Zezenketez

Zezenketez

  • kapitalismoa ez-baian jarri nahi duen mugimendu garaikide orok ezinbestekoa du, hasteko, gizakiaren rola birplanteatzea. Masa-produkzio ereduak eta kapital-metaketak lurraren eta gainerako espezieen esplotazioarekin lotura zuzena baitute.

 

  • Tradizioak eta kulturak ospakizun jakin batzuen printzipio antropologikoak azaltzeko balio du. Inolaz ere ez berauek legitimatzeko. Filosofikoki, animalia bera bigarren maila batera pasa liteke, eta biolentziaren eta torturaren apologia salatzera igaro gintezke.

*Esan gabe doa hemen azpikoa zezenketen analisi bat dela. Subjektibotasunean objektiboa den analisia. Ez, inolaz, halako eta nolako kolektiboen aurkako panfletoa. Alegia: pertsonei zuzenduta dagoen arren, ez nuke nahi modu pertsonalean hartzerik.

Zezenketen aurka egitea, ikuspuntu sinboliko batetik bada ere, garaiko erakusketa antikapitalista (eta anti-instituzionalista, barkatu erredundantzia) indartsuena da. Ezker politiko garaikidearen abangoardia. Mugimendu antiespezistaren adarkadura oso oso txiki bat da Azpeitiko zezen-plazaren aurrean protesta egitea. Ekologismo integral baten irudikapena baita animalismoa. Indarrean eta sarraskian oinarritutako gizaki suntsitzaile baten preponderantziaren aurkako dinamika bakarra. Duela pare bat mendetatik hona espektro iraultzaile ez-dogmatikoan inperantea izan den pesimismo antropologikoa atzean utzi eta, behingoz, antropozentrismoari amaiera iragartzeko ahalmena erakusten duen paradigma biozentriko bakarra da animalismoa. Antropozentrismoa, berriz, eredu ekonomiko, politiko eta sozial esplotatzaile eta sarraskitzaile baten jarraipenean oinarritzen den doktrina. Moralki errelebantea den bakarra gizakia da; natura eta animaliak erabat kosifikaturik daude, eta euren balioak, izatekotan, izaera ekonomikoa du.

Comité Invisble erakunde frantziarraren A nos amis (A nuestros amigos, 2015eko maiatza) liburuak, besteak beste, honakoa dio: “Ezker politikoari iraultza zer den galdetuz gero, ‘gizakia erdigunean jartzea’ erantzungo du, setatsu. Ez da ohartzen mundua nazkatuta dagoela gizakiaz. (…) Espezieari traizioa egiteko mementoa iritsi da. Ez baita inolako gizadirik existitzen, lurtarrak eta etsaiak baino. (…) Iraultza gizonari gerla-adierazpen bat egitean datza. Lurra ipiniz erdigunean”. Eta garbi asko gehituko nuke: kapitalismoa ez-baian jarri nahi duen mugimendu garaikide orok ezinbestekoa du, hasteko, gizakiaren rola birplanteatzea. Masa-produkzio ereduak eta kapital-metaketak lurraren eta gainerako espezieen esplotazioarekin lotura zuzena baitu. Hausnarketa horretara iristen ez den mugimendu oro, uste apalean, narratiba ezberdina har dezakeen beste mugimendu zapaltzaile bat erreproduzitzen ariko da. Gauzen egoeraren errudunak gu gara, eta guk aldatu behar dugu.

Orain oso modan dagoen Gramscik esan bezala, zaharra zena ez da joan oraindik eta berria etortzeko (etortzeke, esango nuke) dago. Einsteinek, bada, honakoa zion: nekez aldatuko dela ezer berdina egiten jarraituz gero. Remix guapo bat egiten ausartuko naiz: ez da ezer berririk etorriko ezer aldatzen ez dugun tamainan. Gu, aldaketatik urruntzen ez ezik, berdina dena erreproduzitzen ari gara.

Beganismoa eta zezenketak

Diskurtsoaren sekuentzia logikoa jarraituz beganismoaz hitz egin beharko nuke orain, ez baita norbanakoaren kapritxo puntuala, lurrarekiko erabateko elkartasun aktiboa baino. Exijitu beharko nizueke, irakurleoi, begano izateko, zuok niri elkarrekikotasunez bumerana itzuli berdin. Arestian erakutsitako dominazio eta esplotazio koordenadetan, zezenketak ez baitira ezer okela eta arrautzen masa-produkzioari erreparatuz gero. Eta egia da. Beganismoa da egungo praktika iraultzaileena. Statu-quoa hankaz gora jarriko lukeena. Antiespezismoa utopikoa da: lortzeko zaila suerta daitekeen ametsa. Ez, ameskeria. Utopiak ez baitu gaurtik biharrerako paradigma-aldaketa exijitzen, aldaketa nondik etorri daitekeen erakutsi baino. Zirrikitua seinalatzen digu utopiak. Ibiliz egiten da galtzada.

Beganismoa ezin da exijitu, hasteko, elikadura-ohitura jakin batzuetara usatu garelako, eta ezin delako goizetik arratsaldera aldaketa gauzatu. Faktore fisiologikoak daude. Osasuna, indarra etabar. Egunean hiru okela pieza jatera eginda dagoen batek haragia uzten duen momentuan ez baitu eguneroko biziari aurre egiteko energiarik topatuko. Gradualki egin beharreko prozesua da beganismoa, eta haragiari alternatiba errealak aurkitzeak garrantzia berezia du: ekoizpen-gaitasuna handitzea eta produktuen balioa (truke-balioa, gaur) merkatzea etab.

Ebidentea da hori, ebidentea den moduan, orojale batek zezenketekin amaitzeko eskatzea ez dela kontraesankorra, esparru-diskurtsibo ezberdinetan daudelako. Ebidentea da, baina azaldu beharra dago, nonbait. Azpeitiar “taurinoen” maila diskurtsiboa hor baitago: Amaiaren perikitoan eta zezenak ez baituk nahi ez hai jun eo etzak haragik jan.

Tradizioak eta kulturak, hala izatekotan, ospakizun jakin batzuen printzipio antropologikoak azaltzeko balio du. Inolaz ere ez berauek legitimatzeko. Zezenketen aurka egitea esplizitua den animaliaren kosifikazio eta doakoa den tortura baten aurka egitea da. Esplizitu-egite horrek esan nahi duena da biolentzia (aisiarekin baino lotura ez duena) bertute bilakatzen dela: atributu. Gizartea espezista izan arren, plazako edonor baita zezenaren sufrimenduaren jakitun, eta sufrimendua identifikatzean, espezismoa beste maila batera igarotzen baita. Hori hala, filosofikoki, animalia bera bigarren maila batera pasa liteke, eta biolentziaren eta torturaren apologia salatzera igaro gintezke. Fronte askotatik dira kritikagarriak zezenketak. Ezker politiko garaikidearen espektroan (ezker-eskuin ardatza zaharkitzen ari den arren, erreminta esplikatibo ontzat dut) kokatzen den berak ezin baititu, teorikoki, zezenketak onartu.

Instituzionalismoa

Hankabiko zehatz baten irrazionalitatea ulergarria litzateke, gizakiok akatsak egiten ditugula jakinik. Onartezina dena, alta, euren burua espektro horren barna kokatzen duten kolektiboen (kolektiboa hankabikoen baturatzat duenik ere bada, oraindik) pasibotasuna da. Edota are lazgarriagoa den parte-hartze aktiboa. Donostian eta Katalunian egin bezala, zezenketak kentzen ez ezik, debate publiko bat egiten ere ez da ausartzen Azpeitiko ezkerra -Zestoan eginiko galdeketak ere, demokratikotik guzia duen arren, legitimotik batere ez du-. Baina okerrena zera da: koherentzia-falta litzatekeela aurkakoa egitea. EH Bilduri, lehia elektoralean dagoen momentutik, ez baitzaio inolaz ere errentagarria suertatzen zezenketen inguruko debate bat gauzatzea. Catch-all party bat da EH Bildu eta hala behar du, zer arraio, zerbait egitera aspiratzen duen alderdi batek. Kontua da enegarren adibide honek erakusten digula ezinezkoa dela aldaketa integralak instituzioetatik gauzatzea. Ezinezkoa, aldaketek boto-eza irudikatzen duten heinean.

Kartelak eta leloak gazteleraz zeudela? Antolakuntzan azpeitiarrik ez zen seinale. Gure esku dago.

(Jatorrizkoa ZirriBorroak blogean).

animalismoa, antropozentrismoa, beganismoa, instituzionalismoa, Kapitalismoa, Zezenketak

10 pentsamendu “Zezenketez”-ri buruz

  • Ederra naiz neure erara 2015-08-06 23:32

    Animalista izateko gogoak kentzen dizkit testu honek. Harrokeriaz betea eta aspergarria da. Ez idatzi modu konplexuan modu sinplean idatzi daitezkeen esaldiak. (“ezker-eskuin ardatza zaharkitzen ari den arren, erreminta esplikatibo ontzat dut” nondik irten zara zu?).
    Antikapitalista izatea ez da instituzioen aurka egotea, barkatu baina ez da erredundantzia.Eta azpeitiar taurinoen esaldiak gaizki idazteak zure pedante izaera erakutsi besterik ez du egiten.”Zentrismo” errepikatzeak ez zaitu jakitunagoa egiten.

  • Jurgi Arruti

    Azpeitiarrez, era kolokialean idazten dudan bakoitzean, letra etzanean, idazten dut gisa horretan. Ez “taurinoak” direlako, azpeitiarra -hizkuntza- delako. Muxu bat, hasi ondo.

  • Jurgi Arruti

    Eta instituzioei dagokienez, noski aurka egoteak antikapitalista ez zaituela egiten. Diodan bakarra da, erretorikoki aurkakoa iradoki daitekeen arren, instituzioen bitartez aldaketa antikapitalista integral bat ezinezkoa dela. Ez naiz instituzioen bidea hartu dutenekin sartzen, hala iradoki dezakedala pentsa litekeen arren.
    Egia esan, osasunean galtzen dut hemengo iruzkinak irakurtzen ditudan bakoitzean. Azken aldia izango da. Nazkatu naiz zuekin.

    • Kaixo Jurgi:
      Azpeitiko Uztarrian deskubritu dizkiat hire idatziak. Sorpresa polita izan dek benetan hik tratatzen ditukan gaiak irakurtzea. Oso idazkera jasoan idatzita daudela….ados. Oso maila sakonean idatzita daudela….ados. Poliki letu beharrekoak dituk bai eta esaldi batzuk birritan irakurri behar direla? Ba, bai. Nik ere inoiz idatzi izan diat Uztarrian zerbait. Ez hain ondo argumentatua eta ez hainbeste aipurekin, Baina zer egingo zioagu ba? Denok ezin diagu maila horretan idatzi. Ez gatxaudek ohituta igual hain landutako gaiak aurkitzen eta irakurtzen, baina berriz zioat , eta batik bat ditxosozko gai hau… Ze, ematen dik azpeitiarra izanda gai tabua dela gai hau solfan jartzea.
      Berriz ere tradizioak. Zer litzateke Azpeitia zezenik gabe? …
      Bejondeilela Jurgi. Ez etsi.
      Nik oso gustora irakurri dizkiat bai gai honi buruzkoa eta bai beste gai batzuri buruzkoak ere. Asko ikasi diat eta zer pentsatu asko eman diak-
      Gora bihotzak!

  • ZuZeu

    Jurgi Arruti estimatua,
    iruzkinen mundua nekeza eta mingarria izan ohi da usu interneteko hedabideetan, baina ez etsi, otoi: oso gogoko dugu zure ekarria. Duela urtebetetik hona argitaratu dituzun sarrerakguztiz egin zaizkigu interesgarriak eta bikainak izan dira ZuZeuko eztabaidetarako. Begiratu, bestela: https://zuzeu.eus/author/jurgi-arruti/
    Beraz, hartzen duzun erabakia hartzen duzula, jakin ezazu gure esker ona duzula aurrez, baina gure artean jarraitzea eskatzen dizugula garbiki. Animo!

  • Ados. Tradizioa eta kultura dira. Baina ez onargarriak nire ustez. Ez da justifikazioa, esplikazioa soilik. Nik easn ohi dut, hala ere, ohitura eta tradizoaren arteko ezberdintasuna lehena gogoz edo espontaneoki egina dela eta tradizioa bere jarduna mantentzeagatik egiten dela da. Hau da, tradizioa tradizioa delako mantentzen dugu, batik bat, eta ez gustatzen zaigulako.

    Dena den, ni espezista naiz. Ez dela esaten duena, nire ustez, bere buruari ari da gezurretan. Gizakia jartzen dut erdian. Nire antzekoak direnengan identifikatzen naiz lehenik. Eta beste espezieen minari bigarren mailako garrantzia ematen diet. Eta politak badira, pena handiagoa. Zein espezistak begiratzen du non zapaltzen duen inurririk ez hiltzeko? Non daude hirietako desratizazioen aurkako kanpainak ? Sentitzen dut baina hala da.
    Guztioi gustatzen zaizkigu gehiago txakur politak itsusiak baino. Eta forgatua omen dago ume politak ere, gehiago maite ditugula.

    Beste gauza bat da zezenketak bezalako espektakulu bat babestea. Haragia jaten dut eta badakit, adibidez, oilaskoen produkzioa guztiz ankerra dela. Askoz gehiago hiltzen dela zezenketetan baino. Kontua hemen beste bat da: ez dudala oilaskoen hilketa ospatzen. Eta zezenketetan hori ospatzen da. Espektakulua egiten da. Zezena humilatzen da. Eta hiltzailea saritu.

  • Azpeitiarra, Uraz Behitikoa, bizilaguna izanen da, dudarik gabe. Bertako hizkera azpeitiera izanen da.

  • Euskaldun bat 2015-08-08 13:19

    Testu hau ulertzeko EGA baino zerbait gehiago behar da gero! Esaldi bakoitza lauzpabost aldiz irakurtzea eskatzen du eta hala ere komeriak. Azkenerako aspertu eta beste artikulu batera joaten zara.

  • Beganismoa da egungo praktika iraultzaileena? Beganismoa iraultzailea? Hau ez da serioa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude