Zuhaizpe

Zuhaizpe –

Ez nator egun sargorian haritzaren babesak eskaini ahal duen itzal babesgarriaren gainean mintzatzera. Ezta ikuspuntu historikotik gure Euskal Herrian Zuhaitzak duen sinbolismo tradizionalaren gainean ere. Zuhaizpe, Nafarroako Lizarra herritik hamar bat kilometrora dagoen eremu misteriotsua da; Ziritzako Etxolen albo-alboan kokatuta dago.

Zelan definitu zer den Zuhaizpe, gure barruko ur lasaiak asaldatu barik? Osasunerako berebiziko eremua dela esango nuke, zereal zelai handiez inguratutako lur eremu txiki berdea. Eraikin nagusi bat du Zuhaizpek, eta haren inguruan, zirkulu bat osatuz egituratzen da Zuhaizpe izena duen lur eremu pribilegiatua. Ene iduriz, Zuhaizpen dena dago ongi pentsatua, egituratua, ez da deus kasuala, dena da kausala. Naturarekin bat egiten du Zuhaizpek, zuhaitzaren erroak lurrean bezalaxe.

Zuhaizpe era zirkularrean eratuta egotea ez da txiriparen ondorio, irudi geometriko honek sekulako indarra baitu Zuhaizpe bizi duen jendearen sinesmenean.

Zuhaizpe ez da arkitektonikoki erakargarri, eta barrualdean duen lorategi luze-zabal guria ez da begi-niniak ñirñirka jartzeko bestekoa. Zuhaizpe ez da, izan ere, nire ustez, toki bat, eremu bat soilik, Zuhaizpe beste gauza bat da, gizarte honetan dauden gauzen sistematik kanpo dagoena. Zuhaizpe espazio fisikoa da. Eta eremuaren eraketa estrukturalean ez da ezer ausaz eraiki, egokitu edo atondu. Igerileku txiki bat du berdegunearen ertz batean, ur gesalez hornitua. Nork ez daki zelako onurak dituen ur gesalak gorputz fisikoan (azalaren toxinak garbitzen ditu, antiseptikoa da, D bitamina emendatzen du eguzkiaren indarrarekin batera)? Igerilekuko ura gazia da, eta zenbait jaki atontzeko ur gesala erabiltzen dute proportzio txikietan. Kanporako balio badu, zergatik ez du antiseptiko lana beteko barruan, logikoa ere badenez.

Zuhaizpe

Zuhaizpe gauza gehiago ere bada. Zuhaizpe osasun bidea da. Giza osasuna zaintzen duen zentroa da Zuhaizpe. Osasun fisikoa eta emozionala, eta biak ala biak kudeatzen irakasten zaigu Zuhaizpen. Analfabetismo emozionala kudeatzen ikasteko lur-zati hobezina da Zuhaizpe.

Medizina tradizionalak gaixotasunari jartzen dio arreta. Zuhaizpek, osasunari. Gorputz fisikoaren toxinak garbitzen ditu Zuhaizpek, jaki higienista eta naturistaren bitartez. Eta baraualdiak proposatzen ditu gaixorik egon daitekeen gorputz fisikoa sendabidean jartzeko. Zuhaizpe ez da ekologista, beganoa edo begetarianoa. Eta hirurak batean da aldi berean.

Zuhaizpe oasi bat da sistema pentsamendu bakar ofizialaren erdigunean. Zuhaizpek osasuna hartzen du balioan, gaixotasuna hartu beharrean. Osasungintza ofizialaren aurkako txerto sendagarria da Zuhaizpe.

Zuhaizpe bat eta bakarra da, eta konektatuta dago guztiarekin. Zuhaizpe bat eta dena da, ni eta gu, gu eta ni, espazio bera okupatzen duen bakartasuna eta aniztasuna osatzen du Zuhaizpek.

Zuhaizpe jendeak bizi du. Zuhaizperen bihotz eta arima dira. Zuhaizpek sinesmen sendoko jendeak bizi du, eta pertsona likidoak ere bai. Pentsamendu sendo eta irmodunek, halaber. Konbikzioak ekarritako pertsonek bizi dute Zuhaizpeko oasi hau. Zuhaizperen filosofia eta metedologiaren sinesdunek bizi dute lur-eremu hau. Pertsona dogmatiko, agnostiko eta gaseosoak bizi ditu Zuhaizpek. Zuhaizpe energiadun lur eremua da, urre kolorerik gabeko espazio lurtiarra. Sinesmen beste sugestio bizi duena, galanki.

