Zinemaldiko batzuk

Zinemaldian egon ondoren, batek baino gehiagok galdetu dit zein pelikula gomendatuko niokeen. Zer erantzun ez dakidala geratzen naiz horrelakoetan. Behin baino gehiagotan gertatu zait bere garaian batere gustatu ez zitzaidan pelikula, denborarekin gozatzea. Kritikak baina, filma ikusi eta segituan idatzi ohi dira sarritan. Horregatik kritika baino, iruzkin hitza erabiltzea egokiagoa litzateke. Niri behintzat, ez zait askorik gustatzen kritika hitza eta honek berarekin dakartzan konnotazioak.

Sail Ofizialetik, Fernando Francoren La Herida gomendatuko nuke. Pelikularen sinpletasunarengatik eta aktoreen (batez ere Marian Álvarezen) lan bikainagatik. Manuel Martín Cuencaren La mitad de Oscar (2010) filma askorik gustatu ez bazitzaidan ere, Zinemaldian aurkeztu zuen Caníbalasko gustatu zitzaidan, aurreko filmaren antzeko arrazoiengatik. David Truebaren Vivir es fácil con los ojos cerrados  komedia polita iruditu zitzaidan. Sail Ofizialetik ikusi beharreko beste film batzuk: Jean-Pierre Jeuneten The young and prodigious T.S. Spivet, Denis VilleneuverenEnemy eta Bertrand Tavernierren Quai d’Orsay komedia. Urrezko maskorra irabazi duen Mariana Rondón venezuelarraren Pelo Malo, ez zitzaidan beste munduko ezer iruditu, nahiz eta txarto egon ez.

Sail Ofizialetik kanpo, ikusi nituenetatik Jean-Marc Valléek zuzendutakoDallas Buyers Club gomendatuko nuke. Matthew McConaugheyk HIESA daukan Texaseko elektrizista baten pertsonaia antzezten du. Oscar sarietan zeresana emango duela aipatu du komunikabide batek baino gehiagok.

Berezia eta aurrekontu handirik izan gabe ere, teknikoki liluragarria iruditu zitzaidan Ignas Jonynasen Losejas/The Gambler film lituaniarra.Iaz Dans la Maison lanagatik urrezko maskorra iabazi zuen François Ozonen Jeune eta Jolie ere oso gomendagarria. FIPRESCI saria irabazi duen Abdellatif Kechicheren La Vie d’Adele filma adibidez, gustatu bazitzaidan ere, ez zitzaidan beste munduko ezer iruditu, espektatiba altuegiekin joatearen ondorioz izan daiteke beharbada. Isabel de Ayguavivesen El árbol magnético ere bitxia eta gomendagarria.

Ikusteko moduko beste hainbat pelikula ere badaude, hauek, buelta gehiegi eman gabe burura etorri zaizkidan batzuk baino ez dira.

IZAN ALA EZ IZAN