurrien beharra. Behatokiko zuzendariaren hitzetan, xede hori lortzeko hizkuntza eskubideen alde aktiboa eta pasiboa landu beharra azpimarratu nahi izan du, hau da, «herritarrek ezin dutela euskara erabili, zerbitzua eskaintzen duenak hori ahalbidetzen ez badu. Eta horretarako, araudi egokia eta bestelako lan-tresnak sortzeaz gaindi, lanpostu publiko guztiak zerbitzuak euskaraz eskaintzeko prestatuak egon behar dira: euskarazko arreta, informazioa, baliabideak… euskaraz ere lan egiteko gaituak egotea».

Guzti horrek, hizkuntza eskubideen erpin ezberdinak kaltetzen ditu. Batetik, zerbitzu publikoak herritarren eskubideen bermean erreferentzia izan behar dira arlo sozioekonomikoaren euskalduntzerako, baina Gaubekaren iritziz, «tamalez, lurralde eremu edo alor ezberdinetan administrazio publikoak berak irizpide lausoagoak izateak, eremu sozioekonomikoan ere antzeko irizpideak erreproduzitzea eragiten du». Bestetik, zerbitzu publikoetan hartutako erabakiek herritarren hizkuntza-ohituretan eragina dute, izan ere, «zerbitzu publiko batzuk erdaraz jasotzera ohitu dira herritarrak eta beste zenbaitetan euskara erabiltzeagatik albo kalteak pairatzeak, herritarrak etsipenera eta bigarren mailako herritar sentitzera eramaten ditu» azaldu du.

2021 urteko txostena «Zerbitzu publikoetan hizkuntza eskubideen urraketak betikotzeko arriskua»Aipatutakoak bere isla izan du 2021ean Behatokian jaso diren intzidentzien nondik norakoan ere, 1.320 kasuetatik 1.199 kexak izan baitira, 73 zoriontzeak, eta gainerakoak kontsulta edo iradokizun ezberdinak. Hauetatik, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko administrazioak izan dira kexa gehien jaso dituzten erakundeak.

Nafarroako Gobernuko Departamentu ezberdinetatik egunero ematen diren urraketak administrazio honek hartzen dituen erabaki ezberdinen isla dira: hainbat kasutan, zerbitzuak euskaraz jasotzea ezinezkoa izaten da, eta beste zenbaitetan, herritarrek albo-kalte ondorioak pairatu behar izaten dituzte. Bestalde, Gaubekak azaldu duenez, «euskarak lege-babes nahikorik ez izateak eta herritarren eskubideak hizkuntza-eremuka banatzeak, kalte nabarmenak ekarri zizkion 2021ean ere administrazioarekin harremanak euskaraz izan nahi zituen herritarrari». Era berean, lan-deialdi publikoetan «euskaraz bizi nahi duten herritarren eskubideak kontuan ez hartzeak, zein eskubide horiek bermatzeko hartutako erabakien aurka auzitegietatik emandako erabakiek ere, herritarrak beraien eskubideak aldarrikatzera eraman ditu» azaldu du.

Euskal Autonomia Erkidegoan, ohiko hutsuneak urtero bezala errepikatu ziren. Administrazioen hizkuntz lehentasunak hiztun kopuruaren arabera edo eremuka ezartzeak lotura zuzena du herritarren hizkuntz eskubideak berdintasunean ez bermatzearekin. Herritarrek hutsune nabarmenenak segurtasun eta herrizaingoan edo osasungintzan aurkitu dituzte, baina oraindik hezkuntzaren alorrean zein zerbitzu orokorrei lotutako modernizazioan euskarazko zerbitzuak jasotzeko arazoak daude. Erkidego honetan ere, «auzitegietatik emandako oldarraldiek herritarren determinazioa eta aldarrikapenak ugaritu dituzte» azpimarratu du Behatokiko eledunak.

Ipar Euskal Herrian, zenbait herriko etxetatik hizkuntza politikarako neurriak determinazioz hartzeko asmoa eta borondatea dagoen arren, egungo lege eta araudien esparruak mugak sortzen ditu. Hala ere, «administrazio ezberdinetan oraindik orain euskara bigarren mailako hizkuntza da eta herritarrek kanpora begira zein ematen zaien informazioan euskararen presentzia sustatzea aldarrikatzen jarraitzen dute» gaineratu du Gaubekak.

Hezkuntzaren alorrean euskaraz ikasteko oztopoek bere horretan jarraitu dute 2021ean ere, Nafarroa zein Ipar Euskal Herriko sistema publikoan euskarazko murgiltze-ereduak dituen lege mugez gain, haur eskola, lanbide heziketa edo unibertsitateetan euskarazko eskaintza falta egoteak, erabat baldintzatzen ditu herritarrak.

Estatuetako administrazioen kasuan, herritarren kexek gora egin duten arren, herritar asko administrazio hauetako zerbitzuak gaztelaniaz edo frantsesez jasotzera ohitu dira. Gainera, administrazio hauekin euskara erabili nahi izateak sortzen dizkien albo-kalte ondorioak nabarmentzen dituzte herritarrek.

Eremu sozioekonomikoan, euskarak geroz eta espazio gutxiago

Eremu sozioekonomikoan, 2021an ere herritarrek nabarmendu zituzten Euskal Herri osoko merkataritza-gune edo kate handietan emandako urraketak, ostalaritzakoak, interes orokorretako zerbitzuetan gertatzen direnak (energia hornitzaileak, garraioa, telekomunikazioa) edo aisialdiaren esparruan (kultura eta kirola) ematen diren hizkuntza eskubideen urraketak. Izan ere, Garbiñe Petriati teknikariaren hitzetan, «Behatokitik egiaztatu dugu zerbitzu horietan euskarak gero eta espazio gutxiago izaten duela nabarmentzen dute herritarrek, eta lege-betebeharra dagoenetan ere, euskarazko arreta eta zerbitzuak jasotzea gero eta zailagoa izaten dela. Gaztelania eta frantsesaz gaindi, eremu hauetan ingelesak ere euskarak baino toki nabariagoa hartzen baitu hainbat arlotan».

Bestalde, aisian euskarazko eskaintza falta edo euskarazko eskaintza urriagoa izateak «herritarren kontsumo ohituretan eragin dezake eta, etorkizunari begira, txiki eta gazteei bideratutako eskaintza zein mezuekiko kezka nabaritu zen» gaineratu du Behatokiko teknikariak. Era berean, eremu hauetan «inongo lege-betebeharrik izan gabe, beraien determinazioz euskarazko zerbitzua eskaintzeko ahalegina egiten duten enpresa eta entitateak eskertzen jarraitzen dute herritarrek, zerbitzuaren kalitatea eta herritarrekiko begirunea nabarmenduaz» azaldu du Petriatik, Behatokiak jasotako zoriontzeak eta esker onak balioan jarriz.

Neurriak mahai gaineratzea, erantzukizun sozialaren parte

Azkenik, hurrengo urteak erabakiorrak izango direla iritzita, Behatokiak deia luzatu die Euskal Herri osoko administrazio publikoei «lehentasunez herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko egun dituzten hutsuneak aztertu eta neurri eraginkorragoak martxan jarri ditzaten». Bestalde, eremu sozioekonomikoa euskaldundu eta herritarren oinarrizko eskubideak borondatetasunetik harago har daitezen, «lege babes eta neurriak mahai gaineratzea administrazio publikoek bultzatu beharreko zerbait ere bada», baita erakunde eta enpresa pribatuek «beraien bezero eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei aitortza egitea» «Gizarte justu eta berdinzaleago bat eraikitzeko duten erantzukizun sozialaren parte ere badela» adierazi nahi izan die Behatokiak.

Hizkuntza Eskubideen egoera 2021.pdf

behatokia.eus

2021 urteko txostena «Zerbitzu publikoetan hizkuntza eskubideen urraketak betikotzeko arriskua»

Hizkuntz Eskubideen Behatokia