Zirkua martxan

Zirkua martxan –

Zirkua martxan
Arg: Wilkernet (Pixabay)

Igandetik aurrera 14 urtetik beherako haurrek etxetik ordu batez ateratzeko aukera izan dute. Erabaki hori hartu dutenei galdetu diete ea zer gertatzen den 15 eta 17 urte artekoekin. Haiek ez dutela mandatuak egitera joateko arazorik erantzun dute, beraz, kalera ateratzen ahal direla.

Etxeetan giltzapetu gintuztelarik esaten zuten ahalik eta gutxien ateratzeko etxetik. Erosketa astean behin edo bitan egiteko. Orain, haurrek egunero izanen duten ordu horrekin parekatuta, iduri luke erosketak (edo bankura joatea eta abar) direla kalera ateratzeko modua. Ordu betez kalera ateratzeko aukera izanez gero, jende gutxiago pilatuko litzateke denda itxietan, baina, ez dira gutaz fio. Haurrak bagina bezala tratatzen gaituzte.

40 egun daramagu isolaturik, baina lasai, dagoeneko prestatzen ari dira jendea entretenitzeko betiko errezeta. Espainiako Futbol Ligak testak eginen dizkie jokalariei eta abarrei. Bai, testak. Guk metro eta erdiko distantzia mantendu beharko dugu ilaretan, eta etxeko sofatik ikusten ahalko ditugu hogeita bi gizon zelai batean listua, izerdia eta igurtziak trukatzen. Zirkua martxan da.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko apirilaren 24koa]

Zirkua martxan

BARDO GORRI NAFARRA