Maurice Ravel, Ziburuko musikagile handia

Maurice Ravel, Ziburuko musikagile handia –

Euskal Herria betidanik izan da musikari eta musikagile handien habia. Horietako bat dugu, inolako zalantzarik gabe, Maurice Ravel Deluarte Ziburuko semea.

Haur eta gazte urteak

Maurice Ravel, Ziburuko musikagile handiaMaurice Ravel, gerora piano-jole eta musikagile ospetsua izan zena, 1875eko martxoaren 7an sortu zen Ziburun. Aita Pierre Joseph Ravel zuen, Suitzako ingeniaria eta ama Maria Deluarte ziburutarra. Deluarte familiak erro sakonak zituen Ziburun; amatxi Sabina Deluarte kaskarota zen, arraina saltzen ibiltzen zena. Garai hartan Mauriceren gurasoak, aitaren lanbidea zela eta, Espainian bizi ziren, Aranjuez izeneko hirian, eta emaztea haurdun egonik, Lapurdira etorri ziren haurra Ziburun sor zedin.

Haurrak hiru hilabete baizik ez zituela, aitaren lanak Parisera eraman zuen familia osoa eta hor bizi izan ziren luzaz; hori bai, uda guzti-guztietan Ziburura itzultzen ziren. Amaren etengabeko istorioek, kontakizunek eta oroitzapenek sortu zuten Maurice haurrengan Euskal Herriarekiko maitasun eta zaletasuna.

Zazpi urterekin hasi zen pianoa ikasten Henri Ghisekin. Geroago, Charles Renék harmonia erakutsi zion. Hamalau urte besterik ez zituela, Pariseko Kontserbatorioan onartu zuten eta Eugène Anthiôme izan zuen piano irakasle. 1891n, Charles-Wilfrid de Bériot-en piano ikastaroetan sartu zen eta Émile Psessard-ek opera eta operetetako harmonia erakutsi zion. 1893an bere lehen konposizioak sortu zituen, arrakasta handia izan zutenak, eta hurrengo urteetan lehen sariak eta merezimenduak etorri zitzaizkion.

.

Artistaren ibilbide luzea

Maurice Ravel, Ziburuko musikagile handiaHogei urte zituela Un grand sommeil noir eta pianorako Habanera sortu eta plazaratu zituen. 1987an, André Gédalgerekin kontrapuntua ikasi zuen eta 1901etik 1905era Gabriel Fokrérek ematen zituen eskoletara joan zen entzule gisa. Ikasketak bukatzean, Sherazade eta Pavane pour une infante défente plazaratu zituen. Konposizio hauek ospe handia eman zioten Frantzia osoan. Lehen Gerla Handiak Ziburun harrapatu zuen, eta haren itxura ahula zela-eta, ez zuten frontera igorri eta osasun arloko langile gisa egin zuen zerbitzu militar osoa. 1923an Londresen, Venezian eta Amsterdanem ibili zen kontzertuak ematen. 1924an Bartzelonan eta Eskandinaviako hirietan. 1928an Kanadara eta Estatu Batuetara joan zen hainbat kontzertu ematera, eta horrela haren ospea mundu osora zabaldu zen. New Yorken zegoela, ea judua ote zen galdetu zioten, eta hark euskalduna zela erantzun. 1928an sortu zuen Bolero izeneko konposizioa izan zen, zalantzarik gabe, mundu osoan fama handiena eman ziona.

1929an, Bidasoaren bi aldeetako euskaldunak bildu ziren eta Donostian, Baionan, Iruñean eta Biarritzen haren omenezko ikuskizun eta kontzertuak antolatu zituzten. Ziburuk ere, egun oso batez, bere omenaldia eskaini zion. Goiz-goizean meza izan zen Ravel bataiatua izan zen elizan, ondoren sortu zen etxeko horman inskripzio bat ezarri zuten oroigarri gisa, eta geroago pilota partida ederra eta bazkaria izan ziren. Arratsaldean, Donibane Lohizuneko Kasinoan Ravelen musikaz osaturiko kontzertu gogoangarria izan zen.