Zuhaizpe lur da, eta espazio siderala, halaber. Zuhaizpek ilusioa eragiten du, baita ilusionismoa ere. Baina bizi dugun mundu esperpentiko honen itxaropena ere bada Zuhaizpe.

Zuhaizpe jakinduria da, eta bizitzaren esperientziak ematen duen segurtasuna ere bada.

Niri dagokidanean, helburu bakarrekin eta espektatibarik gabe hurbildu nintzen Zuhaizpera. Deskubrimenduak egin nituen iritsi eta berehalakoan: gorputz fisikoa neukala jakin nuen. Eta ez da gutxi! Pertsonek, oro har, minaren bat sentitu edo gaixotasunaren bat dutenean baino ez dute gorputz fisikoaren pertzepzioa. Aldaka ere banuela jakin nuen, eta mugimendu birakor sibilinoak egiteko gauza dela. Nire aldakak enbor estatiko mugigaitzaren atal baino ez direla uste izan dut nire bizitza guztian. Baina Zuhaizpen egin dudan deskubrimendurik handiena hidroterapia da. Teknika honek gure gorputzaren zokorik ezkutuenean pilatzen ditugun toxinak garbitzeko balio du. Esku-aurpegi lohiak garbitzeko ekandua badugu, zergatik ez askoz ere zikinduago eta intoxikatuago dugun kolona, germen, bakteria eta birusen habia, hain zuzen ere. Zuhaizperen goi-asmoa osasunaren bidea denez, azala garbitzea bezain garrantzitsua dute toxinaz beteriko organismoa araztea, terapia garbitzailearen bitartez.

Gauza asko ikasi ditut Zuhaizpen. Uste baino gehiago, nahiko nukeen baino gutxiago, agian. Ez dakit. Ni behi hausnarkaria naiz, pentsamendu eta hausnarketaren gida-lerroek eraman ohi naute sinesmenera. Agnostikoa ere banaizela esan dut arestian. Pertsona kriteriodun, zentzudun eta izaeraren konsziente bizia duen indibiduoa naiz.

Ez dira gauza bera kontzientzia eta konszientzia. Eta hau ere Zuhaizpen ikasi dut. Pertsonek inguruko errealitatea ezagutzeko eta harekin harremanetan jartzeko duten gaitasuna da konszientzia. Kontzientzia, ostera, aurreko adierazpenaz gain, norberaren barneko zerbaiten kualitatea edo ezagutza-egoera ere bada.

Eta gehiago ere ikasi dut, pertsonak askotarikoak eta bakarrak garela, desberdinak eta kontrajarriak, aurkakoak eta osagarriak. Eta gorputz fisikoa dugula, gorputz energetikoa eta gorputz emozionala… Eta ni gehiago naizela emozionala besterik baino, gorputz fisiko eta energetikoa baino gehiago. Ikasi dut, halaber, ni naizena izateko ez dudala inoren onespenik behar zer eta nor naizen adierazteko, banaizelako gai zer nahi dudan eta zer ez erabakitzeko, ezetz edo baietz esateko, norekin ibili eta zein bidaide aukeratzeko bizitzaren bidean. Pentsalari librea naiz eta albedrio libreari buruzko uste sendoak ditut. Ikasitakoagatik eta sentitutakoagatik naiz naizen bezalakoa, bizi izandakoagatik eta ibilitakoagatik. Zuhaizpen naizen bezalakoa agertu naiz, parodiarik eta antzezpenik gabe, maskara gabe, naturala eta boteretsua, nire izaeran ahaldundua. Eta, naizen bezalakoa naizelako, errespetatu behar dut, maitatu eta enpatizatu, bizitzea tokatu zaigun mundu honen aniztasuna sentituz. Unibertso urdinxkaren argitasunak haize etengabeak bultzatutako hodei beltz eta iragankorrek baino purifikazio-indar handiagoa du, izan ere. Negar egin dut Zuhaizpen, zirrara kontrolaezinetik sortutako malkoz bete dut igerileku hutsa; barre egin dut, maite, eta bidearen bazterrean utzi ditut bizitzea merezi ez duten pertsonak eta sentimenduak, emozioak eta inpultsoak. Aitortu behar dut horrek guztiak eta gehiagok sentiarazi nauela bakarra eta berezia. Osotasun unibertsal batekoa naizela ulertu dut, nire izate indibidualetik abiatuta. Ikasi dut pertsonok argia eta iluntasuna ditugula. Eta uste dut Zuhaizpek behin eta berriz berpizten duen zirkuluaren irudi geometrikoak ahulezia eta itolarria adina indar sor dezakeela. Argia bilatzeko bidean, haren intentsitateak itsututa gera zaitezkeela. Guztiaren orekan dago lortu nahi denaren neurria, ez dogmatismoan, sinesmenean baizik, ez inposaketan, proposizioan ez bada. Nire osasun fisiko, mental eta emozionalerako onuragarriak diren motxilez beteta itzuli naiz etxera.

Leku honetan ikasitako guztia (edo erdia edo laurdena) praktikara eramateko gai naizen gizona banaiz, pozarren hartuko dut Zuhaizperekiko nire bilakaera ebolutiboa.

Zorionak, Zuhaizpe! Eta garai ilun eta pandemiaz beteriko hauetan (plandemia, Karmelo Bizkarra doktorearen arabera), izan ezazu Zuhaizpe argitasun, indar, adore eta lasaitasun nahikoa, zure filosofia eta metodologiaren prostituzioa saihestuko duten erabaki zuzen eta gizatiarrak hartzeko, Zuhaizperen arima eta bihotza direnen itsukeriagatik libratzeko, eta inkisidore modernoen atzaparretatik alde egiteko.

Bizi luzea opa diot Zuhaizperi!

Zuhaizpe Lizarra – Google Bilaketa

Zuhaizpe – YouTube

26 pentsamendu “Zuhaizpe”-ri buruz

  • … Karmelo Bizkarra bat, Zuhaizpe izeneko zentro bat kudeatzen duena. Josep Pamies delako katalan baten aliatua da tipo hori, pseudoterapiak, gezurrak eta lixiban oinarritutako botika faltsuak saltzen bizi direnak. Pertsona horiek arriskutsua dira … https://sustatu.eus/luistxo/1606984764

  • Portzierto, Koloneko Hidroterapia da haien errezeta majiloetako bat… 80. Hamarkadan ile apindegieran eta edertasun zentroetan modan jarri zena, alegia, uzkitik ur txorrotak ematea… Hori bai Chanel5 lurrunaren prezioan…

  • Beno, eta Karlos Gorritxok mundu esperpentikoaz hitz egitea bada marka… Memoria ahula?

  • Mozorro baten atzetik jendea iraindu eta deskalifikatzen duzuenok, zuen maila kaxkarra uzten duzue agerian.

  • Inoren iritziekin bat egiteak pentsamendu bakarraren bidean jartzen zaitu Sustatun. Beste buru-berokidun satorra zara, eta ez zaitu batere onik egiten inoren hitzak era usufruktuarioan zeureganatzea, irizpide kritikoduna izatera iritsiko bazara.
    Ez dakidana da Luistxok Zuhaizpe bertatik bertara ezagutzen duen, baina Karmelo Trump-ekin konparatzea ignorantziaren ondorio baino ezin da izan. Eta egon bada eta zeure egiten badituzu Luistxoren iritziak, horixe baino ez dira, iritziak alegia. Nik neuk ere baditut nireak, eta denak ez dira agertzen artikuluan, zuen zoritxarrerako.

