Zer da greba arrakastatsu bat?

Deiaren titularra irakurrita (“Grebak ez du Euskadi paralizatu”) otu zait sarrera hau idaztea. Grebaren helburua Hego Euskal Herria geraraztea bazen, egia esatera, eskualde batzuetan ez zuen lortu (eta beste batzuetan geraraztetik urrun egon zen), baina, nago, Deiaren titularrak esaten duena baino gehiago adierazten duela.

Esan nahi baitu, ez zela erabatekoa izan greba, baina horregatik garrantzia handia izan zuela. EiTBren irratietan musika jartzea ohiko programen ordez edota EAEko entrepresa handienek ere greba egiteko erabakia hartzea horren froga izan daitezke.

Diario Vascok, manifestazio eta grebak nabarmen gutxiesteko joera duenak, titular adierazgarria du: “Greba gehiago nabaritu zen Gipuzkoan”

Adegirentzat erabateko porrota izan zen atzoko greba. Baina ze greba ez da porrota izan Adegirentzat? %25ean zifratu du greba. Confebaskentzat ere erabatekoa izan da frakasoa.

Uste dut, sindikatuetako bozeramaleek edota Garak eman ditzakeen titularrak alboratuta, Deia eta Diario Vascoren titular defentsiboek eta patronalaren erantzun irmoak erakusten dutela atzoko grebaren emaitza zein den.

Eta nik ez daukat zalantzarik horiek direla greba arrakastatsuaren sintomak.

Greba orokorra atzo.

Irudia | Greba orokorra atzo. | Ezezaguna | Creative Commons By SA
Adegi, Confebask, ekainak 29, greba, sindikatuak, Zapatero

8 pentsamendu “Zer da greba arrakastatsu bat?”-ri buruz

  • Sentitzen dut, baina ez nago ados. Greba orokorra planteatzen denean lan iharduera erabat, edo hein haundi batean behintzat, eten egin behar da. Eta atzo ez zen horrelakorik lortu. Akaso, ELA eta LABen indarraren arabera ontzat eman daiteke emaitza, baina greba ez zen orokorra izan ez da gutxiagorik ere. Diario Vasco, Deia eta Adegi irakurri behar baldin bada grabaren arrakasta neurtzeko… Ikustea besterik ez zegoen. Argi dago, sindikatuek garai batean eduki zuten prestigioa galdu dutela; betirako, nere ustetan

  • Ane Miren Etxaniz

    Polloe, ados egon naiteke zuk esaten duzunarekin, baina atzo ni bizi naizen eta lan egiten dudan herrietan, lan uztea ia erabatekoa izan zen. Deitzaileen indar harremana ikusita, eta gaur egunean gizartea mobilizatzeko dauden zailtasunak kontuan hartutan, adierazgarria egin zitzaidan niri behintzat. Artikulu honetan aipatu nahi nuena zen, zertara datorren grebaren aurka zeudenen aldetik halako kalapita, frakasoa izan bazen. Grebak ez direla duela 30 urte bezalakoak? Gizartea ere ez. Agian beste formula batzuk bilatu behar dituzte sindikatuek, baina, berriz diot, ez dut inolako dudarik, atzokoa, jendea dagoen egoeran egonda, arrakastatsua zela esateko. Atzo, ez lan egiten dudan herrian, ez bizi naizenean, ezin zen erosketarik egin eta lantegiak itxita zeuden.

  • Ane Miren Etxaniz

    Eztabaidarekin jarraitu nahi duenarentzat, Luistxoren artikulua ere ez da txarra:
    http://eibar.org/blogak/luistxo/archive/2010/06/30/krisi-ekonomikoa-arazoak-eta-ideiak

  • Non ez zen horrelakorik gertatu, Polloe? Garbi dago lurraldearen araberako aldeak daudela, kasu batzuetan oso handiak, indar korrelazioan. Baina nago ez direla, hain zuen, greba deitu dutenek errealitate hori ukatzen dutenak. Sindikatuen balorazioek patronala eta beren gobernuek egindakoak baino dexente ├▒abardura eta zehaztasun gehiago izatea da horren erakusle.
    Bistan da, horretaz gain, sindikatuek arazoak dituztela hainbat sektoreengana iristeko, baina gaitz erdi arazoa hori bakarrik balitz: ni autonomoa naiz, ni langabetua naiz, ni komertziantea naiz, ni finkoa naiz, nik ez dut kontraturik… Framentazio handia, klase kontzientzia txikia, memoria historiko eza, ikuspegi ezin murritzagoa… Horiek eta gehiago osatzen dute sindikatuek landu beharreko eremu idorra. Beraien aldetik badute, badugu, hobetu beharreko zerrenda luzea, baina demagogia, estigmatizazioa eta kriminalizazioa ez dira oso lagungarri.
    Porrota, burua makurtzea da. Erantzutea inoiz ez da porrota, eta asteartekoa erantzun ona izan zen, nahikoa ez izan arren; helburua ezin baitu izan erantzutea, gauzak benetan aldatzea baizik. Osa dezagun denon artean estrategia eraginkor bat.

  • Non zeuden sindikatuak bankuen eskandalua piztu zenean? Hor galdu zen urrezko aukera bat zerbait benetan potente, desberdin eta imajinatiboa egiteko.
    Greba egin, hondartzara joateko eta hurrengo egunean zer?…dena berdin!
    Sindikatuak XIX. mendean bizi dira eta working class jokuz kanpo dago. Batzuek ez dute ikusi nahi, baina horrela da. Argi dago.

  • Zergatik ez dugu egiten Madrileko metrokoek bezala? Zergatik ez dugu egiten planto, adibidez, gobernuek bankuei dagokien partea eskatzea erabakitzen duten arte?

    Sindikatuek -eta gizarteak berak- argiago izan behar du zein diren helburuak, eta helburu horiek lortzeko estrategia irmoak planteatu behar dira.

    Niri ez dit ezer esaten egun bateko geldialdiak, handia izan edo ez. Are gutxiago konbentzitzen nau ikusita zer eragin izan zuen hondartzetan eta tabernak itxi nahi izan ez zituzten herrietako Sanpedroetan.

    Niri esan zer lortu behar dugun eta zer jokatzeko prest gauden/egon behar dugun hori lortzeko. Orduan ikusiko dugu gauzak argi ditugun edo ez.

    Susmoa dut, azkenerako, denok gaudela kutsatuta istorio honetan. Hipotekekin, kontsumoarekin… denok harrapatu gaituzte gurpil zoro honetan.

    Ib

  • Ane Miren Etxaniz

    […] @Xabitxo: Ados nago RT @zuzeu Zer da greba arrakastatsu bat? https://zuzeu.eus/p/17247 […]

  • Ane Miren Etxaniz

    […] Zuzeun, bertan ere, greba haren arrakasta eta ez arrakastarekin eztabaida izan genuen. […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude