Baina, zer du Adegik sokatiraren kontra?

Baina, zer du Adegik sokatiraren kontra?
Baina, zer du Adegik sokatiraren kontra?

Glúteos y pechos perfectos, ezpain mamitsuak, tableta, bizeps, trizeps, kuadrizeps ikusgarrien garaian; Coprporación Dermoestética, goitik beherako depilazioa, Irati Extrem, Ironman, Ehun milen garaian; gorputza bere mugetara eramango duen lasterketak, zenbat eta zailagoa, zenbat eta erokeria handiagoa, hainbat eta jende gehiago erakartzen duen garaian, Adegik negoziazio kolektiboa utzi eta kirola sustatzeari ekin dio, kiroltasunez.

Enpresen arteko lasterketa antolatzen du Donostian urte batzuetatik hona. Igeriketa-lasterketak ere antolatzen ditu: “busti lankideekin. Empresas que se mojan”. Laugarrena irail honetan ospatu da, arrakasta handiz.

Bi lasterketa hauek badute bertute bat, benetan eskertu behar zaiena: biak kirol indibidualak izanagatik, antolakuntzak taldekako lasterketa bihurtu ditu. Ez da banakoen arteko lehia, taldekakoa baizik. Balio sinboliko handia dauka, kapitalismoak sustatzen duen indibidualismoaren gainetik lan kolektiboari ematen diolako indarra.

Dena den, bi kirol hauek, oso hedatuak egonik ere, ez dute bertako kutsurik, ez dute bertako kultura, bertako izaera islatzen. Bertokotasuna sinbolikoki adierazteko ez dira baliagarriak. Globalizazio indibidualean taldeka lan egin behar da, bai, baina maila lokalean, bertako bereiztasunak landuz eta zukutuz.

Agian gabezia hori konpontzeko erabaki du Adegik urte honetatik hasita hiru urtez Kontxako estropadetako lehen traineru gipuzkoarrei (femeninoa eta maskulinoa) sari mardul bat ematea: 5.000 euro tripulazio bakoitzari. Eta hemen sortzen zaizkit dudak niri.

Ulertzen dut aizkolari edo harri jasotzaileak ez saritzea. Bertako kirolak dira, baina indibidualak. Haatik, estropadak bezain bertako eta taldekako da sokatira. Euskal Herriko selekzio ofiziala dugu gainera, eta irailean munduko txapeldun izan ginen.

Zergatik aukeratu zuten estropada eta ez sokatira? Biak lehiaketa kolektiboak dira. Biek esfortzu handia eskatzen dute. Bietan sari bakarra dago eta talde desberdinek besteen kontra borrokatzen dute garaile izateko. Biek dute sinbolismo handia: desberdintasunak handitzen doaz, pobrezia gorantz, lan baldintzak gero eta okerragoak, prekarietatea orokortzen, lan-orduak handitzen, soldatak murrizten, prezioak igotzen… egoera honi buelta emateko lan handia egin behar da, eta soilik lortuko dugu esfortzu-borroka kolektibo bidez.

Apenas ikusten dut, sinbolismo aldetik, alde handirik estropada eta sokatira artean , eta pentsatzen nuen, besterik gabe, bat aukeratu behar horretan, estropada aukeratu zutela, akaso txanpona zerura botata. Baina ez.

Igandeko El Diario Vascon Adegiko Nerea Zamacolak (Transformando la manera de relacionarnos en las empresas) argi utzi zuen ez zela zozketa bidezko hautua izan;, erabakia ongi pentsatu eta hausnartuta hartu zuten: sokatiraren aurka daude. Más trainera y menos sokatira.

Eta diot nik: zergatik bultzatu nahi dituzte estropadak sokatiraren kaltetan? Zergatik dirua eman traineruei eta ez sokatirari? Zeren eta, nik dakidala, patronalak badu sokatira taldea, eta gogor lehiatzen da, gainera, txapelketetan. Baina estropadetan? Trainerurik ez dute eta! Ez dute arraunik egiten, guztiok dakigu yatean ibiltzen direla…

Ez al da izango, estropada eta traineruen ospea bultzatuz, langile guztiak traineruetara bideratu nahi dituztela, lehiakideak gainetik kenduta, sokatiran patronala garaile atera dadin?

Baina, zer du Adegik sokatiraren kontra?