Zer eskaintzen dute prentsaren harpidetza digitalek?

Orain dela bi urte, egunkarien negozioko ustezko jakintsuek zioten jendeak ez zuela online edukiagatik ordainduko. Hori zen uste orokorra. Orain, amaitzen ari da irakurleentzako mauka. Gero eta gehiago dira harpidetzari lotutako irakurketa proposatu dutenak. Hori gabe ez omen da biderik. Berriak, Garak, Noticiasek, Vocentok, El Mundok eta Liberationek duten harpidetza digitalaren eskaintza aztertzeak panorama argitu dezake.

harpidetza

Euskal Herri mailan azaroarekin berritasun batzuk etorri dira. Gara egunkariaren harpidetza digitalerako apustuak hedabideen garai berrian urrats bat gehiago eragin du. Ezezaguna da pauso hori aurreraka ote doan ala ez, eta ibilbide luzerik duen. Finantziazio iturri berria defenditzeko, Garako Iñaki Soto zuzendariak adierazi zuen paperezko egunkariaren biziraupenerako ezinbestean norabidea moldatu behar zutela. Zirt edo zart, baina erabakiren bat hartu. Ondorioz, hainbat harpidetza sortu dituzte, eta, diotenez, irakurleen erantzuna oso ona izaten ari da.

Fokua Gara-Naiz-en berritasunetik atera eta geografikoki zabaltzen badugu hedabide bezainbat harpidetza eredu aurki ditzakegu. Azterketa xume bat da hau, Euskal Herrian saltzen diren hainbat egunkari eta prentsa talderena: Berria, Gara, Noticias, Vocento, El Mundo eta Liberation. Hona gaur gaurkoz sarean ordainketa bidez egunkari hauek eskaintzen duten edukia eta prezioa.

Neurketari mugak jartzeko, azterketatik kanpo gelditu dira paperezko egunkariaren edukitik haratago doazen zerbitzuak: gehigarriak, promozioak, aldizkariak, aplikazioak… Funtsean paperezkoaren edukia interneten irakurtzeko moduak eta prezioak ikertu dira. Irudietan agertzen da egunkariaren asteguneko prezioa eta bertako edukiak sarean irakurtzeko harpidetza merkeenarekin ale bakoitzak balio duena.

Berria

Berria egunkariak 1,30€ balio du astegunetan. Sarean doan irakur daiteke.
Berria egunkariak 1,30€ balio du astegunetan. Sarean doan irakur daiteke.

Paperezkoa PDFn deskargatzeko aukera ematen du Berria egunkariak, eta Isuu bisualizatzailearekin irakurtzekoa. Eguneko alea erosteak 90 zentimo balio du Berriako webgunetik, hilabeteko harpidetzak 20 euro eta urterokoak 168 euro. Hamabi hilabeterako izena-emateak egunero aleak banan-banan erostearen aldean erdia balio du, eta hilabeteka erostearen aldean %30 aurrezten da. Presst plataforma erabiliz are merkeagoa da Berria, alde ñimiñoarekin bada ere, eta zerbitzu berberak eskaintzen ditu. Egunkariak 85 zentimo balio du, hilekoak 19 euro eta urtekoak 163 euro. Berria paperezko alearen eduki guztiak doan eskuragarri daude webgunean.

Gara

Garak 1,50€ balio du astegunetan. XL harpidetzarekin eduki guztiak 0,40 euroren truke irakur daitezke.
Garak 1,50€ balio du astegunetan. XL harpidetzarekin eduki guztiak 0,40 euroren truke irakur daitezke.

Harpidetza digitalari besakartzen azkenak izan dira Gara egunkarikoak. Denbora epekako aukerak eman ordez zerbitzuen araberakoak eman dituzte. Merkeena, L (hilean 6 euro), Garako 5 artikulu Naiz bidez irakurtzeko da. XL (hilean 12 euro) egunkariko eduki guztiak irakurri ahal izateko, eta XXL (hilean 18 euro) Garako eduki guztiak PDFan eta bisore propio batean ere irakurri ahal izateko. Doako izen-ematearekin Garako artikulu bat irakurri daiteke egunero. Hau ikusita, harpidetzaren estrategiaren ikuspuntu bat: pastelaren apur batzuk eman dena jateko gosea pizteko. Presst plataforman ere salgai dituzte egunkari eta aldizkariak. Gara-ren ale digital bat erosteak 1,5 euro balio du, paperezkoak adina. Hil osokoak 44 euro eta urtekoak 482 euro. Presst-eko prezioak harpidetza propioarenak baino bi aldiz garestiagoak dira.

