Zu ere hondoak jota?

malkotan, by Megyars, Flickr
malkotan, by Megyars, Flickr

Beldurra diegu gaitz psikikoei eta beldurra diogu depresioari ere, ezezagunak zaizkigulako. Duela urte batzuk zer zen ere ez genekien eta pertsonak triste edo alai bizi zirela soilik esaten zen. Baina depresioa gaitza da, eta ez nolanahikoa gainera. Depresioa dutenen tasa %10-15 ingurukoa dela kalkulatzen da. Espainian 4-5 milioi kasu inguru daude. Eta Osasunaren Mundu Erakundearen esanetan, 2020rako gaixotasunen eragile nagusienetakoa izando da, gaixotasun koronario eta istripuen atzetik.

Sentimenduak ezagunak ditu, triste dago, ezertarako gogorik ez du, loak hartzea kostatzen zaio… Ezezaguna hauen iraunkortasuna da, bere baitatik alde egin nahiko ez balute bezala da. Zoriontsu izateko formularen bila dabil desesperaturik baina badaki, esan diote, ez dagoela mirakulurik, bidea luzea izango dela.

Gutxinaka gutxinaka presentzia handitzen doa, egungo bizimodua omen da eta, eragile nagusienetakoa. Estresatuta bizi gara eta gure ahalmenen gainetik askotan, eta horrek depresioa pairatzeko aukerak handitzen ditu. Baina zoritxarrez kausak mila izan daitezke eta hori horrela ez da erraza aurre egitea.

Zaharrek, askotan, egungo modernoen txorakeriak direla uste dute, lehen ez zirela deprimitzen, gehiago sufritzen zekitelako. Baina ezin esan lehen deprimitzen ez zirenik. Diagnostikatu da, lehen egiten ez zutena.

Egun ere kasu askotan ez da medikuarengana jotzen. Paradoxa baitirudi doktore batek zorigazitoko izateari nola utzi esan dakigukeenik. Baina gaixotasun orok bezala tratamendua behar du. Gualbuerto Buela Casal, Granadako Unibertsitateko Psikologiako katedradunak EHUko udako ikastaroen baitan depresioaz hitz egin zuen iragan astean. Tratamendurik jasotzen ez dutenen erdiak berriz erori ohi direla dio. Ez da lehen aldia Buela Casal gurera etortzen dela depresioaz hitz egitera. Gainera bere ikastaroak jende gehien erakartzen dutenetakoak izan ohi dira.

Emakumeengan eragina handiagoa da gizonezkoengan baino, baina balantza hau azken urteotan orekatzen ari da. Bizimodu “oker” horretara egokitzen ariko dira gizonezkoak ere.

XXI. mendeko gaitza deiturikoaren hegalak zabalak dira. Bera bezala daude hainbat eta hainbat inguruan, baina ondokoaren gaitzak ez du berea sendatzen. Ez da egun alaiagoen esperoan geratu.