Zinismo axolagabea

Zinismo axolagabea –

Zinismo axolagabea

Navarra Suma koalizio eskuindarraren eskuetan dagoen Iruñeko Udalari bortz axola zaio hipokrita huts edo ziniko ziztrin gisa agertzea. Hala, ezkerreko eskuarekin kaleko zurrutaren aurkako publizitate kanpaina moralista harrigarria antolatzen du, baina eskuineko eskuarekin kaleko edana esponentzialki handituko duten terrazez beteko du sanferminetan Gazteluko plaza.

Iruñeko Udalak Alde Zaharreko bizilagunen lasaitasuna aldarrikatzen du Herri Sanferminen txosnak erdigunetik kentzeko, baina Iruñearen erdi-erdian sekulako zarata sortuko duten terrazak paratuko ditu.

Izan ere, Iruñeko Udalari berdin zaio hipokrita edo ziniko agertzea, bere jokabideen kalteak jasotzen ditugunon begietan bakarrik agertzen baita hipokrita edo ziniko. Eta ikuspegi hori gure zirkuluetatik harago zabalduko balitz ere, berdin dio, Udalean gehiengoa izan gabe ere gehiengoa balu bezala jokatzen baitu Navarra Sumak.

Zoritxarrez, baina, PSNk du alkatetzatik ziniko zital hauek kentzeko giltza. Beraz, kontuan izanik hauteskundeetarako urtebete baino gutxixeago gelditzen dela, honatx galdera PSNren ezkerrera dauden indar espainolei: Zertan zabiltzate? Oraingoan, bai, fundamentua eginen duzue?

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko ekainaren 1ekoa]

Zinismo axolagabea

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.