Noticias de Álava- Noticias de Gipuzkoa- Noticias de Navarra- Deia

Noticias-en egunkariek 1,30€ balio dute astegunetan. Prestt-eko hileko kuotarekin 0,16€ balio du ale digital bakoitzak.
Noticias-en egunkariek 1,30€ balio dute astegunetan. Prestt-eko hileko kuotarekin 0,16€ balio du ale digital bakoitzak.

Noticias taldeko egunkariek Presst zerbitzua besterik ez dute erabiltzen haien edukiak digitalki saltzeko. PDFa deskargatuta edo Isuu bisorearen bidez irakur daitezke Noticias de Álava, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Navarra eta Deia egunkariak. Presst-ek ematen duen informazioaren arabera, ale bakarrak 79 zentimoko kostua du, hilekoak 5 eurokoa eta urtekoak 400 eurokoa. Alegia, hamabi hilabeteko harpidetza da guztietan garestiena, alde handiz. Aldiz, egunero banaka erosiz urtean 280 euro gastatuko lituzke erosleak, eta hilabeteka eginez 60 euro. Akatsa izan daiteke [informazio bila].

El Correo-Diario Vasco

Vocento taldeko egunkariak 1,30 eurotan saltzen dira astean zehar. KioskoYMas bitartez, ale digitala 0,60 eurotan dago, urteko harpidetzarekin.
Vocento taldeko egunkariak 1,30 eurotan saltzen dira astean zehar. KioskoYMas bitartez, ale digitala 0,60 eurotan dago, urteko harpidetzarekin.

KioskoYMas aplikazioaren bidez eskaintzen dute Vocentoko egunkariek, El Correok eta Diario Vascok, haien bertsio digitala. PDFak irakurtzeko bisore propioa dute, eta deskargatu ere egin daitezke. Ale batek 89 zentimo balio du, hileko harpidetzak 24 euro eta urtekoak 230 euro. Hamabi hilabeteko harpidetzarekin 58 euro aurrezten dira, hilabetekoarekin alderatuta. Hiru hilabeteko eta sei hilabeteko harpidetza digitalak ere egin daitezke, 70 eta 120 eurotan, hurrenez hurren.

Liberation

Paperezkoak 1,50€ balio du astelehentik ostiralera. Sareko harpidetzarekin, ordea, 0,40 eurotan irakur daiteke Liberation.
Paperezkoak 1,50€ balio du astelehentik ostiralera. Sareko harpidetzarekin, ordea, 0,40 eurotan irakur daiteke Liberation.

Lehenbiziko hilabeterako eskaintza batekin abiatu du Liberation egunkariak harpidetza sistema digitala. Euro bat balio du lehenbiziko hilabeteak, eta aurrerantzean 15 euro hilean. Egunkaria PDFan eskaintzen du, eta Liberation.fr-ko eduki guztiak zabaldu. Urteko harpidetza egiten dutenek ere beherapena dute, 150 euro ordainduko baitituzte, bi hilabetez doan eskuragatuz egunkaria.

El Mundo

El Mundo 1,30 eurotan saltzen da kioskoan. Orbyt harpidetza oinarrizkoarekin 0,16€ balio du egunkariko edukiak webean irakurtzeak.
El Mundo 1,30 eurotan saltzen da kioskoan. Orbyt harpidetza oinarrizkoarekin 0,16€ balio du egunkariko edukiak webean irakurtzeak. Une honetan dagoen promozioarekin 0,12€.