Maurice Ravel, Ziburuko musikagile handia1933an, Ziburuko hondartzan igeri egiten ari zela, zerbait sumatu zuen beso-zangoetan. Artatu zuten medikuek afasia eta aparaxia diagnostikatu zioten, hau da, mintzatzeko eta mugitzeko pittaka-pittakako galtzea.

1935ean, Espainian eta Marokon barna ibili zen kontzertuz kontzertu, Léon Leyritz adiskidearekin batera. 1936an Larrunera igo zen azken aldiz, eta gailurretik Euskal Herriaz agurtu zen betiko. Gero, Monforten zuen etxean aterpetu zen bukaeraren aiduru, baina oinaze ikaragarri handiak zituela-eta, 1937ko abenduaren 19an ebakuntza bat egin zioten Pariseko ospitale batean. Ezin izan zuen ebakuntza hau gainditu eta handik guttira, abenduaren 28an hil zen.

.

Ravelen konposizio nagusiak

(Zerrenda hau euskarazko wikipediatik hartua da)

  • Sérénade grotesque (18921893)
  • Menuet antique (1895)
  • Habanera pour deux pianos (1895)
  • Valse en ré majeur pour piano (1898)
  • Pavane pour une infante défunte (1899)
  • Ouverture Schéhérazade (1899)
  • Fugue en ré majeur (1900)
  • Jeux d’eau pour piano en mi majeur (1901)
  • Quatuor en fa majeur pour cordes (19021903)
  • Shéhérazade (1903)
  • Miroirs (1904)
  • Introduction et allegro pour harpe, flûte, clarinette et quatuor (1905)
  • Une barque sur l’océan (1906)
  • Rhapsodie espagnole (orchestre) (1907)
  • Gaspard de la nuit (1908)
  • Daphnis et Chloé (ballet) (19091912)
  • Ma Mère l’Oye (ballet) (19081910)
  • Valses nobles et sentimentales (1911)
  • Le Tombeau de Couperin (1914)
  • Trio en la mineur (1914)
  • Alborada del gracioso (1919)
  • La valse (1920)
  • Sonate pour violon et violoncelle(1920)
  • L’enfant et les sortilèges (19191925)
  • Berceuse sur le nom de Fauré (1922)
  • Chansons Madécasses (1922)
  • Tzigane (1924)
  • Sonate pour violon et piano (1927)
  • Boléro (1928)
  • Concerto en ré majeur pour la main gauche (19291930)
  • Concerto en sol majeur (19311932)

.

Euskal Herriarekiko maitasuna

Maurice Ravelek euskaraz egiten zuen, baina kontatzen dutenez, Pariseko azentuaz. Euskal Herriaz galdetuta, bere aberria zela erantzuten zuen beti. Behin erran zuen euskaldunok bi aberri ditugula, hau da, paper eta agiri ofizialetakoa eta gurea. Euskaldun den gauza orotan musika pittin bat badela erraiten zuen askotan. Euskal erritmoetan, zortzikoan gehien bat, oinarrituriko Zazpirak bat izeneko konposizioa egiten, luzaz saiatu bazen ere, ez zuen nehoiz bukatu eta zirriborro gisa utzi zuen, amaitu gabe. Behin Euskal Herria maite zuenetz galde egin zioten, eta haren erantzuna erabatekoa izan zen: Euskal Herria baizik ez dudala maite erranen nuke nik.

1937an hil zen Parisen eta orduz geroztik euskaldunon Parnasoan daukagu, pilota partidak ikusten, konposizio ederrak egiten eta kontzertuak ematen. Bizi bedi horrela luzaz euskaldunen gogoan!

Maurice Ravel, Ziburuko musikagile handia

Ziburuko musikagile handia Maurice Ravel, Ziburuko musikagile handia

Joseba Aurkenerena

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude