Ziklotik kanpo

Ziklotik kanpo –

Ziklotik kanpo

Dilista ustelek kirats sarkorra izan behar dute. Hala ere, usaimena zigortzea gutxienekoa da, gure sasi-duintasunaren marra gurutzatzen dute hauek; gure hondakinen artean miatzen duten gizajoek.

Badakizue, kaleko edukiontzietan uzten ditugun zaborrek hamaika prozesu igarotzen dituzte. Helburua: lehengaien berrerabilpen zikloa bizirik mantentzea.

Baina, gero eta gehiago dira ibilbide hori eteten duten gizonak, arrak baitira gehienetan, arropa zarpailak soinean eta erosketa gurdi txikia alboan. Egunero ez bada astean bitan ikusten ditut edukiontzietan gorputz erdi sartuta: aparailu elektronikoak, beruna, kartoia… Birziklatze ziklo antolatutik hainbat kilo hondakin ateratzen dituzte han eta hemen saltzeko.

Eta, pentsatu dut, haiek ere, gure ziklo sozial eta ekonomikotik kanpo daudela. Zuk eta nik boteretsuen aurrean gutxi garela uste badugu, pentsa hauek. Harreman sozialak haien gisakoekin mantentzera kondenatuta daude, gizarteko estoldetan bizitzera behartuak. Ekonomikoki, hutsaren hurrengoa dira, zama akaso; ez dute ia kontsumitzen ezta baliorik sortzen ere. Ikuspegi utilitarista batetik, txiroetan txiroenak soberan daude gure gizartean. Akaso behartsuen funtzio eraginkorrena elkar laguntzea da, besteongandik ez baidute askorik espero.

Ez dira gehienok ditugun duintasun parametroen barruan bizi. Piramide sozialaren barrenean daude. Ez dute ezker-eskuin begiratzen edukiontzia ireki eta burua sartu aurretik.

Azken hilabeteetan azpi(ko) klase hori indartzeko baldintzak areagotzen ari dira. Jaurlaritzak laguntza sozialak jasotzeko betebeharrak gogortu berri ditu. Edota, Gasteizko Bultzain elkarteak aterpea itxi behar izan du diru-laguntzak ukatu baitizkio Gasteizko Udalak.

Eta, bide batez, krisi garaian, marren barruan gaudenok kanpokoak erruduntzat ditugu gero eta gehiagotan. Ze nolako kiratsa duen honek guztiak.

La Pollaren abestia demokraziek pobreekiko duten jarrera hipokritaren gainean:

Ziklotik kanpo