  • Bisitari buru-berokidun, zuretzat nire arreta luzeena. Neuk ere izan dut ustea pulizitatea ez ote nabilen egiten iritzi bat eman edo hausanrketa sakona egin beharrean, bizi izan dudan esperientzia interesgarri bezain ederra oinkarian paratutakoan. Horren inpresio izan dut. Kolonizatzaile deitu nauzu, nire pentsamendua kolonizatzailea dela, alegia. Gomendio bat buru-berokidun bisitari, irakur ezazu Funanbulistaren Beldurra liburua (erein argitaletxekoa) ea kolonizatzaileren kontzeptuan neure burua ikusten duzun jakiteko.
    Geografikoki hurbilekoa egiten zaitut, oso jende gutxik deitzen baitit Karlos Gorritxu. Ala Txanogorritxu deitzea izan ote da zure lehen asmoa Karlos Gorritxuren ordez? Establishmentan eta gauzen sisteman integratuta ikusten zaitut, ala aitortu egingo didazu zuk bizi duzun mundua, ikuspuntu politiko, ideologiko, edukatibo, kultural, sozial eta humanotik ezin ederragoa zaizula, eta ezarritako balio-sistematik kanpo lan egiten dutenak, hots, pentsamendu bakarraren aldeko sistema sasi -demokratiko kapitalistaren aurka dihardutenak, negazionistak direla.
    Azkenik esan, edo, aitortu, beharko nukeen adierazi, nik txalan burua dudala, gure ama zenak eaten zidan bezalaxe, hau da, gauzak gogoratzeko baino erraztasun handiagoa nuela gauzak gogoratzeko.
    Baina gauza bat esango dizut argi eta garbi: ni gaur egun naiz iraganean nintzenaren konfirmazioa, eta gerora izaen jarraitu nahi dudana. Zu, ostera, nor zara? Zer zara? Bazara? Izan zara inoiz?

  • Eskerrik asko Jone, beti ikusi dut neure burua zirkulu hertsi-itsugarrien inguruan ibili dabilen satelitea. Gurean mozorroen aldeko kasposoek badute garaia gauzak estalirik gabeko aurpegira jaurtikitzeko. Eta berdin dit haien katadura moral edo etikoa, politiko zein ideologikoa, ez dira bizi nik propio eratu dudan mikrokosmos honetan. Iritzi erasotzaileak onartuko nituzke argudioz jantzita baletozen. Baina gobernuan (Euskal) ditugun politikariak,herriak merezi dituenak ditugu boterean, iritzi-emaileak bezalaxe.

  • Interneten ustezko informazio fidagarria norberaren ikuspuntu kritikoaren baitan baino ezingo duzu aurkitu, a ze kuadrila ezineko hori. Magufo hitza ulertzea kostatu zait, eta wikcionariora jo behar izan dut. Hauxe esan nahi du magufo berbak: Persona que promueve o comercia con fenómenos paranormales o pseudocientíficos tales como la ufología, la magia, la telepatía, o con teorías conspirativas. Hildako hizkuntzen deszifratzaile nor den ez dakit, baina denentzako duzu egurra emateko beharra. Zure bidea bada sustatu.com ez dakit zer egiten duzun zure iritzia ematen Zuzeu-n

  • Karlos, ez dakit nondik atera duzun “kolonizatzailearen” istorio hori… Oraindik igartzeko nago…. Liburua, bestalde, urakurria dut. Asko irakurtzen dut, eta denetik. Euskaraz argitaratutakoa gehiago. Baina nikbaipatu dudan “kolonia” bakarra ( berez, kolonia ez, eta perfume kategoria duena) Chanel5 da. Zuhaizpek dituen tarifen arabera, ondorioztatzen baitut, uzkiko hidroterapian halakoaren adinako osagairen bat erantsiko diotelako ur txorrotari.”Kolonializaziorik” ez dut nik aipatu…

  • Bide batez: mesedez, ez nahastu gauzak..”Gorritxo” nahi gabe isuri zen. Ez nuen nahita egin. Era ez nuke inoiz “gorri” iraintzat erabiliko. Geure etxean batek baino gehiagok galdu du bizitza “gorri”izateagatik, eta neuk “gorri” batzuekin identifikatzen ez banaiz ere, errespetu handia diot “gorri” izenondoak gordetzen duen ondare sozio-politikoari. Baina, mesedez, Zuhaizpe NEGOZIO bat da, kontsulta pseudopsilologiko bat (egonaldiak errezetatzeko), 150 euro!!! Non zegoen Bizkarra Osakiidetzan eta Osasunbidean medikuak eskatu zituztenean? Medikuntzako era erizaintzako ikasleek larrua utzi zuten eta haien familien osasuna arriskuan jarri, 2020ko apirilean, Bizkarra internen negazionisten sarea eraikitzen eta sare sozialak zaborrarekin elikatzen zuen bitartean. Orain esango didazu Twitter edio Facebook iraultza gorria direla. Kapitalismoa eta aipatzen dituzun beste kontu horiek ez dituzu zuk bakarrik hausnartu, Karlos, eta besteok gure buruari dominak jarri gabe egiten dugu lana. Izpiritu kritikoa ez da hitz potoloez ahoa bete eta autobonboa egitea…

