Zumeta, gure belaunaldiko pintorerik hurbilena

Zumeta, gure belaunaldiko pintorerik hurbilena –

Amatiñok, bere blogean.

Hil da, Jose Luis Zumeta. Guretzat, behintzat, oraingo aitona-amonen belaunaldiarentzat alegia, euskal artistarik gertuenetakoa. 1973an Usurbilen burutu zuen zeramikazko horma-irudiak eragindako emozioa nekez uler daiteke gaur egun.

Zumeta, gure belaunaldiko pintorerik hurbilena
Zumeta, 1970eko hamarkadan.

Jose Luis Zumeta (1939-2020) Gaur Taldearen sortzaileetakoa izan zen, 1966 urtean , Oteiza, Chillida, Mendiburu, Ruiz Balerdi, Basterretxea, Arias eta Sistiagarekin (bizirik dirauen bakarra) batera, eta, beste barik, zalantzarik gabeko erreferentzia izango da beti hogeigarren mendearen azken lau hamarkadetan loratu zen euskal artegintzaren esparruan. Baina,ezpairik gabe ere, Zumeta izan genuen garai berean suspertutako euskalgintzak hurren sentitu zuen pintorea.

Besteak beste,  1970eko hamarkadaren hasieran Usurbilgo pilotalekuaren atzekaldean osatu zuen zeramikazko horma-irudiak orain nekez uler daitezkeen zirrara-ikarak eta sentimen-astinaldiak sortarazi zituen.

Normala da artista batek bere lantegiko bakardadean artelanak egitea eta amaitu ostean baino ez aurkeztea; baina Zumetaren langintza bertatik bertara ikusteko aukera izan genuen, ia-ia piezaz pieza. Memoriak hutsik ez badit atzipetzen, garai hartako Zeruko Argia astekariaren hemerotekan izango da arte-eraikuntza haren berri jaso zuen erreportaje zabalik.

Okerrik ez bada, Jose Luisek amaitutzat eman zuen horma-irudia 1973an, noiz berak 34 urte eskas baitzituen eta neronek, 28 baino ez. Nik sekula elkarrizketatutako lehen pintorea izan zen eta erabat hunkitu ninduten haren apaltasunak, garrantzirik ezarri nahi ezak eta normaltasunak, zeramika-atalen puzzlea osatzea, nire testuko hitz xumeak elkarrekin jostea bezain erraza balitz bezala.

Geroztik, behin baino gehiagotan sartu izan naiz -kanpotarrok sartu behar izaten baitugu- Usurbilen barrena, nolabaiteko nostalgiak-edo eraginda. Jose Luisen horma-irudia ez da, soilik, artelan berezi, koloretsu, enigmatiko, eder eta bikaina. Baita garai baten lekuko eta gomutagarri ere, orduko giroari zerion alegiazko irudikapena, besteak beste.

Zumeta, gure belaunaldiko pintorerik hurbilena
Zumetaren zeramikazko horma-irudia.

 

Zumeta, gure belaunaldiko pintorerik hurbilena
Pinturaz ez ezik, 1970eko hamarkadan poesiaz zein kantagintzaz Euskal Herrian gertatu zen hainbat zertzelada ulertzeko, ardatzetako bat da, segurutik, Zumetaren ildoa.

 

Zumeta, gure belaunaldiko pintorerik hurbilena

 

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.