Atxiloketak eta zipil usaina

Gabilondo

Besteren iritzia txiokatzea izan da Pablo Iglesiasek euskal presoen abokatuen aurkako sarekadaren inguruan egin duen adierazpen bakarra. Iñaki Gabilondok bere videoblogean argitaratutako ‘Olor a chamusquina’ alea txiokatu zuen atzo Iglesiasek. “Zein beharrezkoak diren Iñaki Gabilondo bezalako kazetariak”, zioen, jarraian esteka ipintzeko. PSOEko bozkatzaileentzat (Podemosen target zuzena) eta beste jende ugarirentzat idoloa den, eta Espainian inor gutxik eztul egingo dion autoritate baten aburuari gorazarre egin, eta orrialdea pasa. Ebrotik behera bozka ez galtzeko jokaldi bikaina. Ezin zaie ukatu zuhurtzia eta argitasuna.



Gabilondok zipil usaina hartu die Guardia Zibilaren azken atxiloketei. “Aurrekari ugari dira hala pentsatzeko” esan eta logikaren hari finaz, Watsonek soilik egingo lukeen eran lotzen ditu gertakariak: Presoen aldeko manifa, abokatuen atxiloketak eta hastear zen makrosumarioa. Denak jarraian gertatzea zori hutsez izan ote da? Kasualitatea ote? “Ez dut uste”, dio. Bingo.

Zipil usaina hartzen diote biek: Gabilondok eta Iglesiasek. Euskal Herrian denbora da ordea, kirats horretara ohitu garena. Ja ez dugu zipil usainik bereizten, kiratsa ez da joaten. Hainbeste dira aurrekariak; ezen, atxilotzea beharrean, ez atxilotzea edo torturatzea beharrean, ez torturatzea bihurtu baita albiste. Eskerrik beroenak Gabilondo eta Iglesiasi haien susmoak partekatzeagatik, baina aspaldi da hemen susmo ez direna, egitate baino. Ahaztu dugu zipil usainak ze zapore zuen.

Iñaki Gabilondoren ‘Olor a chamusquina’ alea:

Ekaitza bainuontzi batean