  • Beste kontu bat ere aipagarri: Zuhaizperen webgunea .com domeinuan dago (negozio sanitario den heinean, logiko) eta euskararen arrastorik….Nik ez dut aurkitu…

  • Hori bai, hala da,
    Oker egiteko arriskurik gabe, esan daiteke ZUHAIZPEko Karmelok BIZKARRA ematen digula EUSKALDUNOI.

  • Hainbeste gorroto duena, ez dago sano, hori fanatismo beherakoa…. Ez al duzu nahikoa, munduko osasun sistema zientifikoarekin? Zer zabiltza aldirikoen bizimodua kakazten?
    Aupa Karmelo! perfektoa ez zaren sendagile. Gure faimliaren Osasun Maisu..

  • Asier: zuri euskara bost? Bizkarra eman euskarari eta ez da perfektoa? Hori espainola da

  • Espainol perfektua agian?

  • Asier: munduaren aurrean ongile rñeskuzabal gisa aurkezten denak negozio biribila egiten du jendearen zailtasun emozionalen kontura, besteak beste, terapia gisa “uzkiko hidroterapis” urre prezioan salduta. Ez da gorrotoa..Artikuluak Zuhaizperen propaganda egiten du, eta ez ditu gauza prosaikoak esaten: adibidez, bertakoek negazionismoa zabaltzen jardun dutela. Iazko martxoan esaten zituzten gauza batzuk, ez lituzkete orain esango ( ezin gezurra zirela ezkutatu), baina ez dute barkamena eskatu.

  • Negozio biribila? Ez da aberatsa, deskapotablean dabilen edozein medikutxo errezeta saltzaile bezala, Onartzen dizut ez dela merkea hara joatea,gure patrikatik oraindu behar dugulako.Askoz garestiagoa zaigu gaur egungo osasungintza ailexpres,infinito garestiago, baina hori zientzia berdaderoaren peajeak omen dira.
    Esan diezazukedana da, zure insultoek (negazionista, gezurti….) merezi ez duten arren: Jendea sendatzen dakiela, osasunaren ezagutza integrala sustatzen duela,osasun burujabetza lantzen irakasten digula, Osasunaren esanahia ulertzen , eta etxean gure begiekin ikusi dugun zerbait dela, hogeitahamar urtetik gorako harreman luzean. Osasunaren esanahi hori irakasten bakarrik , hainbat enpolloi funtzionariok baino aportazio handiagoa egin dio euskerari.
    Nik ere nahi nuke euskarari arreta gehiago emango balio eta etxe hura euskaldunez betea balego, dirurik ez duen edozein joan ahal izatea, edo mimo berdinarekin artatua izatea, baina ez da superman,ezta beharrik ere, eta jendarteak jakingo du nola xahutzen ari den gure diru publikoa, benatako aberatsen eskuetara bidaltzen.

  • Euskaldunak aintzat hartzeko ez dago ez superman, ez superetxebeste izan beharrik. Webgunea español hutsez dauka, sekula ez diot hitz erdirik euskaraz entzun edo irakurri… Euskaldunontzat ezin mediku ona izan.

  • gurekin beti euskaraz aritu da,, niri ere tamalgarria egiten zait euskararekiko izan duen bilakaera, AEKrekin liburua argitaratzetik orain diozunera arte.
    Ez naiz hemen inoren abokatu lanetan, fanatismo inquisitorialaren aurka baino.
    Suposatzen dut txertoen etiketak ere euskaraz irakurri dituzuela.

  • Ez zara inoren abokatu lanetan ari, baina Bizkarrak euskaldunekiko erakusten duen axolagabekeria aipatuta, txertoen ez dakit zer aipatzen duzu…
    Ba, hara, txertoak ez dit txisterik egiten, baina Bizkarrak euskaldunekiko erdeinua besterik ez du erakusten, zuri gustatu zein ez.
    Euskal Herrian erdaraz barra-barra, oso mediku kaxkarra!

