Ziztadak zizt [“LaManada” auziaz]

Ziztadak zizt –

Astelehenean jakin nuen ostegunean emango zidatela emaitza, eta astelehenetik eduki dut ezinegon moduko bat gorputzean sartuta, bularraldean ziztadaka, gora eta behera saltoka. Badakit, lehenengo pertsona singularra erabili dut, pluralaren ordez, eta mediku-azterketa baten emaitzaz edo hipotekaren onarpenaz ari naizela dirudi, baina ez da horrela. La manadaren epaiaz ari naiz, bai, eta oso neure sentitu dudalako hitz egin dut singularrean.

Ziztadak zizt

Emakume izendatutako gorputz honen bizitzaren zati ere badelako epaitegi horretan gertatu dena. Ebazpen horrek nire eta inguratzen nauen gizarte osoaren gorputza egituratu duelako, pixka bat gehiago. Gizartean nagusi diren diskurtsoek egiten baikaituzte.

Haurrak garenean autoei eduki behar diegun beldur berbera eduki behar diegu emakumeok gizonei; hau da, errepidea gurutzatu gabe espaloietan edukitzen gintuen beldur horixe, baina ehun aldiz biderkatuta. Hori bai, gizon ezezagunei eduki behar diegu beldurra, nahiz eta hurbilekoek egingo eta egiten diguten kalte handiena.

Bada, beldur edo, hobeto esanda, ikara horrek gidatu behar ditu gure ekintzak, gure bizitza. Horregatik epaitzen dira goizeko lauretan etxera zihoala bortxatutako edo minigona jantzita tabernako mahai gainera igota dantzan ibilitako emakumeak. Beldurrak gidatzen ez gaituela dirudienean, gizonek egin diezaguketenaren erantzule bihurtzen gaituzte emakumeak.

Sexu-ikara esaten zaio beldur horri; horren eraginez, emakumeok gizon ezezagun guzti-guztiei edukitzen diegu beldurra toki ilun edo bakartietan. Guztiei, gizon guztiak direlako bortxatzaile potentzialak gizarte honetan.

Egituraz, gizartearen erdiak ikara dio beste erdiari, eta, besteren artean, horretaz elikatzen da sistema. Aldi berean, gainera, indarkeria erabiltzeko aukera ukatzen digu sistema horrek, eta, ondorioz, zalantza egiten dugu geure burua babesteko orduan ere. Askotan entzun edo sentitu izan dugun paralisi horri buruz ari naiz, bai. Beldurti eta babesgabe nahi gaituzte, beren boterea ukitu ez dezagun.

Gizonei beldurra eduki behar diegula esaten digun sistema horrexek esaten digu, ordea, egitura instituzional eta judizialen bidez, erasotzen gaituztenean aurre egin behar diegula. Aurre egin ezean, erasoa bera jartzen da zalantzan, eta, bestela, edo, gainera, geuri egozten digute errua: zer egiten zenuen ordu horretan hor eta bakarrik.

Beraz, gizonek beldurtu egin behar gaituzten sistema politiko honetan, atari batera sarrarazten nauten bost gizonkotek ikaratu egin behar nautela onartzea litzateke zentzuzkoena. Baina ez. San Ferminetan gertatutako erasoan intimidaziorik eta indarkeriarik egon ez zela argudiatuta erabaki dute epaileek San Ferminetako bortxaketa ez zela bortxaketa izan. Zergatik eta bost gizon heldu eta sendo ez omen direlako nahikoa intimidazio bere baitan. Zergatik eta indarkeriarik ezartzen omen ez delako zakilak baimenik gabe ahotik, alutik eta uzkitik sartzen dizkizutenean.

Lehenengo pertsonan hitz egin dut, epaiak nirekin zerikusi zuzena balu bezala, halaxe delako. Ni ere epaitu nautelako hor, eta baita zu ere, emakumea bazara edo gizarteak emakumetzat bazaitu. Gorputz are babesgabeagoa egin zuten atzo nirea, bat-batean.

Astelehenetik egon naiz emaitzaren zain, ezinegona ziztadaka nuela, ziztadak azkenean beste zulo bortxagarri bat egin didan arte. Zizt.

Eta zu, noiz hasi zinen pornoa ikusten?

Ziztadak zizt

Feminista eta itzultzailea