Zerbitzu publikoetako langileek aldarrikapenak egiteko eskubidea dute

Zerbitzu publikoetako langileek aldarrikapenak egiteko eskubidea dute –

Zerbitzu publikoetako langileek aldarrikapenak egiteko eskubidea duteEsango didazue iritzi tarte honi izenburu ipini diodana logikaz beteta dagoela eta ukaezina dela, baina, hala ere, agintari batzuen aldetik kontrakoa esan zaigu, joan den larunbatean osasun langileek egindako aldarrikapen eta protesten harira.

Nire esperientziatik ikusitakoa kontatuko dizuet.

Nire amak 86 urte ditu eta adinak eratorritako osasun arazoak ditu eta bihotzetik gazte samarretan operatuta dago, gainera.

Duela lau urte bihotzak huts egin zion eta larri egon zen. Gasteizko nire familia medikuak lehenengo eta, ondoren, Santiago ospitalean primeran hartatu zutenari esker bizirik jarraitzen du.

Orduan, oso kezkatuta geratu nintzen ospitalean ikusitakoarekin: gaixo eta familiakoei emandako harreta beti bezain ona izan zen (osasun zein tratu aldetik), baina, alboko gaixoa tratatzen edo gela garbitzen zeudelako, pasilloetan geldi begira nengoenean ikusitakoak kezkatuta utzi ninduen: osasun langileak jasaten ari ziren estresa nabaritu nuen eta ondorio hau atera nuen: langile gehiago behar ziren lana behar zen patxadaz burutu ahal izateko.

Duela pare bat aste oftalmologiako kontsulta zeukan nire amak eta berarekin joan nintzen Santiagoko ospitalera. Are kezkatuago geratu nintzen. Lehenengo esan nahi dut mediku eta erizainen tratua eta harreta bikaina izan zela, baina nire duela lau urteko kezka handitu egin zen. Itxaron gela jendez gainezka zegoen. COVID-19ak eskatzen zuen distantziak gorde nahian genbiltzan guztiak. Itxarote denbora nahiko luzea zen. Osasun langile guztiak orduz kanpo lanean aritu behar izan zuten. Guri itxaroteko erregutu eta barkamena eskatu ostean, medikuak korrika (literalki) alde egin behar izan zuen gaixo batzuei erreabilitazioa egitera joateko ordua zuelako eta korrika itzuli zen, geratzen ginen gaixoei kasu egitera. Erizainak ere gainezka. Kontsulta beraiek garbitzen zuten gaixo artean. Mediku batek hitzorduetakoei erregu egin zien hainbat aldiz, zeuzkan pazienteen izenak emateko, ze, antza, 4 gehiago jarri zizkioten: bere kexua ez zen 4 paziente gehitu zizkiotelako, baizik eta izenak ez zekizkielako eta, beraz, ezin historiala begiratu eta harreta eman.

Mesedez, osasun langile gehiago behar dira (mediku, erizain, garbitzaile, etab.). Eta bai, eskubide osoa dute hori aldarrikatzeko. Egunero egin beharko genuke aldarria zerbitzu publikoen egoera onaren alde (hezkuntza, kultura, garraioa, etab. barne).

Zerbitzu publikoetako langileek aldarrikapenak egiteko eskubidea dute

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude