Zer eskatu hauteskundetara aurkezten direnei?

Berriako politika sailetik galdera bera egiten diote eragile sozial bateko kide bati egunero.

Eta… zein dira boto emaileen espektatibak? Zer eskatzen diote gobernu berriari? Eta zer klase politikoari, oro har?

*

Boto-emailearengan sortu ditzaketen espektatibak (boto-emaileen zati handienari halakorik geratzen bazaio bederen) modu sanoan kudeatzea izango da U21etik aurrera, alderdien zereginetako bat.
Biharamunean, iragarritakotik, eta herritarrek emandako babesarekin, horiek gauzatzeko edo gauzatu bidean zer egin dezakeen aztertu beharko luke alderdi bakoitzak, eta koherentzian jokatu, iruzurrik gabe. Gauza bat promesa egitea baita kanpainan, eta gero bestea hori burutu edo gauzatzea (eta horretarako borondate eta baliabideak izatea).

Baina inor ez dadila engaina: EAJ Ajuria Enera ailegatzea ez da panazea izango, EH Bildu lehen indarra bada (inkestak ikusita zaila dirudiena), Neguko Jauregia hartuko ez duen modu berean.
Jaurlaritza osatzeko ardura izango duenak, Real Politikaren murrizpen, kontraesan eta ezin guztiak (eta gehiago) izango ditu: egoera ekonomiko zaila gehitu horri eta gainerako alderdien indar korrelazioa ere, babes edo aliantzak lortzeko (edo ez). Beraz, gobernatzeko lana ez da erraza izango, eta kanpo eta barne faktoreek asko zailduko dute kudeaketa bera.
Hautesleria, politika parlamentarioak, borondate eta indarrez jardun arren, dituen mugez jakitun izatea txarra ez, inork altuera hauetan parlamentu autonomikotik miraririk espero badu ere.

*
Azken aldian Pedro Ugartek El Pais egunkarian argitaraturiko zutabe honetaz sarri gogoratzen naiz. Bertan honakoa zioen:

“Sería más fácil defender un quehacer tan honesto y necesario como el de los políticos si estos no hubieran cometido la estupidez de imaginarse capaces de resolvernos la vida y, todavía peor, de jurárnoslo en voz alta.”
Politikariek ardura handiak dituztenik ezin da ukatu. Gehiago orain eta etorkizunean. Baina izan duten autonomiatik, eta Real Politik-aren mugapean, zer eska dakieke eta zer eskatu behar zaie?
Iragarritako programa bete dezatela (barne baliabide eta kanpo faktoreek uzten dioten neurrian)?
*

Urriaren 21ean jokatuko den hegemonia lehia horretan, arazo larriei irtenbidea bilatzeko eta kudeaketa egoki baterako arduraz gaindi (eraginik izango ote du herritar askoren zailtasun errealak kudeatzeko?), Euskal Erdi bateko herritarren norabidea markatzea egongo da auzitan (askapen prozesuan, gutxiengo euskaldunaren hizkuntza eskubideak bermatzen, eredu kultural baten diseinu eta egikaritzean, enplegu politikak, telebista publikoa, ingurumen politika ardurazko baten azterketan…)

Baina, norabidean bide egitea, ez da (ez ote da izango!) Jaurlaritzaren ardura soilik. Zerbait agerian geratu bada, erakundeek bakarrik, bere horretan, politika egiteko duten ezintasuna da. Are nabarmenagoa, mugaz eta eskumen murritzeko parlamentu autonomikoetan.

Halere, hauteskunde hauek garrantzitsuak izaten jarraitzen dute, ezta?

(Sinadurak ataleko blogetik hartua. Jatorrizkoa)
ehun ginen, espektatibak, hauteskundeak, jon benito, promesak, u21
Jon Benito

EHUN GINEN - Idazlea, gidoilaria

13 pentsamendu “Zer eskatu hauteskundetara aurkezten direnei?”-ri buruz

  • Obanoseko infanzoia 2012-10-13 22:09

    Espainako hauteskundetan parte hartuko guztiei? Ba, Espainara alde egitea eta ez itzultzea.

  • “Zerbait agerian geratu bada, erakundeek bakarrik, bere horretan, politika egiteko duten ezintasuna da.”

    Erakundeak ez dira gauza neutro bat, bertan parte hartu eta nahierara moldatu daitezkenak. Erakundeak, sistema politiko oso baten parte dira, eta bere funtzioa betetzen dute. Erakunde autonomikoen funtzioen artean dago, Euskal Herriaren partizioa bultzatzea, euskaldunon integrazioa sistema espainiarrean indartzea, zergak biltzea, legea betearaztea,…Beraz ,uste dut, erakunde horiek politika egiteko sortuak direla
    baina ez direla guk sortuak gure politika egiteko.Artikularen amaieran hauteskundeak garrantzitsuak direla adierazten da, eta ados nago. Hauteskunde hauek oso garrantzitsuak dira espainiar sistema politikoarentzat. Modu honetara, euskaldunok zapalkuntza nazionalari zilegitasuna ematen diogu.

