Zerga erreforma premiazkoa da

Zerga erreforma premiazkoa da –

Joan den astean Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) proposatu zuen gobernuek aberatsenei eta ondareei aplikatu diezaietela berariazko zerga bat (Elkartasun Zerga). Zerga honekin, esan zuen Vitor Gaspar NDFko Gai Fiskalen saileko zuzendariak, leundu egingo lirateke desberdintasun sozialak, baita larrialdi sanitarioak zein krisi ekonomikoak sortutako beharrizan izugarriak finantziatu ere; hauek defizit eta zor publiko mailaren igoera orokorra eragin dute.
Zerga erreforma premiazkoa da
Irudia: ARGIA

Egun berean AEBetako Biden presidenteak zerga-erreformarako bere proposamenaren berri eman zuen, oinarritzat sozietateen zergaren igoera hartuta: tasa nominala %21etik %28ra pasako litzateke; AEBetatik kanpo lortutako etekinen gainean gutxienez %15eko benetako tasa ezarriko litzateke, hartara enpresa handiek paradisu fiskalak baliatzeko aukera galaraziz. Gainera, Bidenek nahi du Sozietateen Zergan mundu mailan %21eko gutxieneko tasa ezartzea. Izan ere, esan du, “ez da onargarria herrialdeko 500 enpresa handietatik 91k 2019an zerga federalik ordaindu ez izana”.

Proposamen hauek egokiak dira, baina zapore gazi-gozoa uzten digute. Gozoa, lagun dezaketelako EAEn eta Nafarroan zerga-erreforma bat egiten, zeinarekin gehiago ordainduko duten errenta altuek, enpresen etekinek, ondareek eta zergadun aberatsenek; horixe da ELA premiaz eskatzen ari dena.

Baina baita gazia ere: eztabaida politikoan ez dago borondaterik halako zerga-erreformarik egiteko. 2020ko maiatzean ELAk hainbat proposamen egin zuen zergen inguruan. Besteak beste, berariazko bi errekargu ezartzea, bata Sozietateen Zergan eta bestea ondarearen eta fortuna handien zergan. NDFk plazaratu duen proposamenaren harira, ondareen gaineko errekargua progresiboa litzateke, %1 eta %10 bitartekoa dagoeneko zerga aitortzen dutenentzat; honekin 2.000 milioi euro bildu litezke EAEn eta 500 Nafarroan; aberatsak ez baitira soilik Estatu Batuetan bizi.

Gure agintarien erantzuna penagarria izan da. Erabateko ezetza; areago, ukatu egiten dute eztabaidari ekiteko aukera bera. Urkulluk, Chivitek, Rementeriak, Olanok eta Gonzalezek hartu zuten posizioarekin patronala baino eskuinago kokatu dira: Confebasken Batzorde Exekutiboak maiatzean proposatu zuen epe jakin batean “aldi baterako zerga-errekargu finalista” bat ezartzea, “krisitik irteteko derrigor hartu beharko den zorra ordaindu ahal izateko”. Confebask zergak gehitzearen alde, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Aldundiak ez bezala. Hamaika ikustekoak jaio gara!

Zergak igotzea gure agintarientzat lerro gorri bat da. Ukapena neoliberalismo dogmatikoaren eta administrazioek sarrera askoz handiagoak behar dituztela ikusteko itsukeria kezkagarriaren ondorio da.

Hau begibistakoa da mundu guztian (horregatik egin dituzte aipatutako proposamenak NDFk eta Bidenek; ez arrazoi ideologikoen ondorioz, baizik behar gorriak eraginda), eta areago Hego Euskal Herrian, non zerga bidez biltzen den diru kopurua europar batez besteko maila baino askoz beherago dagoen (EAEn urtero 6.000 milioiren defizit estrukturala dugu, eta 2.000rena Nafarroan).

Zerga-erreformaren trena hartu beharra dago. Covid-19ak eragindako diru-bilketaren jaitsiera osatzeko zorra gehitzen ari da, modu partzialean eta aldi baterako. Baina horri ezin zaio luzaroan eutsi. Zor publikoa dagoeneko handiegia da. Gainera, 2008ko krisiaren ondoren gertatu zen bezala, urte batzutan gastu publikoarekin nolabait eskuzabal jokatu ondoren, ostera ere galdatuko digute defizit eta zor publikoaren mugak betetzea eta gastu-hazkundea murriztea (gastu-araua), eta ondorioz murrizketa sozialak etorriko dira. Zor publikoaren erabilpenari buruko kontzientzia dago, halaber, NDF eta Bidenen proposamenen erroan.

Euskal agintariek eta enpresa handiek elkar hartuta jokatzen dute; hor datza hauei zergak ordainarazteko ezezkoaren arrazoia. ELAk erakutsi du AEBetan bezala euskal enpresa nagusiek Sozietateen Zergan oso gutxi ordaintzen dutela, edo bat ere ez. Eskandalu honen aurrean agintariek ezikusiarena egiten dute; are okerrago, babesa ematen diete enpresei, esaterako Petronorri; honen jokabidea Bidenen ikuspuntutik onartezina litzateke, 2019an Sozietateen Zergan euro bat ere ez baitzuen ordaindu.

Nahiko genuke aipatutako euskal politikariak halako hitzak erabiltzea gure enpresei buruz ari direnean. Baina ez, olatua egiten diete etengabe, haien arduradunekin ahal dituzten argazki guztiak ateratzen dituzte eta lehiatu egiten dira ea nor ote den Iberdrola, Petronor edo Euskaltelen kuttuna. Botere instituzionala euskal enpresen interesen esanetara jartzen denean ez du gutxieneko itxura ere eman nahi.

Halaber, oso tristea da ikustea Hego Euskal Herriko ezker politikoa ere NDF eta Biden baino askoz atzerago kokatu dela, erakundeetan eta iritzi publikoaren aurrean zerga-erreforma urgentearen beharra aldarrikatzerakoan. Ona litzateke hau guztia pizgarri bihurtzea EH Bilduk edota Elkarrekin Podemosek zerga-erreforma lehentasun gisa har dezaten, EAEn zein Nafarroan. Biden ezkerreko euskal indar politikoak baino gogorragoa, argiagoa eta handinahiagoa izateak zer pentsa eman beharko lioke askori.

Zergen gaineko errekarguak ezartzea, urtebetez edo zenbait urtez, ez da astakeria. Lehenago egin izan da. 1983an Eusko Jaurlaritzak PFEZean ekitaldi baterako errekargu bat ezarri zuen, progresiboa, %1,7 eta %6,3 bitartekoa. Nabarmendu beharrekoa da Eusko Jaurlaritzaren erabakiz ezarri zela, Harmonizazio Legearen baitan. Alemanian ere egin dute (ia 30 urtez luzatu den Elkartasun Zergaren bidez finantziatu zen batasuna: %5,5a PFEZean eta Sozietateen Zergan), edota Espainian hainbat urtez Rajoyk.

Beraz, benetako zerga-erreforma bat egitea premiazkoa da. ELA kanpaina bat ari da egiten hori galdatzeko. Arrazoizko proposamenak baditugu, eta egingarriak dira. Nafarroako eta EAEko erakundeen esku dago zerga-erreforma egitea. NDFren eta Bidenen proposamenek adierazten dute gero eta aitzakia gutxiago dagoela horri uko egiteko.

Zerga erreforma premiazkoa da
Zerga erreforma premiazkoa da

Gizarte Politika arduraduna (ELA)