Zezenketak, zaborrak eta erreferendumak

Zezenketak, zaborrak eta erreferendumak

Duela hilabete batzuk lagun batzuen artean eztabaidatu genuen Zestoan izandako bozketari buruz. 2012ko ekainaren 3an zezenketen aurkako herri plataformak  antolatutako referendumean boto emaileen gehiengoak zezenketaren aldeko botoa eman zuen eta horren ondorioz Udalak jarraituko zuen zezenketak antolatzen.

Horri buruz sutsu eztabaidatu genuen gure artean, guztiok ginen antitaurinoak baina batzuk erabakiaren zilegitasuna defenditzen zuten, herri kontsulta batean erabaki zelako, eta beste batzuk ez genuen hain garbi ikusten. Besteak beste halakoak planteatzen genuen: Hondarribian eta Irunen “Betiko” alardearen aldeko bozketa egingo eta irabaziko bazuten, zilegitasuna emango lioke hautu horri herri bozketaren bidez erabakitzea?

Joandako apirilaren 21ean zaborrak birziklatzeko Atez Atekoa sistemaren aurkako plataforma batek antolatutako  bozketa batean Legazpiko boto emaile gehienek Atez Atekoaren aurka, eta berez, gutxien birziklatzen duen sistemaren alde egin zuten.

Burura etorri zitzaidan Zestoari buruzko eztabaida, eta erreferendumi buruzko zalantza teorikoak berpiztu zaizkit; ezkerreko eta askatzaile izan nahi duen ikuspegi batetik gai eta arazo guztiak erabaki daitezke herri kontsultetan? Hona hemen burutazio batzuk.

Eskubideak bai pribilegioak ez.

Aspalditik uste dut erreferendumak, bozketak eta kontsultak direla bitarteko egokienak desadostasunak eta kontraesanak erabakitzeko. Benetako demokrazia izatekotan noski. Nire ustez, eta laburbilduz, erreferendumak mota guztietako giza eskubideak babesteko eta bultzatzeko izan beharko lukete, ez zanpaketa, bazterketak edo bidegabekeriak indartzeko, beti ere nire ezkerreko ikuspegitik.

Zezenketak

 Zezenketak giza eskubide bat da? Zezenketak debekatzeak oinarrizko giza eskubide bat zanpatzen du? Bizitza duintasuna? Osasuna? Irakaskuntza? Erosteko maila?…. Gure dibertsiorako jaietan animaliak hil arte torturatzea giza eskubidea da?  Bere debekuak, ze motako aldaketak edo kalteak ekartzen dizkion herritarraren eguneroko bizitzari? Une honetan ez zait bat ere ez bururatzen.

Nire ustez zezenak torturatu hil arte ez da giza eskubide bat, pribilegio baizik, eta kasu honetan pribilegio sadiko bat, gizarte edo herri baten gehiengoarena izan arren. Etxekotutako animaliak torturatzea delitua bada, zergatik ez zezenak hiltzea? Herri horietan “Betikoa” delako?

Zentzu honetan akats bat iruditzen zait ikuspegi aurrerakoi batetik gai honi buruzko konponketa erreferendumen bidez planteatzea. Zestoan, Tordesillasen, Corian eta antzeko herrietan erabaki behar dute ikuskizun sadiko hauei buruz? Nire ustez biderik zuzenena da Catalunyan hartutakoa.

Zaborrak ez birziklatzea

Legazpin erabaki dute Atez Atekoaren aurka, hau da, gehien birziklatzen duen sistemak alboratu eta zabortegira eta errauskailura joango den zaborra sortzen duen zakarrontzien sistemaren alde. Hau da giza eskubide bat? Atez Atekoak ze motako aldaketak edo kalteak ekartzen dizkio herritarraren eguneroko bizimoduari? Eta hemen erantzuna ez da zezenketekin bezain borobila.

Atez Atekoaren sistemak oposizioa aurkitu du, eta herritar xumearen kasuan, eguneroko bizitzan aldaketa batzuk ekartzen dituelako, ahalegin gehiago eskatzen duelako. Zakarrontzietan botatze hutsak baino leku eta denbora gehiago eskatzen du zaborra birziklatzeko  Atez Ateko sistemak. Eta hortik ez daude prest sartzeko gure herrikide asko; ekologia eta  birziklatzea bai noski, baina soilik iragarkietan eta ahalegina egin behar ez den bitartean. Honek gure gizarteak benetan kontzientzia ekologikoa eskasa daukan erakusteaz gain, erreferendum eta herri demokraziari buruzko kontraesanak sortzen ditu.

Legazpiko boto emaile gehienek haien giza eskubide bat babaestu dute joandako igandeko bozketan? Gehiago eta beharrik gabe kutsatzea giza eskubidea da? Nire ustez ez; gure planetaren egoera kaskarra eta gue kontsumo ereduak sortzen dituen kalteak ondo baino hobeto ezagutzen dugun garai hauetan birziklatzea ez da luxu bat, beharra baizik. Legazpin, eta herri kontsulta izan arren, aukeratu dute zabortegi eta Errauskailu gehiago izatea haiek pitin bat erosoago bizitzeko. Zabortegi eta Errauskailu gehiago…… beste herrietan, noski, ez Legazpin.

Baina errealitateak teorizazio gainetik pasatzen denean gutxirako balio dute asmo onek. Legazpin erabaki dute erabaki dutena eta kito. Bale, tira, demagun baietz; haien giza eskubidea dela hori erabakitzea, gehien kutsatzen duen sistemaren alde eta Atez Atekoa bertan behera geratzen dela Legazpin. Kasu honetan badaukat ondorio garbi bat; Atez Atekoaren sistemaren bidez ahalik eta gehien birziklatzeko ahalegin pertsonala eta kolektiboa egiten ari diren herrietakoek baino zor gehiago ordaindu beharko lukete Legazpiko biztanleek; “gehien kutsatzen duenak gehien ordaindu dezan” printzipioa jarraituz.

Eta noski, halako erabakiekin Errauskailua ekonomikoki bideragarria izatea eta inposatzea lortzen badute, Errauskailua Legazpin jarri dezaten edota zozketa egin dezaten halako erabakiak hartzen dituzten herrien artean. Axolagabekeria eta erosokeria gure giza eskubidea baldin badira…. ondorio guztiekin.

Desobedientzia zibila eta herri kontsultak boterearen alde

EAJk, PSOEk, PPk eta haien komunikabideek xaxatu dituzte herritarren erosokeria, berekoikeria eta antiekologismo atzerakoia, estaldura politikoa emanez, garaipen politiko bat lortuz Bilduren aurka. Hori gutxi balitz Legazpin desobedientzia zibilarekin mehatxatu dute. Ez da barre egiteko modukoa, baina bai  ironiko samar ikustea hamaika makro proiektu suntsitzailea inposatzeko inolako galdeketarik edo erreferendumik onartu ez dituztenak, eta horiek ezartzeko ostiak parra-parra banatu eta banatzen dituztenak, oposizioa diren herrietan herri galdeketak eta desobedientzia zibila bultzatzen dituztela Errauskailurekin lotutako interes ekonomikoak babesteko.

Eta irakurketa politiko interesgarria sortzen du egiaztatzeak urte guzti hauetan egunez egun mota guztietako armez, pilota jaurtitzaile eta borren bidez Espainiako lege guztiak inposatzeko eta betearazteko milioika ostia banatu eta banatzen dituztenek, baita kartzelak betetzen ere, oposizioa diren herrietan herri kontsultak eta desobedientzia zibila bultzatzen dituztela ezkerreko independentistak ahultzeko. Badirudi Gipuzkoan “borroka molde guztien (baketsuak eta bortitzak) arteko harreman egokia” aurkitu dutela EAJk, PSOEk eta PPk. Baina hori…. hori beste artikulu bat da.

25 pentsamendu “Zezenketak, zaborrak eta erreferendumak”-ri buruz

  • Enago batere ados. Niri ere ez zait gustatzen zezenketak eta alardea, baina gehiengoak hori nahi badu ajo y agua eta aguantatu egin beharko gara, bestela oso marra arriskutsua pasatzen dugu: irabaziko ditugun erreferendumak bai eta galduko ditugunak ez eta “por pelotas” egin nahiz eta gutxiengoa izan.

    • bizkaitar bat 2013-04-24 12:44

      Demokrazia baten marra gorria gutxiengoak babestea izan behar da. Kasu honetan, gehiengo batek (Legazpik) ez berziklatzea erabaki duelako, gutxiengo batek (Zubieta) zabor horiek jasan behar ditu? Zubietako ezezkoaren eta Legazpiko ezezkoaren artean, zeinek dauka lehentasuna?

      • Uste dut oker dagoela pertzepzio bat: PaPren kontra daudela errauskailua urrun dutenak.
        Nire ustea (okerra izan daitekeena hau ere) da erreferenduma eginez gero PaPren kontra leudekeela Lasarte edo Donostiako gehiengoa, Zubietako erraustegia oso hurbil izan arren.
        Izan ere, nire ustea baita guzti hau arazo politiko bat dela (alde honetakoak zuri, eta alde hartakoak beltz) eta Legazpin ezezkoa atera den bezala Antzuolan baiezkoa aterako litzatekeela, Zubieta oso urrun eduki arren.
        Beraz, gehiengo eta gutxiengoen kontu hori matizatu egin behar da.

        • Gauza da 5garren edukiontzia ezartzen bada errautsgailua ezarri beharko dela, marra gorri batzuk egon behar dia, bainan ez egotekotan (larria litzateke ze pertsonen hil arteko burrukak baimendu zezakeen herri batek) dena ondo azaldu behar da, ez da 5garren edukiontzia edo Atez-ate, lehengo ze birziklatze tasetara iritsi nahi degun adostu behar da eta geo sistemak proposatu. %10a birziklatu nahi badegu ez da 5garren edukiontzia behar bainan jar ziteken %30raino, hori bai orduan errautsgailua erabakitzen ari dela esan beharko zan, eta ez birziklatzearen aldekoa diala erran (5garren edukiontziaren plataformetaz ari naiz) bainan gaiak sailkatzen ez dituen sistema edo tasa hoietara iristen ez den sistema ezarri behar dela esan. Hori iruzur hutsa dunk.

          Eta 5garren edukiontzia aukeratu zutenak izango zian Errautsgailua beraien lurretan egiteko baimena emango zuketen herriak (alboko herrientzako injustua da, bainan Atez-atekoa nahi duenari ezartzea bidegabeagoa izango zan).

          Beraz, lehengo ze lortu nahi degu aukeratu beharko zan eta geo sistema. Bildu badauka lortu nahi duena eta sistema, Europak aldiz erraten du %60a edo birziklatu behar dela, beraz izunak edo egonen badia, 5garren edukiontzia nahi dutenak ordaindu beharko zuketen, eta nigatik errautsgailua ere ordainaraziko nien.

          Eta ez sasigaldeketa Legazpin egin den bezala.

        • Gauza da mutur haurrean jarriz gero errauskailua ezezkoa bozkatuko luketela. Begiek ez dutena ikusten ez da sentitzen; nahiz eta hurbil izan ez baduzu ikusten badirudi beldur pertzepzioa galtzen dela.
          Ziur nago PaP-ren aurkako jende asko bere etxean aurrean edo beraientzako kalte bat agertzen denean aurka jartzen direnetakoak direla. Errauskailua Legazpin izango balitz bozketa guztiz desberdina litzateke eta Zubietakoak ere alderantziz

    • Zezenketaren kasuan beste faktore bat agertzen da. Zezenarena. Zein eskubide dugu animali bat horrela erabiltzeko? bat ere ez.
      Giza horretan erabakitzen duten herri askok giza eskubideak… lerro gorritzat jartzeko asmotan dira. Niri zuzena iruditzen zait.

  • desobediente tunante 2013-04-24 12:50

    Desobedientziaren harira: aizu, jendeak eskubidea du nahi duenaren alde edo kontra desobedientzia zibila erabiltzeko, eta nahi duenaren alde edo kontra ezer ez egiteko. Zuk eta nik bezalaxe. Eta onartu beharko, demokratak bagara, nahiz eta bat ez etorri.

    • eskubide osoa daukate bai. baina baita nik ere kritika etikoa burutzekoa. edo edukiontziei desobedientzia egitekoa… eta gaurtik hasiko al naiz zaborra kale erdian botatzen? zein zigor jarriko zenidake niri? zein zigor atez atekoari desobeditzen dionari?

      • desobediente tunante 2013-04-25 15:44

        Zuk kontenedoreak erabili gabe uzten baduzu zaborra kanpoan, eta beste batek atez atekoaren zutabeak erabili ordez uzten badu zaborra kanpoan… gauza bera egiten ariko zinatekete.

  • Zestoan galdeteta ez zuen Muu herri ekimenak antolatu, udalak aho batez baizik. Zezenketa zaleek galdeketa bera inposaketa zela aldarrikatu zuten, beren ikuskizuna kuestionatzen zela argudiatuz. Inoiz gure herrian zezenketen aurka burutu den kontzientziazio lan handiena egin bazen ere ” betikoa” nagusitu zen. Askotan kontuok galdu-irabazi terminotan bakarrik aztertzen ditugu, nik ez nuke hain ikuspegi itxia izango.

  • Erabakitze eskubidea, falazia 2013-04-24 13:04

    Erabakitzeko eskubide bera al du independentista batek ala hemen espainiar sentitzen den batek? NO WAY! Hemen.

  • Ainhoaletamendia 2013-04-24 13:39

    Laura Mintegik ere hitz egin zuen honen inguruan. Esan zuen gai batzuk ezin direla erreferendum bidez erabaki, adibidez emakumeon bortxaketa: “Nahiz eta populazioak esan emakumeen bortxaketa onartzen duela, hori ez da erreferendum bidez erabakitzen”. Esan ez zuena zen bere alderdia herri oso baten bortxaketa onartzeko prest dagoela, “erabakitzeko eskubidea” eskatzen baitute.
    Hemen elkarrizketa: http://paperekoa.berria.info/harian/2012-10-14/004/001/Akordiozabalabehardaguztienarteanetaahaliketamoduegonkorrenean.htm
    Eta hemen gai hori ere egoki aipatzen den hitzaldi-eztabaida:
    http://www.youtube.com/watch?v=jYFx3LukLFE

  • Inork gutxik gogoratzen duen beste herri galdeketa bat ere burutu zen Zestoan hondakinen harira. Herritarrek hala eskatuta eta Udalak antolatuta, “Zaborraren arazoaren aurrean, errausketan oinarritzen den Gipuzkoako Aldundia eta Mankomunitateen planarekin ados al zaude?” galderari erantzun genion. Parte hartzea % 60.17 a izan zen, %91.10ak (1.500 herritar pasatxo) errauskailuaren aurka azaldu ginen. Garai haietan GBB-k ohar bat kaleratu zuen, bertan beste lore batzuen artean galdeketa “pantomima antidemokratikoa) zela zioen.

  • Legazpiarra naiz eta hauxe nire gogoeta Legazpiko erreferendum eta emaitzez:

    Erreferenduma deitu zutenek hilabetetan informazioa jasotzeari boikota egiteko esan eta esan ibili dira. Hau da, Udalak, Zero Zabor plataformak, -edo Sasietak!!!!- antolaturiko edozein hitzaldiri boikota egiteko deia zabaldu dute. Gero erreferenduma deitzea ez zait iruditzen garbi jokatzea denik. Horiek horrela, atez ateko sistemaren alde gaudenok bozketan parte ez hartzea erabaki genuen. Atez atekoaren alde botoa eman zutenak, batik bat, despistatu egin zirelako eman zuten botoa. Beste kontu bat da erreferendumak honela antolatzen direnean:

    http://paperekoa.berria.info/harian/2013-04-24/011/002/Hondakinen70birziklatzekoeraadostuetagerogaldeketaegingoduteElgetan.htm

    Legazpin 7115 lagunek eman dezakegu botoa. Horietatik, 3683 joan ziren bozkatzera. Hauetatik 3599k eman zuten 5. edukiontziaren aldeko botoa. Hau da, zensoaren %50.5k. Gogoratu nahi dut “atez ate ez, birziklapena bai” titulupean 3683 sinadura batu zituztela; beraz, prozesua hasi zutenetik hona 84 pertsonek iritzi aldatu dutela nonbait.

    Honekin ez dut 3683 pertsona horien iritziari pisurik kendu nahi, baina gauzak egin diren bezala eginda, batez ere, ez informatzeko eskaera eginez… (oraindik, berriki Denis Itxaso irratian entzun nuen esanez atez atekoa garestiagoa, zikina… dela esanez) ba ez dakit, niri gorputz txarra utzi didala kontu honek guztiak.

    Arazo bat daukagula legazpiarrok argi dago. Helburua daukagu %70era iristea (gutxi gorabehera), eta herri erdiak ez du onartzen hori posible egiten duen sistema “bakarra???”. Sistema mixtoaren eztabaida ere egon da gurean. Negoziazio mahai bat eratu zen partidu politiko eta bi plataformekin, eta bertan ia adostasunera iritsi ziren: Udal gobernuaren proposamena izan zen organikoa eta errefusa atez ate eta gainerakoa edukiontzietan; pnv-rena 5. edukiontzia jarri, berdea kendu eta errefusa atez ate, eta gainerakoa edukiontzitan (5. edukiontziaren kontrola nola burutu ez zuten proposatu), eta kontrako plataformakoek azken momentuan atzera egin dena edukiontzietan biltzea nahi zutela esan zuten.

    ba bueno, pazientziaz hartu behar. Lanean segi behar, eta ea zer pasatzen den hurrengo hilabeteetan!

  • monigote bat 2013-04-24 14:44

    Zein arraroa oraindik inork ez idaztea honi buruz!! atentziorik ez dizue deitu?? Nik uste aita santuari edo iker jimenezi deitu behar diogula euskal herriko mirari edo gertaera extraterrestre hau aztertzeko!!!!.. zeren eta… a ze kasualitatea, bakoitzak horrelako erabaki bat hartu behar duenean, informazio iturri desberdinetatik informazioa jaso eta hausnarketa sakona egin eta gero.. kasualitatez, bere partiduak esaten duena dela onena ikustea!!!!! baina ez partiduak esaten diolako e!! HORI KASUALITATEA DA!!

    monigoteak hutsak gara

  • Amonamantangorri 2013-04-24 15:02

    Legeez askorik ez dakit, baina iruditzen zait zuzenbidean lizentziatutako batek facepalm handi bat eginen lukeela testuaren hasierako gogoetak irakurrita. Izan giza eskubideak, izan legerian jasota dagoen oinarrizko eskubide batez baliatzea zerbait egiteko edo egin nahi ez izateko, izan udal-erregulazioen kontrakoa zein legearen kontrakoa, izan udal mailako araudi bat, izan legea, izan zaborbiltzea eta animalien eskubideak nahiz emakumeenak,… Gai guziak koktelera baten kontu gabe nahasiak, nire irudikoz. Zuzenbidearen terminoak erabili nahi badira, hobe da zuzenbideaz zerbait badakitenei galdetzea.
    .
    Kontua da, Legazpin oposizioak jokaldia irabazi duela. Ezker abertzaleak urteetan hain ongi egin duen bezala, oposizioko alderdiek, Correo eta Noticiaseko hedabideek lagunduta, Legazpiko herriaren parte handi bat udalaren kontra mugitzea lortu dute, zabor biltzearen aitzakiarekin. Hara non, PSE eta EAJ herri kontsulten alde ORAIN; EH Bildu kontra, kontradikzio nabarmen bat azaleraziz.
    .
    Funtsean norgehiagoka politikoa da; ez zait iruditzen zer ikusteko handirik daukanik eskubide fundamental eta abarrekin.
    .
    Atez atekoa martxan jarri da udalerri askotan, ez sistema “objektiboki” hoberena delakoz, baizik batez ere, indar politiko batzuek -ANV, Bildu- instituzioak administratzeko adina boto jaso dituztelako.

  • Botoa eman zuten legazpiarretatik zenbatek ote zekien atez atekoak emaitza hobeak ematen dituela eta erraustegia eraikitzea baino merkeagoa dela? Edo PSOEk Katalunian ez duela ezer atez ateko sistemaren aurka?

    Ezkerreko abertzaleek, Gipuzkoan boterean egon arren, ez dute ahaztu behar espainol kolonialistek eta kolaborazionistek askoz ere bozgorailu handiagoak dituztela iritzi publikoa moldatzeko.

    • kolonialista kolaborazionista bat 2013-04-24 16:35

      Eta atez atekoaren alde dauden zenbat daude horren alde bere alderdiak horrela esaten duelako?

      Eta beste guztiak kolonialista eta kolaborazionistak dira. Bai jauna.

      Batzuon © Benetako euskalduna (TM) markak kanpo-lotsa ematen du.

      • Birziklatze tasa hoietara heltzen duen edozein sistema onartzeko gaude atez-atekoaren alde gauden gehienok, gauza da 5garren edukiontzia nahi duten palataformak errana dutela 5garren edukiontzia nahi dutela bai ala bai,, beraiek ez dutela ezer proposatu behar , Udala dela sistemak eskaini behar dizkiena eta geo beraiek erabaki, bainan Udala badu sistema bat eta horrekin joan zen hauteskundetara eta irabazi zuten. Sistema ez badute gustoko proposatzeko gaiak banatzea behartzen duen sistema bat, baina hori da gakoa, beharrezkoa izatea, ze gaiak benetan banatzen badituzu, atez-atekoa erosoagoa da, bainan sailkatzen ez badituzu, 5garrenak onartzen dizu, eta hori bai erosoa dela .

        Zer da erosoago gaiak sailkatzen badituzu, zure portalera zaborra jaistea, edo 100 metrora egon daiteken edukiontzietara? Eta eguraldi txarra egiten dunean? Bestalde birziklatu nahi ez dutenak errautssgailua inposatzen diote besteei.

  • Somorrostro Harana 2013-04-24 17:27

    Gauzak zuriak edo beltzak ikustearen gura, betiko legez. Idatzi honetan irakur daiteke Atez Ateko sistemaren ados ez bazaude, naturaren kontra edota errauskailuaren alde zaudela. Laburtzearren… Atez Atekoaren alde ez bazaude munduaren amaieragaz bat zatozela esan gura dau dirudi. Bilduk eta EH Bilduk euren programetan partizipazioaren eta galdeketen kontua zeukaten, besteek ez, beraz, nik neuk deritzot ezin dugula eskatu beste alderdiei, euren programetan eroaten ez zutena. Aldi berean eta egia esatearren lotsagarria deritzot zelan EAJk edo PSEk eskatzen duten kontsultak ikustea. Nik uste dut modu desbedinak daudela birziklatze portzentaje handiak lortzeko baina hori alderdi guztien adostasunez eta batez bere, herritarren adostasunez eta hauei informazioa ematen lortu behar da. Zorionez gaur irakurri dudan legez, Elgetan adosten dihardute bai birziklatze portzentaiak, bai egiteko era, bai herritarrei informatzeko gura eurek hauta dezaten. Elgeta hau guztiaren berri onena.

    • Peru Dulantz 2013-04-25 11:59

      Somorrostro:

      Gipukoan (aurreko gobernuek hala nahi izan dutelako) halako puntura iritsi da non eztabaida argia baita: edo erraustegia edo atez atezkoa, Hori ukaezina da. Hortik aurrera, atez atekoaren aurka jartzea erraustegiaen alde egitea da.

  • Hemen azpian gai bat dago: udalerri bateko biztanlegoaren gehiengoak ezezkoa/baiezkoa ematen badio interes orokorrekoa den gai bati, nahikoa al da hori oztopatzeko?
    Nahikoa zen Zornotzako herritarren ezetza (aukera eman balitz) Boroa gelditzeko? Nahikoa Muskizeko biztanleen ezetza (aukera eman balitz) Cockea gelditzeko? Nahikoa Irun eta Hondarribiakoen baietza (aukera egon balitz) emakumeen partehartzea oztopatu edo debekatzeko? Nahikoa litzateke Legazpiko gehiengoaren eta beste herri askoren ezetza atez atekoa oztopatzeko eta Zubietan errauskailua eraikiarazteko? Nahikoa (kasu) herri zehatz bate baietza bere lurretan hilobi nuklear bat eraikitzeko?
    Nire ustez ez. Interes orokorreko gaietan gutxienez lurraldeak erabaki behar baitu (edo interes orokorrak – galdeketa orokorragoek – edo giza eskubideek).
    Beste kontu bat da herri-galdeketa tresna eraginkorra dela kasu guztietan iritzia bideratzeko, presioa egiteko, mediatikoki posizioak irabazteko.. baina ez da nahikoa.

  • Elgetako udalak %70-80 birziklatzeko sistema propioa onartu du aho batez

    Oxel Erostarberen (Aralarretik ateratako independienteak) udal gobernuak, Bilduk eta EAJk adostu dute herriko hodakinen gaikako bilketa %70-80era jasotzea bermatuko duen sistema berria, tartean herri galdeketa aurreikusten duena.
    http://www.argia.com/blogak/ze

  • Zaborrak inork nahi ez dituen gaiak dira. PaP bozkarazten baduzu ezezkoa irtengo zaizu ziur-aski eta errauskailua botatzen baduzu ezezkoak irtengo luke. Hemen bukle batean sartuko ginateke eta zaborrek ez lukete irtenbiderik.
    Galdera hau utopikoa eta faltsua da, jendearen gustukoa baina ezinezkoa. 5º edukiontziaren ondorioak ezkutatzen direlako; hots, errauskailu bat norbaiti inposatzea.
    San Marcosen inguruan bizi zirenek, nik uste gustura hartuko zuten horrelako bozketa bat.
    Nire ustez gauza batzuk teknikoki egin beharrekoak dira eta posible diren bi aukera badaude orduan aukeratu. Teknikoki nire ustez Atez Atekoa da onargarri errauskailu hein handi batean ekiditzen duelako, Birziklapen asko hobea lortzen duelako, gutxienez %80 inguru (besteak ez dira iristen %30era). Gogoratu beharr da errauskailuarekin osasunarekin jokatzen dela inongo beharrik gabe, ordezkoa baitago eta baliabide naturalak erretzen direla munduak ez ditu soberan

  • Ezin sinetsita nabil gai honek zenbat katramila sortzen duen ikusita. Logikoa litzakena ( gehiago birziklatzea) inposizioa, zikinkeria eta abar luze bat da…. 3 kontu gai honen inguruan: 1. Egia da aurreko legealdiko gipuzkoako agintariek erraustegia martxan jarriko zutela agindu zutenean sortu zela gai honekiko sentsibilizazio handia ( herri dinamikak) eta gainera hau zonaldeka eman zen. Lehenik Landarbason zen, gero Irunen, gero Arroan eta azkenik Zubietan. Lehendik jendarteren oso zati txikietan ematen zen honen inguruko sentsibilizaziorik (Zabortegiak pairatzen zituztenak salbu, San Marko inguruko biztanleen kasua). 2. Gaiak ezinbestean (errauskailua inor galdekatu gabe inposatu nahi baitzen) erabaki azkar eta praktiko batzuk hartzera eraman du egungo udal asko, birziklatzen duenarentzako aldaketa txikia proposatuz. Baina gizartearen zati handi bat ( inondik inora birziklatzen duena) ez zegoen hortarako prestatuta. Beraz agian modua, ez da izan egokiena izan baina bai ezinbestekoa. Eta zer? Tabako legea ezarri eta hasierako zalapartatik aurrera ( ostalarien haserrea, diru galera…) zerbait gertatu da? Euroa ezarri zutenean? Lehen etxeko hondakinak ate azpian uzten genituen denak nahastuta orain kontenedoretan (LOGIKARI JARRAITUZ). Nere auzoan txakur jabeak “kontzientziatu” arte jasan behar ditut espaloietako txakur kakak? Batzuetan gizarteak hartu behar ditu iniziatibak transformaziorako eta bestetan instituzioek (gizarte eragile asko dago ere birziklapenaren alde, erraustegiaren kontra). 3. Parte hartzearen inguruan. Neretzako Bilduk proposatu duen gizarte partehartzailean sartuko litzake gure hondakinen ardura hartzea. Izan ere, batzuek proposatzen duten ” zu ni bozkatu eta lasai egon” horrekin konparatuko nuke afera hau. Azkunak duela gutxi Bilbon martxan jarri duen sistema bezala, “Herritarrak ez du ezertaz arduratu behar zaborra zakarrontzira bota eta besteaz gu arduratuko gara”. Zuk bozkatu ez arduratu, zuk kontenedorera bota hondakina, ez arduratu. Horretara egon da jendartearen zati handi bat ohituta urte eta urtetan. Eskubideak zapaldu dizkiotenean isilik , baina betebehar bat jarri zaionean, iraultza!!! batez ere Bilduk proposatu duenean, Kasualitatea!!Ondorioa: Ez da bakarrik kolokan jartzen zabor sistema soil bat, interes ekonomikoak daude tartean ( inork ukatuko al du erraustegia eraikitzea negozio borobila denik?). Baina baita jendarte eredu bat ere, kritikoa, konzientea eskubide eta betebeharrak dituena ( Hau iparraldeko herrialdeetan oso ohikoa da) eta horrek bortizki talka egiten du orain arte izan dugun gizarte ereduarekin ( PNV, PSOEk ederki gidatua). Eta noski beraien makinaria propagandistikoa ( Diario Vasco, Noticias….) martxan jarri dute, negozioak egiten jarraitzeko, jendarte sumisua izaten jarraitzeko….