“Zuen herrialdera pateraz”

patera

Jendeak dio futbolak jendea elkartzeko balio duela, umeentzako giro aproposa sortzen duela, eta berarekin gauza ahaztezinak ikas daitezkeela. Ba aitortzen dut baieztapen horietatik soilik azkena jotzen dudala egiatzat. Pasa den ostegunean, uztailaren 4ean, Don Boscon, Donosti Cupeko partidu bat jolastu zuen donostiar talde batek talde frantses baten aurka. Lehenengoei animatzen hogei eta hamar pertsona inguru zeuden; bigarrenei animatzen, ordea, bost. Hamar urteko bost ume besterik ez zeuden (gehienak azal ilunekoak edo blacks ziren, batak besteari deitzen zion bezala).

Frantsesak irabazten zihoazen. Nik ez dakit ezer asko futbolaz, baina ez zitzaidan iruditu joko zikina zerabiltzatenik. Arazoa da ematen zuela taldeko bi jokalarik (azal ilunekoak ere) hamazazpi urte zituztela, benetan hamahiru izanda ere. Klubeko zaharrenek irabaziko zutelakoan, txikiek ezin zuten geldirik egon: oihuak, txaloak eta abestiak ziren nagusi frantsesen artean, zarata gehiegi ateratzeagatik aulkitik bota zituzten arte.

Harmailetara igo bezain laster, oihukatzeari eta klubeko abesti tipikoak abesteari ekin zioten berriz, nire ustez, ohikoa dena. Donostiar taldeko umeen gurasoei, bada, ez zitzaizkien batere atseginak egin umeen buila eta zoriona. Lehenik, beraien ahotsak isilarazten saiatu ziren debekatuak omen dauden tronpeta batzuk erabiliz. Soinuek ezer gutxirako balio izan zutenez, iraintzeari ekin zioten.

“El crestita” eta “allez à la maison”-ekin[1] (mespretxuzko doinuarekin) hasiz, “macarras”, “malditos chulos”-tik pasaz eta “sé que nos entendéis, hijos de…”-ra iritsiz. Umeek, ezer ulertzen ez zuten arren tuntunak ez zirenek, oihuka eta saltoka jarraitu zuten partidua amaitu zen arte. Frantsesek irabazi zuten. Arbitroaren txistuarekin batera, gurasoetako aita batek ezin izan zuen haserrea agoantatu eta eztanda egin zuen: “itzul zaitezte zuen herrialdera pateraz”.

Izugarri haserretu nintzen eta inoiz baino lotsa handiagoa sentitu nuen. Nola zen posible nire hiriko pertsona batek halako zerbait esatea ume moko batzuei? Ez zitzaielako sikiera jokalariei zuzendu. Bat, nik dakidala ez da paterarik behar Frantziara iristeko. Bi, ume batzuk iraini eta mintzen saiatzearekin gizon horrek ez zuen lortu bere semeak partidua irabaztea. Hiru, oso baldarra izan beharra dago hogei eta hamar urte gazteagoa den norbait iraintzeko, batez ere defendatzeko aukerarik ez duenean.

Tamalez, futbolak, baita laguntasuna eta kulturartekotasuna helburu duten umeen txapelketetan ere, bakoitzaren gauza txarrenak begi-bistan jartzen ditu. “Molestatzeagatik” besterik ez ume batzuk iraintzen dituzten horiek alde egin beharko lukete pateraz; sen oneko norbaitek ez luke inoiz egingo eta. Ikusita zeinen pozik atera ziren umeak estadiotik, ez dut uste Euskal Herriko oroipen txarrik eraman zutenik. Baina ziur naiz zerbait ikasi zutela: iraintzen bazaituzte, hoberena entzungorra egitea da; eta espero dut hori ez dezatela inoiz ahaztu. Hala ere, oraindik pentsatzen jarraitzen dut zer esan ziekeen gizon horrek umeei hauek azal zurikoak izan balira.



[1] Allez à la maison esaldiak “etxera joan zaitezte” esan nahi du frantsesez.

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...

4 pentsamendu ““Zuen herrialdera pateraz””-ri buruz

  • Donostiarra 2013-07-09 12:24

    Bada hauxe da futbolaren inguruko giroa askotan, Marina. Nazkagarria.

  • Bai, badakit. Baina ze punturaino merezi du 40 urteko norbaitek 10 urteko norbait iraintzea ezer egin ez duenean? Eta batez ere, bere “arrazarekin” sartzea…? Lotsagarria

  • Ez da futbola bakarrik. Ez dezagun futbola satanizatu. Horrelako jokaerak ikusten dira saskibaloi edo beste eskola kiroletako hainbat partidutan. Konpetitibitate gaizki ulertua, eta edukazio balore eskaseko pertsonak dira arazoa.

  • Marina Landa 2013-07-09 16:35

    Ez dut futbola satanizatu. Milaka gertaeraren artean bat da, ez besterik. Ados nago zurekin.