Zezenaren independentzia

Zezenaren independentzia

Zezenaren independentziaEz dut ukatuko guretzat, euskaldunontzat, nazionalismoak izan duen garrantzia, gure kontzientzia nazional eta euskaldunaren oinarria eta iturburua izan baita. Sabino Aranaren jarraitzaile nazionalistak  agertu ezean,  euskaldunok historiatik kanpo egongo ginateke agian. Halako zerbait esan liteke ezker abertzaleari buruz. Ez ditut ukatuko, bada, nazionalisten  eragina eta garrantzia euskaldunen bizitzan eta historian.

Nazionalismoarekin kontuak egiteko garaia iritsi zaigu, halere. Nazionalismoak, hasiera batean, herri zapalduen identitatea  eta haien askatzeko grina bultzatzen ditu.  Baina, odolkiak ordainetan, herri horiek egitasmo nazionalista baten zerbitzura jartzen ditu. Nazionalisten Estatuaren nukleo materiala, nolabait esateko, sistema militarra (armada eta polizia) eta ekonomikoa dira. Estatu horren «arima», berriz, sistema linguistikoa eta kulturala litzateke. Nazionalismoaren arabera, ezinezkoa da nazio baten espiritua —hizkuntza eta kultura— babestea subiranotasun militarra eta ekonomikoa eskuratu gabe. Nazionalismoaren dogma nagusia, ikusten denez, materialista da. Ez da harritzekoa, nazionalismoa burgesa baita.

Materialismo horren arabera, bada, euskaldunok gure espiritua —hizkuntza eta kultura— babesteko, aurretik independentzia militarra eta ekonomikoa lortu beharko genuke.  Independentzia militarra eta ekonomikoa, hizkera militarra erabiliz, «potro handiko» independentzia da. Ez da erabat desegokia metafora hori, nazionalisten independentzia ideologia matxistak ere kutsatuta dago eta. Zezenaren independentzia da euskal nazionalistek, espainolen eta frantsesen erara, bilatzen duten independentzia.

Zezenaren independentzia  nazio bat eratzeko biderik zuzen eta laburrena da, dudarik gabe; garestiena ere bai. Lerro hauek Galizian ari naiz idazten. Galegoek ezin dute (zezenaren) independentzia lortu. Pobreak omen dira. Ezin dute «Estatu nordiko bat» eraiki; aitzitik, independentzia osoak haien pobrezia areagotuko luke.

Zezenaren independentzia herri boteretsuek eta aberatsek baino ezin dute lortu. Nork nahi du independentea izan pobreagoa eta ahulagoa izateko? Eskerrak euskaldunok, katalanak bezala, aberatsak omen garela. Guk, bai, aberats eta boteretsuei dagokien independentzia potolo hori lor dezakegu. Eta, bizkaitarrak On Kixoteri esan zion bezala, espainolei diotsegu: Yo no caballero?

«Zertarako independentzia? Hobeto bizitzeko!». Erantzun hori euskal independentisten mantra bihurtu da, antza. Lehen, hobeto bizitzea iraultza eta  sozialismoarekin loturik zegoen; gaur, dirudienez, Estatu nordiko batekin. Ez naiz hasiko, filosofoen erara, hobeto bizitzea zer den espekulatzen. Baina euskaldunei galdera zuzen hau egingo diet: Zer da euskaldun batentzat hobeto bizitzea, txalet nordiko bat edukitzea ala euskaraz bizitzea?

«Biok!», erantzungo du agian independentista sutsuak.

Zezenaren independentzia

FILOSOFO OHIA