  • Xabier Makazaga 2012-10-13 22:26

    Behin eta berriro luzatu ditudan bi galderaren erantzunaren zain nago oraindik:
    “Iparlazaleek zein desobedientzia zibil mota bultzatu eta gauzatu dituzue? Zein emaitzarekin?”
    .
    Gero eta esanguratsuagoa egiten zait haien isiltasuna horri buruz. Hara nola egin zuten abstentzio “aktiborako” deia (egun horretan mendira edo hondartzara joatearena, alegia):
    .
    “Oker egindakoa ez errepikatzearen garrantzia azaldu ondoren hausnarketaren lehen atalean, zer egin daitekeen aipatu nahi nuke bigarrenean. Erresistentzia zibilak egingarriak diren gauza txiki asko izan ditzake; kostu sozial eskasekoak eta oso eraginkorrak direnak. Horietako bat litzateke hauteskunde egunean mendira edo hondartzara joatea, abstentzio aktibo handi bat egitea.”
    .
    Horietako bat abstentzio “aktibo handi” hori omen. Benetan aktiboa balitz bai, erresistentzia zibila litzateke. Mendira edo hondartzara joatea, ordea, nekez har daiteke erresistentzia zibiltzat. Ezta desobedientzia zibiltzat ere.
    .
    Dena den, argi dago erresistentzia eta desobedientzia zibilerako deia egiten dutela. Ez diet ikusi dei hori inon zehazten, ordea, eta horregatik luzatu dizkiet bi galdera horiek:
    .
    Jakin al daiteke “kostu sozial eskasekoak eta oso eraginkorrak diren” erresistentzia zibileko, edo desobedientzia zibileko, zein gauza txiki bultzatu eta gauzatu dituzten? Zein emaitzarekin?

  • Obanoseko infanzoia 2012-10-13 22:30

    Oztopoa dira gure independentzia berreskuratzeko. Sortez, herrian dago indarra oztopo hori erditik kentzeko. Desagertuko dira ta herriak iraunko du. Hori da gure garaipena.

  • Ferin Galparsoro 2012-10-14 13:37

    Nik herriari egia esatea eskatuko neukie, hau da, ez dutela Euskal Herriaren indepenedentzia posible danik sinisten.

    Euskal Herriaren egoera eta hauteskundeei buruzko Pako Aristiren idatzia berrian:

    http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-10-07/010/001/legearen_erresuma.htm

  • Xabier Makazaga 2012-10-14 14:57

    Ba, nik Iparlazaleei eskatzen diedana da behingoz galdera erraz horiei erantzuna eman diezaiten. Edo esan dezaten zergatik egiten dioten uko erantzuteari.
    .
    Jakin al daiteke “kostu sozial eskasekoak eta oso eraginkorrak diren” erresistentzia zibileko, edo desobedientzia zibileko, zein gauza txiki bultzatu eta gauzatu dituzten? Zein emaitzarekin?
    .
    Askotxo eskatzea al da?

    • Xabi, Abstentzioa ekintza desobedientea da. Nik erantzun dizula uste dut: 5 dira garaipena lortzeko behar direnak, Jendea, konfidantza eta armak (3 hauek herria osatzen dute), liderrak eta berezko euskal ideologia (2 hauek gobernua osatzen dute). Euskal herriaren berezko ideologiari eginiko ekarpena, Iparla, LanDeya, Erresuma eta Pueblo y Poder liburua dira. Testo eta liburu hauen irakurketa euskaldun orori gomendatzen dizkiot, bertan bait dago erantzuna!

  • Xabier Makazaga 2012-10-14 17:41

    Hauteskunde egunean mendira edo hondartzara joatea ez da inondik inora ekintza desobedientea. Desobedientzia zibilak zentzu oso zehatza du, legeak edo dena delakoak agintzen duen zerbait ez obeditzea. Botatzea obligazioa balitz, abstenitzea desobedientzia litzateke.
    .
    Gaur hemen, Belgikan, hauteskundeak dira eta botatzea obligazioa da. Isuna jartzen diote botatzen ez duenari. Hemen bai, ez botatzea ekintza desobedientea izan daiteke. Hori bai, gehienetan ez da, abstenitzen diren gehienek ez baitute egiten ekintza desobedientea gauzatzearren, eta benetan ekintza desobedientea izan dadin ekintzailearen borondatea ezinbestekoa da.
    .
    Dena den, botatzea obligazioa ez denean, ezin esan daiteke inolaz ere abstenitzea ekintza desobedientea denik. Are gutxiago abstentzio aktiboa ez denean. Eta mendira edo hondartzara joateari abstentzio aktiboa deitzea benetan barregarria da.
    .
    Bestalde, ene bi galderen erantzuna ez dago inondik inora Iparla, LanDeya, Erresuma edo Pueblo y Poder liburuan. Oso galdera zehatzak dira eta erantzun zehatza behar dute. Berriro egingo ditut:
    .
    Jakin al daiteke “kostu sozial eskasekoak eta oso eraginkorrak diren” erresistentzia zibileko, edo desobedientzia zibileko, zein gauza txiki bultzatu eta gauzatu dituzten? Zein emaitzarekin?

  • Berezko Herri ideologia berreskuratzea, 500 urtetan lehenegotz, horra hor ahuntzaren gauerdiko estula, Lan-Deya, Iparla eta Erresuma.

    • Gonzalo Etxague

      Antton, zaharrak berri. Hilabeteak daramatzazue matraka berbera ematen, Iparla dela Ariznabarreta dela… Honezkero, ondo ezagutzen zaituztegu, zuek eta zuen panpletoak. Neuk ere gonbita egiten diot oraindik zuen berri ez duenari Iparla eta abarrak irakur ditzan, horixe baita modurik onena jende gehiago engainatu ez dezazuen. Aspaldi esan nuen eta berriro errepikatuko dut: zuek ez duzue estatuarekin konfrontaziorik bilatzen, zuek abertzaleekin bilatzen duzue konfrontazioa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude