2018ko Bai Euskarari Sariak: Talleres Mitxelena, Fideslan, Jon Garaño eta Aitor Arregi

2018ko Bai Euskarari Sariak Talleres Mitxelena, Fideslan, Jon Garaño eta Aitor Arregirentzat –

2018ko Bai Euskarari Sariak Talleres Mitxelena, Fideslan, Jon Garaño eta Aitor Arregirentzat

Bai Euskarari Elkarteak  Talleres Mitxelena, Fideslan, Jon Garaño eta Aitor Arregi saritu ditu ekainaren solstizioa, sorginkeria eta magia nagusiak izan diren Bai Euskarari Sariak ekitaldian.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektuak hemezortzi urte bete berri dituen edizio honetan, administrazioen ordezkaritza zabala egon da: Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabal, Arabako Foru Aldundiko, Udalbiltzako eta Batzar Nagusietako ordezkaritza, euskalgintzako komunitatea eta sektore ezberdinetako enpresak eta elkarteak.

Ospakizun berezia izan da, magikoa eta dibertigarria. Bederatzigarren edizio honetan, sormenari hegoak eman zaizkio eta Zugarramurdiko leizetara bidaiatu dute bi emakume berezi ezagutzeko, euskarari argia eman dioten eta komunitate guztiarekin batera euskararen normalizaziorako errituak egin dituzten sorginak. Poza, sorpresa eta ilusioa oso presente egon dira.

“Administrazioen ordezkaritza zabala egon da: Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabal, Arabako Foru Aldundiko, Udalbiltzako eta Batzar Nagusietako ordezkaritza, euskalgintzako komunitatea eta sektore ezberdinetako enpresak eta elkarteak”.

Oraingoan ere, hiru aitortza egon dira: lehenengo Bai Euskarari Saria Fideslan aholkularitza enpresarentzat izan da, “Zerbitzua eta lana euskaraz” maila duenak. Bigarren saria, Talleres Mitxelenak jaso du, industria arloko kooperatibak, Bai Euskarari Ziurtagiriaren “Zerbitzua euskaraz” mailarekin. Hirugarren saria handia izan da aurtengoan: aurreko urtean bezala, bikoiztu egin da eta bi pertsona saritzea erabaki da. Handia pelikularen zuzendariak diren Jon Garaño eta Aitor Arregi jaso dute saria, euskal kultura eta zinemaren industria etengabe hazteko lan egiteagatik.

Euskararen edabea, alor sozioekonomikoan jauzia emateko

Aurretik esan bezala, giro sorgindua sortu da administrazio, entitate eta elkarte ezberdinen ordezkarien artean. Solstizioa abiapuntu bezala harturik, euskararen akelarre berezia ospatu da, gauza txarrak atzean utzi eta aurrera begirako aurrerapausoei dei egiteko. Sua, txalaparta, lapiko magikoa, erritualak… eta edabe berezi bat ere prestatu dute sorginek, euskararen edabea, euskal komunitatea indartu eta balioa gehituko diona.

Rober Gutiérrez-ek, Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak, nabarmendu nahi izan du denbora honetako “lorpenak nabariak direla eta aurrera jarraitzeko adorea ematen digutela”. “Euskal Herri osoko ia  1400 enpresa, saltoki eta era guztietako entitate baino gehiago egiten ari diren lana, konpromisoa, eredua eta eragina” goraipatu ditu eta balioan jartzearen garrantzia azpimarratu du; Gutiérrezen hitzetan, “aitortza esplizitoki egitea garrantzitsua da. Behar dute. Behar dugu. Bai Euskarari ziurtagiria duten entitate hauei aitortu, baloratu eta aintzat hartu behar zaie egiten ari diren lana, gure hornitzaileak kontratatzeko garaian, administrazioen deialdietan eta abarretan. Guztion artean, balioa eman behar diogu egiten ari diren lanari”.

Gainera, alor sozioekonomikoan jauzia egiteko unea dela nabarmendu du, euskarak enpresa munduan leku handiagoa irabaz dezan. Horren ildora, Bai Euskarari Elkartearen ekarpena azaldu du. Izan ere, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da, “gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean, Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, jarraibide egokiak eta abar luze bat”.

Merezitako sariak

Poza, ilusioa eta harrotasuna adierazi dute aurtengo sarituek, “Bai Euskarari Saria” entzun dutenean. Alor sozioekonomikoan euskara sustatzearen aldeko balioan sinesteagatik eta egindako ekarpenengatik, sari hau merezi dute.

“Aitortza esplizitoki egitea garrantzitsua da. Behar dute. Behar dugu. Bai Euskarari ziurtagiria duten entitate hauei aitortu, baloratu eta aintzat hartu behar zaie egiten ari diren lana, gure hornitzaileak kontratatzeko garaian, administrazioen deialdietan eta abarretan. Guztion artean, balioa eman behar diogu egiten ari diren lanari”

Talleres Mitxelena

Talleres Mitxelena industria eta teknologia sektoreko Hernaniko kooperatiba euskalduna da. Ibilbide sakona egin du, mende erdia baino gehiago baitarama Euskal Herriko eta mundu mailako bezeroentzako pieza industrial handi eta bereziak egiten. Makinak, puntako teknologia, tresna erraldoiak dituzte… baina haien motore garrantzitsuena, lantaldea da. Pertsona gogotsuak, inplikatuak, motibatuak eta % 100ean euskaldunak.

Hizkuntzarekiko sentsibilitate berezia dute; izan ere, euskara izan da modu naturalean, kooperatibaren ahotsa urte guzti hauetan; euskarak markatzen du organizazioaren identitatea eta euskaraz bizi eta lan egiten dute bertako pertsonek.

2012. urtean lortu zuten Bai Euskarari ziurtagiriaren “Zerbitzua euskaraz” maila eta hizkuntzaren aldeko proiektu askotan parte-hartzen dute. Kooperatiba belaunaldiz-belaunaldi euskaraz hazten doalako eta Euskal Herriko industria euskalduntzeko lan egiten dutelako merezi dute Bai Euskarari Saria.

Fideslan

Fideslan enpresa-kudeaketan eskarmentu zabaleko profesional taldea da, Euskal Herriko sare profesionalaren aholkularia. Enpresa estrategietan adituak dira, kasu bakoitzean bide egokiena hautatzean espezialistak. Faktore asko kontutan hartzen badituzte ere, argi dute arlo profesionalean euskarak balio berezia eskaintzen duela, barnera eta kanpora begira.

Fideslaneko pertsonek modu naturalean dute integraturik hizkuntza eta bezeroei zuzentzeko orduan, euskarazko aholkularitza oso ongi baloratzen dela adierazi dute. Azken finean, euskarak gertutasuna, konfiantza, egokitzapena eta konexioa eskaintzen du.

2012. urtean Bai Euskarari ziurtagiria lortu zuten eta 2015. urtean maila gorena eskuratu zuten, “Zerbitzua eta lana euskaraz” maila.

Bai Euskarari Saria merezi dute Euskal Herriko enpresen estrategiak euskaraz marrazteagatik.

Jon Garaño eta Aitor Arregi

Alfonbra gorrian, euskal kultura eta zinemaren ordezkari dira Jon Garaño eta Aitor Arregi. Pelikula bateko bi zuzendari baino askoz gehiago bilakatu dira. XIX. Mendean bizi izan zen Altzoko Handiak mundua zeharkatzea lortu dute, eta kontaira Netflix-eko pelikulen artean kokatzera iritsi dira.

Euskaraz, baso amaigabeak zeharkatu dituzte, hotza pasa dute, elkarrekin berotu dira eta gazi-gozoak bizi izan ditu bikoteak. Marka guztiak apurtu dituzte.

Pelikulak dionez, “inor ez da etengabe hazten”. Bai Euskarari Elkartetik handitzen jarraitzeko eskatuko diegu, euskal kulturaren eta zinemaren industria elikatzen segitzeko.

Goya eta Goya artean, Bai Euskarari Saria ezin hobeto geldituko zaie euskararen lagun handiei.

Bai Euskarari Sariak 2018

2018ko Bai Euskarari Sariak Talleres Mitxelena, Fideslan, Jon Garaño eta Aitor Arregirentzat