170 ikertzailek parte hartuko dute IKERGAZTE kongresuan

UEUkIkerGazte: Nazioarteko ikerketa euskaraz” Kongresua egingo du maiatzean. Proiektu honen helburua ikertzaile euskaldunen ikusgarritasuna areagotu, beraien arteko ezagutza sustatu eta euskarazko zientzia produkzioa areagotzea da. Dagoeneko 170 ikertzailek biltzeko asmoa dute Durangon, datorren maiatzaren 13, 14 eta 15ean. Izena emateko epea zabalik dago apirilaren 30a arte. Agerraldian kongresuko egitaraua aurkeztu dute, eta egitasmoak Euskal Herriko beste unibertsitateen babesa jaso du. Informazio guztia: www.ueu.eus/ikergazte

Iñaki Alegriak, UEUko Zuzendariak erakundearentzat egitasmo honek duen garrantzia azpimarratu du: “Une honetan 170 ikertzailek eman baitute izena kongresuan, eta oraindik matrikulazio epea ez da bukatu. Arrakasta ziurtatuta dago, eduki aldetik ere guztiz oparoa dator eta kongresua. IKERGAZTE mugarri bat izatea nahi dugu, eta asmoa bi urtetik behin egitea da. Zalantzarik gabe, ikasturte honetako erronka handiena da hauxe, eta horri aurre egiteko bidelagun ezin hobeak ditugula esan behar. Izan ere, Kongresuak ondoko babesleak ditu, gaur gaurkoz: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta UPV/EHU. Horietaz gain, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta hainbat ikertalde ere laguntzaile ditugu egitasmoan”.

Miren Josu Omaetxebarriak, Kongresuko arduradunak egitaraua aletu du: “IkerGazte proiektu handia da, eta hori antolatzeko Euskal Herriko Unibertsitate eta ikerketa talde desberdinetako luxuzko aditu taldea dugu bidelagun (ikusi zerrenda oharraren bukaeran). Ikertzaileentzat ez ezik, kongresua ikertaldeentzat ere oso interesgarria izango da elkarlan berriak egin ahal izateko, jende berria beraien taldera erakartzeko zein euskaraz aritzera motibatzeko. Kongresua hiru egunetakoa izango da barnetegi moduan, elkar ezagutza errazteko asmoz. Hau da, gure helburua parte hartzaileek hiru egunak Durangon pasa ditzaten nahi dugu (lotarako ere), eta alor akademikotik haratago ere ekintzak prestatuko ditugu. Programa akademikoari dagokionez, egitarauan bost saio mota egongo dira: hitzaldi orokorrak, ahozko komunikazioak, posterrak, tailerrak eta mahai inguruak”.

IKUSI EGITARAUA

Udako Euskal Unibertsitatea (UEU)