Zer gertatuko da alderdi txikiekin?

Lau Indar

Aurreikuspen guztien arabera, (Euskobarometroaren inkesta barne), urriaren 21eko hauteskundeetan lau indar politikok besterik ez dute izango ordezkaritza Eusko legebiltzarrean: EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PP.

Mikel Arana buru duen Ezker Anitzak besterik ez du banaketa horri bosgarren indarra gehitzeko benetako aukera, Vocentoren inkestak dioenez. Ezker Anitzak ordezkaritzarik lortzen ez badu, lehenbiziko aldiz banatuko dira 75 eserlekuak lau indarren artean. Gehien jota zazpi legebiltzar talde izan dira Gasteizen: 1980 urtean egindako hauteskundeetan eta 1986tik 1998 urtera.

Zergatik lau indar?

EH Bildu koalizioa: Gaur egun legebiltzarrean dauden Aralar (lau eserleku) eta Eusko Alkartasuna (eserleku bat) alderdiak Sortu izango denarekin batera aurkeztuko dira, ezkerreko eta abertzale direnen banaketarekin amaituz.

Ezker Batua zena ia desegin egin da. 2009 urtean Oskar Matute bozeramaile duen Alternatiba ildoarekin bat egiten zuten 200 lagun inguruk alderdia utzi zuten. Udal hauteskundeetako iskanbila eta gero, Mikel Aranaren eta Javier Madrazoren ildoaren aldekoen arteko banaketak are gehiago zatitu zituen. Ahultasun egoera horrekin Ezker Anitzarentzat zaila izango da kanpainan zehar mezua indarrez eta sinesgarritasunez helaraztea. Hori gutxi balitz, EH Bildu koalizio indartsura egingo diote ihes hautesle ezkertiar askok. Hori gutxi balitz, Equo alderdi ekologista ere aurkeztu egingo da Araban.

2007 urtean Rosa Diezek sortutako UPyD alderdiak Araban ordezkari bat lortu zuen 5.990 botorekin (%3,98). Boto gehiago izanda ere, EH Bilduren parte hartzearekin oso gaitza izango du Gorka Maneirok berriz eserlekua eskuratzea.

Zein alderdi desagertu dira ?

Legebiltzarrean ordezkaritza izan duten zenbait alderdik ez dute berriz eserlekurik izan; ez behintzat beraien kasa aurkeztuta. Honakoak dira siglak: UCD (1980), AP (1980-1986), PCE (1980), PDP (1984), UL (1984-1986), CDS (1986), EE (1980-1990), PL (1986), UA (1990-1998).

Orain EH Bildun aurkezten den ezker abertzale tradizionalak HB (1980-1994), EH (1998-2001) eta EHAK (2005) siglak erabili ditu legebiltzarrean.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

7 pentsamendu “Zer gertatuko da alderdi txikiekin?”-ri buruz

  • Aupa!

    Zertan oinarritu zarete UPyD eta Ezker Anitza ez direla sartuko esateko? Milesker eta animo!

    • Lehen Ezker Batua zena hiru alderdietan banatu delako ( Ezker anitza, ezker batua eta alternatiba) eta baliteke PP-k ezker abertzaletasunaren aurkako kanpainarekin UPyD-ren bozkak PP-ra joatea. Dena den, Araban erabakiko da haien ordezkaritza eta izatekotan 5 eserleku baino gehiago ez dute edukiko(biak batera).

  • Ados, milesker erantzuteagatik. Nire ustez, inkesten datuak ez dira baliagarriak, ez behintzat alderdi txikiei dagokienean (hori Euskobarometroko egileek berek aitortuko dizute). Errealitatea da, dauzkagun datuekin, Araban UPyDk nahikoa duela orain hiru urteko boto kopuru bera jasotzea eserlekuari eusteko, ez baita egia EHBilduren presentziak zailduko dionik bere eserlekua mantentzea. EHBilduren botoak 2009koetan sartuko bagenitu (gorakada handi bat aurreikusita ere) Gorka Maneirok eserlekuari eutsiko lioke 2009ko emaitzak mantenduta bakarrik. Estatu mailako inkestek UPyD-ren gorakada oso handia aurreikusten dute (eta estatu mailako inkestak fidagarrixeagoak dira UPyDren kasuan). Ikusi behar Araban igoera hori mantentzen den, jaisten den… Baina pentsa nahiko merke legokeela Arabako 25. eserlku hori.

    • D’Hont Legea eskuan (hemen aplikazio bikaina), arrazoia duzu diozunean bai Ezker Anitzak bai UPyDk aukera dutela Araban eserlekua lortzeko. Biek lor dezakete (6.000 inguru bototan egon daiteke langa), edo batek edo inork ere ez. Egia da, bestalde, diogun bezala, 2009 urtean baino zailagoa egingo zaiela: Batez ere EHBren parte hartzeagatik eta balizko abstentzio txikiago baten ondorioz. Batik bat arnas gabe heltzen ari den Ezker Anitzari. ZuZeulari guztiek irakur dezaten Ion Ansak UPyDren aukerei buruz idatzia: “UPyDk aukera handiak ditu Gasteizko parlamentuan segitzeko”.

      • Amonamantangorri 2012-08-25 15:31

        Eta azak ontzeko (barkatu: kriston gogoa nuen noizbait esamolde hori erabiltzeko), joan den astean Javier Madrazok iragarri zuen, “La unidad de la izquierda vasca” izeneko gutunean (sic), EB-B eta Ezker Anitza datozen hauteskundeetara bereizirik aurkeztuko direla.

        Seguru asko, “Madrazistek” karta horrekin jokatu nahi dute, IUrekin indarrak neurtu eta etxera itzuli nahian. Gainera, IUn estatu osoan sekulako istiluak dituzte, beti bezala.

        Niri bederen, interes elektoral erabat makiabelikoengatik, interesgarria iruditzen zait ezker ez-abertzale bat hauteskundeetan tartean egotea. Horrela, PSErekin desengainatuak egonagatik ere EHBri boturik sekulan emanen ez liokeen jendeak edukiko luke beste indar politiko aurrerakoi bat.

  • Aupa! Milesker loturagatik!! Jaja Beno ea zer gertatzen den… Edozer gerta liteke kanpaina eta gero, beraz ez dezagun inor hiltzat jo hasi aurretik. Animo!

  • Ezker Anitzak PSE-EEren botoak arrantza ditzan baldintza guztiak daude: boto erabilgarririk ez, eta PPSOEren alternatiba ez soberanista izaki. Minbizia etxean dute, ordea. Egoerari buelta emango baliote, herrialde bakoitzean eserleku bat disputa lezakete. Mikel Aranak, bere aldetik, ez du tiradizo handirik, eta aurpegi berriak aurkezteko ere berandu daukate (Hauteskundeak Urriaren 21ean izango zirela enteratu ez den alderdi bakarra ote?): askoz lehenago behar zituzten etxeko lanak egin, hautagaiak aurkeztu eta ilusioa sor lezakeen programa bat. Etxeko hautsak harrotuta dauzkate, eta abaguneak ihes egin diezaieke…