Zorroztailearekin hizketan

Krisiak izorratu duela dio, nik, ostera, zalantzan jarri dut horrek zorroztaileari eraginik egin dionik: “Jendeak ez ditu objektuak konpontzen, berriak erosi baizik. Are gehiago, inor gutxi jaisten da etxeko erosotasunetik kale saltzaile batengana”. Izorratuta omen dago, 2 euroren truke guraiza txikiak zorroztea ez da nahikoa bost seme-alaba elikatzeko. Eskerrak bezero finkoak dituen, telefonoz deitzen dute etxeko tresnei hamaikagarren bizitza emateko. 

Egunean 30 euro lortzen baditu dantzan eta kantuan itzultzen da etxera. Miranda Ebron (Burgos) bizi da baina Euskal Herria ondo ezagutzen omen du. Galiziatik orain 40 urte alde egin zuen “Gallego %100”, baina azenturik ez. Zorroztaile gehiegi zeuden jaioterrian, konpetentzia, eta ahora zer eraman ez zuelako etorri zen. Ziklomotor erdoildua darama alboan, eta halako lizpapera abiadan mugitzen duen tramankulua. Galderak sobera, hitz eta pitz dabil.

Kitarra jotzen du, Rumba, eta Boloak eskaintzen ditu: “Bizitzan denetik izan behar da, marikoia izan ezik”. Barre txikia egin behar izan dut elkarrizketaren izenean. 50 euro besterik ez dizkiote eskaini emanaldi bategatik; “Zer uste dute ba? Nik katxe hobea dut”. Bizitzaren kolpeak jasan dituen borrokalariaren diskurtsoa du. Berlusconiren txisteak gustuko izango ditu, halako pare bat bota dizkit eta.

Hizkera xelebrea du. Bost esalditik bat atsotitza da; “a perro flaco todo son pulgas”. Hiru esalditik behin dio: “¿ya me entiendes no?”. Ez asko. Baina, ohituta nago “ulertzen dizut” aurpegia jartzen. Dena den, halako berritsuei ez zaie inporta ulertu ala ez. Aurrera ba. 

Ba omen dira zorroztaile “kabroiak” ere. Ideiarik izan ez eta emakumeei 15 euroren truke txapuza egiten diete. Eta, horrek, izen ona kentzen dio zorroztaile gremioari. Badira ere zorroztaile txistuarekin deitu eta lapurretan egiten dutenak ere. Izen txarra ogibideari. 

Itzuliko da gau partean Mirandara, eta berriz itzuliko da Gasteizera laster. Zorroztailea.

Afilador sobre oleo de tela

Irudia | Afilador sobre oleo de tela | Jovita López Veres | Creative Commons By SA

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Zer duzu buruan “Zorroztailearekin hizketan”-ri buruz

  • “Txistu txistuka dator,zorrozkileroa, bizikletan darama lantegi osoa”….
    2005ko udan Galizian egon nintzen oporretan eta kasualitatea gizon honekin topatu ginela. Nire aitak berehala ezagutu zuen “Gasteizko zorroztailea da!!! eta hizketan aritu ziren denbora luzez, bera ere oporretan zegoen,bere sustraiak bisitatzen.