Zero puntuan beti

Zero puntuan beti

Ni jaio nintzenean, 18 urte ziren Espainiako Gerra amaitua zela eta gauza bat bakarrik neukan argi: galtzaileetakoak ginela. Hortik aurrera, etxean eta gainerako senitartekoek esaten zizkidaten gauzak, zahar-kontu begitantzen zitzaizkidan, oso aspaldi gertatutakoak eta neurekin ezer gutxi ikusteko zutenak.

Adinean aurrera noan honetan, gehiago interesatzen zaizkit orduko xehetasunak, osaba Esteban nola hil zuten frentean, edo aitxitxaren anaia ere nola ekarri zuten zerraldo. Amama Mariak elizarekin izan zituen arazoak bi gorpu haien aldeko mezak lortzeko eta hori guztia. Intxorta bezalako lekuen oihartzunak entzuten ikasi dut, nolabait.

Zero puntuan betiGaztetan, ordea, aspergarriak ere egiten zitzaizkigun gure zaharren kontakizun haiek guztiak eta entzundakoak kontutan hartu gabe ekin genion geure jardunari diktadurapean, eta gero ere bai. Adanismoa da hori, aurrekoarena ezagutu eta aintzat hartu gabe, norbera zerotik hastera derrigortzen duen gaitz ezinbestekoa, Nilo ibaiaren jatorria aurkitu gabe balego bezala jokatzera behartzen duena.

Gure garaia, batez ere, ETA izan da, onerako eta txarrerako. Horrek ez dauka orain atzerabiderik. Haren gorabeheretan joan zaizkigu bizitzaren urterik gehienak eta orain ikusi ditugun guztiak kontatzen ditugunean, geu bihurtu gara zahar, ipuin zaharren kontalari.

Gaurko gazteek ez ei dakite nor izan ziren Gregorio Ordoñez edo Juan Jose Etxabe, esaterako. Ez omen dira jabetu ere egiten hemen bizi izan dugun talkaren nolakoaz, ez dakite segur pelikula nola joan den. Haiena behar du etorkizunaren gobernuak, baina ez diote garrantzirik ematen oraintxe arteko gure gertakizunari. Zerbait izan dela bai, jakina, baina ez zergatik eta nola. Bizilegea izango da.

Eta berriro gaude betikoan, Adanismoak dakarren zero puntuan,  nolaz eta errekak bere jarioa eten behar bailuen urberritzeko bere iturburuan.

Zero puntuan beti

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

5 pentsamendu “Zero puntuan beti”-ri buruz