Orbyt izeneko sistema darabil El Mundo egunkariak harpidetza digitala kudeatzeko. Egunkaria sarean irakurtzeko bi harpidetza mota nagusi dauzka El Mundok. Oinarrizkoak (hilean 5 euro) webgunearen bidez paperezko eduki guztiak irakurtzeko aukera ematen du. Premium harpidetzak (hilean 10 euro) paperezko egunkariaren erreplika digitala kontsumitzea ahalbidetzen du, baita aplikazio eta hemerotekara sarbidea zabaldu ere. Izena gaur emanez gero, harpidetzaren lehenbiziko hiru hilabeteetan euro bakarra ordaindu beharko da aldiro.

The New York Times

nyt

Aparteko aipamena merezi du egunkari honek. Hain denez kasu bakarra ez omen du gainontzekoekin konparatzeak merezi. Harpidetza digitala eraberritu  du New York Times-ek (merkeenak 3,75$ astean).

Izen-emateari buruzko galderetan (FAQ) aurki dezakegu kazetaritzaren guru hauen ikusmoldea.

Galdera: Zergatik hilero doan 10 artikulu baino gehiago ezin ditut irakurri?

Erantzuna: The New York Times charges for digital access so we can continue to invest in the quality journalism you know and love (NYTk sarbide digitalagatik kobratzen du zuk maite eta ezagutzen duzun kalitatezko kazetaritzan inbertitzen jarraitzeko)

Gogoeta bat edo.

Ate batzuk itxi dituzte leihoak zabalduko diren itxaropenarekin. Kazetaritza jarduna finantziatzeko arazoak itzulerarik gabeko egoeran dirudi. Negozioa ereduak egin du kale, eta kazetarien ajeek garaiz erreakzionatzea galarazi dute. Internet ordaineko bihurtzea -horma bat altxatzea- paperaren galeren aurreko erantzuna izan da, hein handi batean; kioskoko produktuaren salmentak behera egin duelako eta egingo duelako, besteak beste, sarearen konpetentzia izugarriaren ondorioz. Egora korapilotsua da: bizi ala iraun.

Atzoko informazioa 5W-rekin ez da nahikoa. Orain, egunkarietako edukiak interpretaziora doaz, iritzira, analisira, literaturara, testuinguratzera, ikertzera, istorio interesgarriak aurkitzera, inoiz baino gehiago. Batek daki argazkilaritzari merezitako balioa ematera ere iritsiko diren. Horiek dira sareko berehalakotasunaren lehiakide batzuk. Breaking News eta kalitatezko multimediaren ordainik apenas jasotzen denez, testu idatziaren bermera jo dute. Marka bat, idazle batzuk (argazkilari batzuk agian). Hori guztia epe motzean apainduko da teknologiek ahalbidetzen duten tresna guztiekin, aplikazio esklusiboekin adibidez, edo longform ikusgarriekin (SnowBall: The Avalanche at Tunnel Creek).

Berrikuntza horiek hemen daude, baina ez datoz negozio eredua ordezkatzera, produktua berritzera baizik. Egunkariek -eta horien harpidetza digitalek- lehen esandako bilakaera funtzionala izango dute. Informazio jarioa etengabea den garaiak kontuan hartuta, egunkariak ez dira produktu masiboak izango, baina pertsona batzuk prest egongo dira munduan gertatzen dena kontatuko dien marka periodistikoa ordaintzeko. Formula batekin edo bestearekin, baina badirudi publizitatetik baino kontsumitzaileen ekarpenetik helduko dela proiektu komunikatiboen bideragarritasun ekonomikoa.

Bere komunitatearentzako interesgarria den produktua sortuko dute? Beste inon lortu ezin den hori? Beste inork egiten ez duen modu horretan?  Prezio egokian? Zulo horietatik sar daiteke haize goxoa geure ingurune komunikatiboan.

Artikuluak.

News You Can Lose. New Yorker. 2008.

New York Times v Washington Post – a tale of two strategies. The Guardian. 2013.

digitala, egunkariak, harpidetza, komunikabideak, Prezioak
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Zer duzu buruan “Zer eskaintzen dute prentsaren harpidetza digitalek?”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude