Zildozko Perutxena etxeko semeen euskarazko idazkiak, XIX. mendekoak

Zildozko Perutxena etxeko semeen euskarazko idazkiak, XIX. mendekoak –

Ekaitz Santaziliak eman du honen berri bere sare sozialetan:

Zildozko (Ezkabarte, Nafarroa) Perutxena etxeko bi semek hainbat idazki eman zituzten, Iruñe aldeko euskaraz, XIX. mendean.

Informazio gehiago: ojs.ehu.eus/23959

Hona hemen haiek idatzitako testu bat, Ekaitz Santaziliak apur bat moldatua:

Unikornio deitzen duten animale fiero batek segitzen zion gizon batei, arrepatu naies, irasteko [irensteko]. Gizon pobre hau, hala igesi zidoaielarik, ellegatu zen marga [barga, amildegi] haundi baten puntera, zeñetatik etzen posible txaustea [jeistea], eta ia unikornio hure ellegatu zekion [zitzaion] urbiltzera, eta ez zauken bertze remediorik, baizik, edo bere burue bota marga bera, edo gelditu animale fiero harren presatako. Elegitu zuelarik lenbizikoa, saltatu zen marga bera, eta izan zuen harren erdien zegon arbole baten arramatik zilintzeka gelditzeko fortune. Kontsuelo zerbait hartu zuen ikustean animale fiero harrengandik libratu zela geiagoko miñik hartu bage [gabe], baño laster guartu [ohartu] zen arbole hure erortzera zidoaiela, zeren bi saguek, bata txurie eta bertzea beltxa, ari ziren gelditu bage harren zañek [zainak, sustraiak] gastatzen. Begiratu zuen bera eta ikusi zuen han zegola dragon horroroso bat esperan noiz eroriko ote zen, agua [ahoa] zabaldurik, haren irasteko. Itzuli begiek alde guzietara, eta reparatu zuen lau aldetatik zeudela lau aspide edo serpiente, miek [mihiak] atrarik harrei jokatzeko figuren [hari eraso egiteko itxuran]. Ikusazie zer gizonaren estadoa: margaren gañetik zegokion beire [begira] unikornioa, marga petik dragona, lau aldetatik lau serpiente, eta guziek hure arrepatu naies, eta bi saguek gelditu bage zemazkiten akabatus arbolearen zañek. Ha, gizon tristea, alde guzietatik zegona beterik era hartako peligroes, niondik [inondik] esperantzarik izan zezaken bage! Nolakoak izanen ote ziren gizon honen turbazioa eta kongoja? Aituko [adituko] duzie bereala nolakoak. Estado erran dugun hontan zegolarik, guartu zen arbole harren ostoetatik erortzen zirela ezti tanta batzuek, eta peligro guziez atzendurik [ahazturik] bezala, hasi zen haiekin dibertitzen, beldurtzeko motiborik ez zuen bezala [ez balu bezala]. Ha zer gizonaren sentidoa! Zer erraiñ [erranen] ziñukete horlako [horrelako] bates? Zenbait sinple edo zentzu bagekoa izanen zela”.

Ea noiz iristen diren idazkiak Klasikoen Gordailura!!!

Zildozko Perutxena etxeko semeen euskarazko idazkiak, XIX. mendekoak

4 pentsamendu “Zildozko Perutxena etxeko semeen euskarazko idazkiak, XIX. mendekoak”-ri buruz

  • Beñat Castorene 2022-12-09 17:09

    Gustatzen zaidana da testu honen bizitasun handia.
    Ba ote dakigu zer zen lanbidez Perutxena hori: apaiz, notari ala laborari?

  • Kaixo!
    Apezak omen ziren. https://ojs.ehu.eus/index.php/ASJU/article/view/23959 estekan klik egin, eta PDFa deskarga dezakezu. Hor duzu artikulua osorik.

  • Gilen Mejuto 2022-12-09 21:29

    Hau da J. Tartasen bertsioa, parabolaren esplikazio batekin (gaurko euskarara moldatua):

    San Damaszeno jaunak gure miseria ontsa eta ederki erakusten du figura eta parabola eder honezaz: dio saindu hark gizon bat egun batez animalia gaizto eta krudel baten ihesi zihoala, zoin deitatzen baita unikornio, erori zela leize, osin eta zilo handi batera; erortzean leize hartara, lotu zela tink-tinka zuhaintze edo arbre txipi bati zoin baitzen leize haren bazterrean, esperantza zuelarik segur zela bere oinak leize haren zolan bermaturik eta bere eskuez eta bere besoez paretako arbrea tinkaturik. So eginik gizon hark leku triste hari, ikusi du bi sagu, bata xuri, bertzea beltz, zuhaintze haren zainen eta razinen jaten eta trenkatzen, eta kasi zuhaintzea, zainak trenkaturik, erortzera zihoala. Ikusi du halaber osin eta leize haren zolan dragoi terrible eta horrible bat, ahotik su eta ke aurtikitzen zuela, iduri ezi ingurunekoak bizirik iretsi eta deboratu behar zituela. Ikusi du haboro leize osin haren bi bazterretarik laur suge handiren buruak jalgitzen zirela. Ikusi du goiti so eginik zuhaintze haren adarretan behera erortzen zela ezti gotera bat, eta, kontsideratu gabe pean eta bazterretan lanjerak zonbat ziren handiak, gizon hura zegoela ahoa zabaldurik ezti haren goteraren jateko eta gozatzeko.

    Figura eta parabola honen esplikazioa entzun ezazu nahi baduzu ikusi eta ezagutu ontsa zure miseria eta kondizio miserablea. Unikornio bestia gaizto eta krudel hura da herioa, gizonari eta emazteari gerla oren oroz egiten duena. Osin eta leize hura da mundua, tribulazio eta kalamitate oroz betea. Zuhainze edo arbre txipi hura da gure bizia edo gure biziaren izaria eta mesura, zoinen zainak bi sagu haiek, xuriak eta beltzak, gauaren eta egunaren orenek, jaten, mozten, hertzen eta trenkatzen baitituzte. Laur sugeak dira laur elementen laur kualitate diferentak: hotza, beroa, idorra, bustia. Dragoi hura da infernua. Ezti haren gotera da munduko plazera eta boluptatea, gure tronpagarria, gure galgarria; hari beha gaude bertze lanjerak oro ahanztera utzirik.

  • Hara! :):):)