  • Antton Erkizia 2021-09-06 21:54

    Mediku kaxkarra…zuretzat hala izango da.
    Niretzat, mediku moduan: senda-egile, burujabe eta naturarekin harremanetan senda-bidea proposatzen eta praktikatzen duen medikua. Ez badakizu ere, bere terapia nagusia: barau egitea (munduan den terapiarik zaharrena eta naturalena eta logikoena), barrenak des-intoxikatzea, tensioak askatzea, oinutsuk, karrasiak, asko hitzeginez, pakea-hatsa-atseden luzeak hartuz…

    Euskaraz ederki egiten du baina, bai, euskara baztertuta du bere web orrialde eta hitzaldietatik…(ez da bakarra…)

    Garestia dela? Ez dizut ukatuko. Hala ere, Quiron-en partikularki erditzea bezain garestia? edo oporretan 15egun pasatzea baino askoz merkeagoa; mugikor berri koxkor baten prezioan…

    Zer nahi duzu esatea. (
    Hartu diozute seta ederra gizon gizajoari. Hurbilegorik inor ez al zenuten, larrutzeko?

  • Pluralean hitz egiten duzu, Asier, zeuk jakingo zergatik.
    Nik ez diot setarik batere Bizkarrari, ez bere medikuntza ereduari ere. Oso errespetagarria iruditzen zait, eta inor ez du behartzen beregana joatera.
    Baina euskaldunoi BIZKARRA ematen digu oso nabarmen. Beste MEDIKU askok egiten duten bezala. Eta esan ohi da, ez dagoela erdeinu handiagorik aintzat ez hartzea baino. Ba horixe egiten du gure Karmelok: euskaldunak aintzat ez hartu, ezikusiarena egin, hau da, alternatiboa izango da bere medikuntzaren aplikazio teknikoa, ze, aurrez aurreko arretan medikuntza tradizionaleko gehienek bezain era erdal-supremazistan jokatzen baitu.

  • Asier ez, Antton, barkatu.

  • “Zuhaizpe oasi bat da sistema pentsamendu bakar ofizialaren erdigunean. Zuhaizpek osasuna hartzen du balioan, gaixotasuna hartu beharrean. Osasungintza ofizialaren aurkako txerto sendagarria da Zuhaizpe.”
    Ez naiz sartuko aurreko iritziek eta Gorringoren erantzunezko eztabaidan. Nire galdera bat da: Arazoak arazo, eta kritikak kritika zein da medikuntza ofizila delakorean alternatiba? Horrelako txiringito pribatuak zabaltzea? (zenbaitek izango zuten aukera horretarako) ala OSASUNGINTZA ofizilaren arazoak konpontzea? Arbuiatu beahr ditugu Osakidetza eta Osasunbide edo hobetu? Osasungitza publikoa egokia eta unibertsala!

  • “Publiko” hitza Estatuaren jabetza zuritzeko trikimailu dialektiko bat besterik ez da.
    “Publikotasunak” ez du nahitaez onargarritasun handiagorik izaera pribatuaren aurrean. Osasungintza publiko onargarriak lehenik Estatu, zuzenbide eta gobernu onargarri bat behar du.
    Euskaldun ez asimilatuon patua ez luke behar arrotza eta zapaltzailea den Estatua hobetzea, ezta bere publikotasunagatik apustu egitea ere.
    Euskaldun ez asimilatuon patua estatu sistema nazional bat eratzea behar luke.
    Zapaltzaileen legez kanpokoa izanik, halabeharrez izango litzateke “pribatua” etsaiaren ikuspegitik. Era berean, estatu zapaltzailearen “publikotasuna” bere egiten duen euskalduna, euskaldun asimilatua litzateke.

  • Mikel Haranburu 2021-09-10 14:21

    Ufa, azken bi iruzkinek beste eztabaida bat dakarkidate gogora; irakaskuntza publikoa ala irkaskuntza pribatuarena. Paraleloki irizten ahal dugula dirudikit: irakaskuntza publikoa irakaskuntza ofiziala litzateke. Eta irakaskuntza pribatua, irakaskuntza alternatiboa…
    Eta apostu egingo nuke Zuhaizpeko lagun (gehien)ek baietz irakaskuntza ofizialaren alde egingo luketen…