Zertarako balio du manifestazio batek Euskal Herrian?

Zertarako balio du manifestazio batek Euskal Herrian

Autonomia kalea mukuru ikusteak, jende uholdeak, oihuek, edonoren odola jartzen dute bor borka. Etxetik edo atzerritik segitzen dutenek jendearen erreakzioak dituzte sarean, jendearen bizipen eta sentimentuak. Bizi nahi duenak, barru barrutik bizi dezake halako aldarri bat, halako erantzun kolektibo bat. Eta morboa du baita ere, hurrengo eguneko zifra borrokak, ea errekorra gainditu den ala ez jakiteak, ea Garak zer dioen, eta zer El Mundok eta abar. Bete ‘behar’ den guztietan segitzen dugu eta halaxe segiko Bilboko Autonomia betetzen, baina kartzelek ere bete beterik segiko dute. Rajoyri bost axola dio tantaz tanta Bilbo itsaso bat bihurtzeak.

Zertarako balio du manifestazio batek Euskal Herrian?

Errito, tradizio bat bihurtu da
Autonomia kalea jendez betetzea.
Aurreikusgarria eta erosoa


Eta hausnartzen hausnartzen, ezinbestean, galdera bat etortzen zait burura. Askotan egin diodana bati baino gehiagori, eta inork erantzuten asmatu ez duena. Zertarako balio du manifestazio batek Euskal Herrian? Brainstorming antzeko bat eginda honakoak dira otu zaizkidanak.

Zertarako balio du?

  • Zu bezala pentsatzen duen asko eta asko badela berresteko egun batez. Autoafirmazio gisara.
  • Zure arerioari hor zaudela gogora arazteko.
  • Kausa baten aldeko diru bilketa masiboak egiteko.
  • Lagunekin hiribururen batean txango bat egiteko, eta larunbata bada parrandatxoa botatzeko eta agian ligatzeko.

Urtarrilaren 11erako deitu da beste manifestazio bat, berriz ere autonomia kalea betetzeko. Larunbat honetako argazkiak, eta urtarrilaren 11ekoak nekez bereizi ahal izango dira. Berriz ere uholde bat. Beste bat.



Eta hurrengo egunean gauzek berdin segiko dute, botereguneetan daudenei belarri batetik sartu eta bestetik ateratzen zaielako bart oihukatu zenuena. Errito, kasik tradizio bihurtu delako lehen deseroso zena. Deabruaren abokatu lanetan nabil, eta badakit segur ezer ez egitea baino hobea izango dela Bilbo jendez goraino betetzea. Baina agian hobe genuke pasa den larunbatean Bilbon egondako buru bakoitzak zer edo zer pentsatuko bagenu. Zahar usaina astindu.

Zertarako balio du manifestazio batek Euskal Herrian?

Zertarako balio du manifestazio batek Euskal Herrian?

Kristalezko bolari begira igarotzen ditut goizak eta arratsak. Eta gauez ezin dut lorik egin.

8 pentsamendu “Zertarako balio du manifestazio batek Euskal Herrian?”-ri buruz

  • Albert Zale 2013-10-07 10:00

    Betikoen jarrera tinkoak tinkoagotzeko, ezer mugiarazi ez arren?

  • Eta zer esan beren alde manifarik ez duten kausei buruz? Irailean kalean bizi ziren hiru lagun hil dira Bilbon eta inguruetan, gaixorik.

  • Eta manifestaziorik ez egitea zertarako balioko luke?

  • Peru Dulantz 2013-10-07 16:02

    Zaila da neurtzea zer lortzen den mobilizazio batekin: manifestazioa, greba, diru-bilketa. Baina argi dago beti lortzen dela zerbait, ezer egin gabe baino askoz gehiago.

  • Oraingo egoera mantentzeko, euskaldunak inperialismoen esku torturatzaileetan harrapatuak eta “abertzale” deitzen direnak, urrengo egunean, parlamentu espainola edo udal etxe espainolara joaten “como si nada”…. espainako Estatua indartzeko.

  • Manifestazioek, grebek, elkarretaratzeek… zerbaitetarako balio duten zalantzan jartzen du hainbatek, eta ni, egia esan, horrek harritu egiten nau. Berehalako eragina ez dute izaten maiz protesta modu hauek (batzuetan “berehalakoa” ere izaten duten arren), baina luzera begirakoak askok eta askok izaten dute. Galdera hauen bidez argitu nahi nuke nire iritziaren nondik norakoa:
    Besteak beste (galdera guztien aurretik irakur bedi “besteak beste” hau), zerk eragin du CIU eta Masen azken urteko jarrera eta jokaera aldaketa? Zerk eragin zuen PSN-UPN gobernu akordioaren haustura? Zergatik ez ditu, gogorra da horrela galdetu beharra baina…, zergatik ez ditu Guardia Zibilak azken sarekadan inkomunikazioa aplikatu eta atxilotuak torturatu? ETAren biktimen elkarteek urteetan buruturiko mobilizazio ekintzek ez dute inolako eraginik izan euskal herritarren eta politikarien iritzi eta jokamoldeetan? Zerk mantendu du ezker abertzalea bizirik eta nahikoa indartsu, hamarkada eta erdian, bere erakundeen zuzendaritza guztiak desegiten ari ziren bitartean? Zergatik jo dute Espainiar eta Frantziar Estatuetako gobernu ezberdinek masa borroka antolatzeaz arduratzen ziren erakundeen aurka behin eta berriz?
    Galdera hauek eta beste asko egin daitezkeela uste dut, eta erantzunen arteko bat herritarren mobilizazio bidezko presioa izanen dela argi dut nik.

  • Zapaltzaileen bortizkeriarekin berehala amaitzen lortzen ez badute….. zertarako balio du manifa batek? Eta pintada batek? Eta kartel bat itsasteak? Eta batzarrak egiteak? Eta elkarretaratze batek? Eta greba orokor batek? Eta eskratxe batek? Eta preso bat bisitatzeak? Eta antolatuta egoteagatik preso izateko arriskua onartzeak? Eta kalean barrikadak altxatzeak? Eta zapaltzaileen aurka legez kanpokoak diren ekintzek? Eta boto emateak? Eta Udalak edo Diputazioak kudeatzeak? Eta galdera hauek etengabe egiteak? Eta……… ?
    .
    Zapaltzaileek ez daukate hainbeste zalantza existentzialik. Eta ez dute inolako borroka molderik baztertzen.

  • Nik manifa bat, erdi aroako guda baten jaurtitzen ziran etsaiaren aurkako gezi bat bezala ikusten dot. Gezi bakar batek ez dauka min haundia sortzeko indar nahikorik. Baina mila gezilari badira eta bakoitzak minutuko 4 gezi jaurtitzen badauz, orduan ondoria guztiz ezbardina da.
    Beraz, ni bat nator manifa, greba eta “jaurti daiteken edozein gezirekin”, baina geziak bezain garrantzitsu ikusten dot, gezi guzti horiek nora jaurti behar diren erabakitzen dauan buruzagiaren papera.

    Gure herriak baditu “gezilariak”, nik faltan botatzen dodazanak; gezi guzti horiek, noiz, non eta nora jaurti behar diren erabaki behar daben buruzagiak dira.

    Herri bezela, gure indarrak askatasunera bidean jarriko daben buruzagiak, alegia.