Zerk batzen gaitu? (Campofrio Vs Euskaltel)

Euskaltel-ek argi du erantzuna: nik ere indar gehiagoz sakatzen diot pilak agortzen zaizkionean, nik ere uste dut ez direla irekierrazak, nik ere nahiago dut barra dantzan egin baino. “Ona da gauza berdin asko edukitzea”. Zein giza taldez ari da Euskaltel? Aldiz, nori zuzentzen zitzaion Campofrio-ren ‘El Curriculum de Todos’ iragarkia?

ona

“Campofriorena (haragiki etxea) espainiar nazionalismoaren iragarkia da”, entzun nion Andoni Olariagari Hala Bedi irratian ‘hegemonia’ kontzeptuari buruz egindako elkarrizketa interesgarrian. Iciar Bollainek sortutako iragarkia da ‘El Curriculum de todos’ (Gu guztion curriculuma). Behean duzu ikusteko. Finean iragarkiak egiten duena da Espainia hitza aipatu gabe “nazioaren ondarea osatzen duten ezaugarriak” jaso eta Campofrio markari erantsi balio positibo moduan. Espainia (ele)anitza erakusten du, bere miseria eta bertuteekin. Hegoaldeko euskal herritarrei ezagunak zaizkie erreferentzia gehienak. ‘El Curriculum de Todos’ Espainia batzen duen elementuekin sortutako iragarkia da.

Campofrio-ren iragarkiaren (Iciar Bollain, 2012) baliokidea izan daiteke hein batean Euskaltel-en azkena (Guillermo Viglione, 2013): “Ona da gauza berdin asko edukitzea”. Alegia, Euskaltelen estrategia publizitarioak ere Campofrio-ren bidea egin du: ikus-entzulea ezaugarri batzuk elkarbanatzen dituen komunitate baten parte sentiarazi. Campofrio-ren komunitatea Espainia da, eta Euskaltel-ena… Euskadi? ez dago hain argi. Noren ezaugarri komunak erakusten dituzte mugikor-internet-telebista enpresaren iragarkiek?

Kanpainaren internet iragarkiaren bertsio luzea (spot guztiak):

Campofrio-ren iragarkian ez bezala, Euskaltel-en Ona kanpainan ez da hain argia hartzailearen identitate nazionala. Euskal Herriko paisaiez gain, gutxi dira esklusiboki euskal herritarrenak diren ezaugarriak. Esaldi hauek lirateke:

  • Nik ere esaten dut Agur Benhur! Gero arte Bonaparte!
  • Nik ere deitu izan diot lagun bati Patxiiii!
  • Nik ere dantzatu izan dut Zaldi dantza style.
  • Nik ere nahiago dut barra dantza baino (?)

Euskaltel-en Ona kanpainako gainontzeko erreferentzia komunak bi motatakoak dira: teknologikoak eta orotarikoak. Teknologikoek telefono-telebista-internet-i egiten diote erreferentzia eta besteek mendebaldeko bizimodu arrunt bateko egunerokoei. Aurrez aipatutako lau esaldiez eta Euskal Herriaren paisaia eta pertsonaia (txikitero bat agertzen da) prototipikoez kanpo, espainiar batek bere ezaugarri propioak eta komunak aurkituko lituzke kanpainan.

  • Nik ere jarri dut gaztetako argazki bat interneten.
  • Nik ere nahastu egiten ditut tiratzea eta bultzatzea.
  • Nik ere jaten ditut bokalak txatean ari naizenean.
  • Ni ere ibiltzen hasten naiz mugikorretik ibiltzen hasten naizenean.
  • Nik ere esan izan dut, “bai, bai, iristen ari naiz”.
  • Nik ere uste dut komuneko urak eta sukaldekoak zapore ezberdina dutela.
  • Nik ere ukitzen dut ez ukitu jartzen duen tokian.
  • Nik ere hankarekin bota eta eskuarekin hartzen dut.
  • (…)

Aurreko bi ereduak, Euskaltel eta Campofrio, ikusita gutxienez antzekotasun eta ezberdintasun bana aipatu daitezke. Campofrio espainiarren komunitateari zuzentzen zaio erabat. Euskaltel-ena, ostera, euskaldunei, EAEkoei, baina barne hartuz naziotasun zehaztu gabekoak eta teknologia erabiltzaileak. Bataren hartzailea espainiar bat da, bestearena euskaldun bat…ala ez. Bi iragarkiek helburu bat elkarbanatzen dute: ikus-entzulea komunitate baten parte sentitzea.

Zergatik ez duen Euskaltel-ek Campofrio-ren bidea hartu? Batek daki. Mila arrazoi izan ditzake Dimension publizitate agentziak. Eta, ezin ukatu Ona kanpaina polita ez denik. Baina, tira, efizientzia publizitarioa ez da post honen gaia. Nolakoa litzateke Campofrioren Euskal Herriko bertsioa?

Galdera horri nabil bueltaka, eta erantzuna zaila egiten zait (irudimena ere ez da nere indargunea). Zerk batzen gaitu nazio bezala? Zer dago gu guztion irudimen kolektiboan? Zerk ezaugarritzen gaitu lau bazterretako euskal herritarrak? Sortu al daiteke spot bat euskal identitatearen ezaugarriekin? Euskaltel-entzako erakargarria ote da? Nor litzateke gure Fofito pailazo protagonista? Iñaki Gabilondo kazetaria? Zein gure On Kixote? Torrente? Gure ‘La Roja’?

campofrio, Espainia, Euskal Herria, Euskaltel, identitatea, nazioa, nazionalismoa, publizitatea
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

5 pentsamendu “Zerk batzen gaitu? (Campofrio Vs Euskaltel)”-ri buruz

  • Ezberdintasun handia da Campofriorena krisiaren kontestuan egina dagoela. Euskaltelena beren tradizioan egina dago: euskaltasuna, dela paisairen bat dela ohitura edo esaldiren bat, betidanik sartu izan dute Hegoalden soilik ulertuko den erreferentziaren bat. Finean horixe da darabilten merkatua.

    Euskaltelen iragarkiarena ez dut use, baina Campofrioren aitzindaria nire ustez Gadis supermerkatuen “Vivamos como galegos!” kanpaina da. Ez naiz ziur baina gutxienez 2007az geroztik darabilte eta tonaka iragarki egin dituzte dagoeneko. Galizian izugarrizko arrakasta dute eta herri kulturan sartu dira bertan agertu eta entuzten diren hainbat esaldi.

    http://youtu.be/JaJFJK3VO_A

    Holakoak Euskaltelek edo beste euskal entrepresaren bat egingo balitu ederrak entzungo lituzkete, baina Galizia da, eremu… segurua?

  • Kieto Kieto 2013-04-23 09:33

    Tira, horrelako saio gehiago egin dira: kafe marka batean esaten zuten “aqui a la lluvia le llamamos sirimiri (???!?!?)” arraro hori, edo garagardo marka batean ikus ditzakegun pilotariak eta surflariak. Nortasuna.

    Zer nahi duzue esatea, niri Campofriokoak sekulako lotsa (auzo lotsa eta propioa) eragin zidan, eta nahiago dut “euskaltasunarekin” ezer egin ez dezaten. Seguru Vaya Semanitaren antzeko zerbait aterako litzaiekeela, edo, auskalo, Peru Harriren moduko zerbait.

    Utzi, utzi. Kreatiboak utzi ditzagun egonean mesedez.

  • Keler garagardoaren iragarkia ere aipatu behar da.
    Iban Zalduak artikulu interesgarri bat prestatu zuen hontaz, Diario Kafka-rako idatzi zuen lehen lanean: “Anuncios Vascos”

  • Iñaki Larrañaga
    Iñaki Larrañaga 2013-04-23 14:40

    Eskerrik asko iruzkinengatik. Oso adibide onak! Batzuk ezagutzen nituen, baina saiakera horiek ez azpimarratzea erabaki nuen, ‘Zerk batzen gaitu?’ galdera interesgarriagoa zelakoan (baina aipamen bat ez legoke soberan). Zalduak aipatzen dituen iragarkiez gain, ez nuke ahaztu nahi euskal estereotipoak zabaltzerako orduan Vaya Semanita-k izan zuen garrantzia. Honi guztiari “nation branding” deitzen diote batzuek.

  • Batzen gaituena definitzen gaituena da: euskara. “Euskalduna” euskaraduna edo euskara dakiena da.

    Hori kenduta, vasco edo basqueak gara, baina espainolak eta frantsesak beste ezer baino gehiago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude