Zinemaldiko zortzigarren eguna | Azken aurrekoa

Ze azkar pasatzen diren egunak, konturatu orduko Zinemaldiko bigarren ostirala da gaur. Asteburua hurbiltzearekin batera jende gehiago kaleetan. Batzuk Ewan McGregorren irribarrea ahaztu ezinik, beste batzuk koadernoa eskutan, famaturen baten autografoa ehizatzeko prest. Lasse Hallströmen Hypnotisören/The Hypnotist (Hipnotista) filmarekin hasi dugu eguna. Film suediarren ohiko patxadarekin, Stocholmeko familia baten erahilketak argitzeko erronka du esku artean Joona Linna komisarioak. Heriotzak argitzeko hipnotizatzaile ezagun bat kontratatuko du bizirik irten den lekuko bakarrari (shok egoeran dagoen nerabe bati) galdeketa egin diezaion. Hipnotizatzailearen semea bahitzen dutenean ikerketa korapilatu egingo da. Aurtengo edizioko film asko eleberrietan oinarrituta daude. Pelikula honen gidoia idazteko, Paolo Vacircak Lars Keplerren nobela moldatu du. Batzuei gustatu zaie, beste batzuk ordea hotz utzi ditu.

The Angels’ Share Ken Loach maisuaren azkeneko film luzea begi onez ikusi du Donostiako publikoak. Zabaltegi Perlak itxiko duen filmak barrea eragin du bertaratu direnen artean. Glasgowen bizi den Robbie gaztea eta gizarte-zerbitzuetako programan ezagutzen dituen beste kide batzuek whiskya dastatzeko zaletasuna bereganatuko dute Harry hezitzaileak prestatutako irteera baten harira. Hori da filmeko ardatz nagusia. Umore eskoziar peto petoa.

Bernardo Bertolucci zinemagilearen IO E TE (Ni eta Zu) filma izan da aurtengo Zabaltegi Perletako bat. Lorenzo hamalau urteko nerabeak zailtasunak ditu familiarekin eta bizi den munduarekin erlazionatzeko, hori dela eta eskolakoekin eskiatzera joan beharrean etxeko sotoan ezkutatzea erabakiko du. Sotoan bakarrik eta lasai egongo dela uste bazuen ere, bere usteak okerrak izango dira, drogekin arazoak dituen arrebaordea izango baitu apopilo. Bien artean harreman berezi bat sortuko da eta elkar lagunduko dute. Bertolucciren zinema maite dutenek, filmografian lan oparoagoak dituela aipatu dute.

Tomy Lee Jonesen gaua izan da, gaur jaso baitu Donostia Saria. Ilusio handiegirik ez diola egin esan daiteke, nahiko serio hartu baitu saria. Gainontzeko sarituek ez bezala, Lee Jonesek ez du hitzik egin euskaraz, bere ustez, gurea, hizkuntza zahar eta ohoragarria delako.

Jendea kinielak egin eta egin ari da. Puntuak gora eta puntuak behera. Baina bihar arte itxaron beharko dugu irabazleak nortzuk diren jakiteko. Iaz bezain beste harrituko gaituzte sariek?

IZAN ALA EZ IZAN