Zer da errelatoa?

Zer da errelatoa? –

Bat-batean, “errelato” hitza itzulipurdika sartu zaigu. Hitz hori, ordea, ez dugu aurkituko ez Euskaltzaindiaren Hiztegian, ez Orotariko Euskal Hiztegian. Hitz hori ez da euskaraz, espainolezko “relato”-ren euskaratze trakets bat baizik ez da.

Zer da errelatoa?

Frantsesez “récit” edo “histoire”, ingelesez “story” eta euskaraz “kontakizun” edo “narrazio” da “relato”. Zergatik, beraz, etengabe erabiltzen dugu “errelato” hitza? Espainolak dabiltzalako aho beteka “relato” eta “relato” erabiltzen, berek nahi dutelako Biblian bezala idatzia geldi dadin azken 40 urteetan gertatutakoaren beren bertsioa. Auzi honetan, euskaldunok espainolen hitza bera onartzea adierazgarria da.

Espainolek beren narrazio nazionala osatu nahi dute, frankismotik hona Euskal Herrian gertatu dena helburu horien arabera kontatuz. Alde horretatik, euskaldunen eta espainolen bertsioak ezin dira bateragarriak izan; ezin da adostasunik lortu, salbu euskaldunek amore eman eta onartzen badute ez direla herri zapaldu bat edo espainolek aitortzen badute zapaltzaileak direla.

Herri guztiek kontatzen dute beren historia nazionala; herri kontzientzia sortzeko eta barnatzeko eta herria batzeko tresna da. Historia nazionala kontatzeko aukerarik ez duten herriak izaten dira beste estatu batek bahituta dauzkan herriak, askatasunik ez dutenak. Narrazioa kontatzen da historiako klaseetan, historiako liburuetan, literaturan, zineman, artean, oroitarrietan, karriken izenetan…

Historia kontatzea ezinbestekoa da oraina ulertzeko. Zorionez, badira Euskal Herriko historia euskal ikuspegitik ikertu zuten eta ikertzen duten autore asko, Espainiaren eta Frantziaren historia ofiziala zalantzan jartzen dutenak. Zorigaitzez, ez daukagu botererik gure historia kontatzeko.

Ikastetxeetan, euskal historia, sartzekotan, sartuko da gibeleko atetik, irakasleak horretarako borondatea baldin badu. Derrigorrean ikasi beharrekoa Frantziako edota Espainiako historia da. Mundu akademikoan ere, badira erresistentziak; euskal ikuspegitik kontatzen bada historia, beti bada nor edo nor hori erlatibizatu behar dela dioenik eta frantses edo espainol bertsioa ere aintzat hartzeko eskatuko duenik… Komunikabideen munduan toki gutxi dauka historiak, eta daukanean ere, euskal ikuspegitik nahiko urrun.

Ezin dugu ulertu gure egoera, ez eta ere berriki gertatu zaiguna eta orain gertatzen zaiguna, kontakizuna 1979an hasten bada, ezta ere 1936an hasten bada… Historia kontatzeko boterea Frantziak eta Espainiak baldin badute, kontra-botereari indarra eman behar diogu, gure historia ikertzen jarraitzeko eta, bereziki, kontatzeko eta sozializatzeko.

 

jatorriz Gure Berriak atarian argitaratua

Zer da errelatoa?

 

errelatoa, etorkizuna, gure historia, historia, kontakizuna, narrazioa, Zer da errelatoa?

Zer duzu buruan “Zer da errelatoa?”-ri buruz

  • Lehenengo desadostasuna: hemen Euskal Herrian ez daude bakarrik bi errelato, Eneko Bidegainek hain panpoxoki euskaldunen eta espainolen artean banatzen dituena. Hemen gutxienez hiru errelato daude, eta nik uste lau ere. Beraz, planteatzen duena manikeismu interesatu hutsa da.
    Ezker Abertzaleak bere kontakizuna du, EAJk berea, PPk berea eta PSOEk berea. Kontuan izan dezagun lau adar politiko hauek gure herriaren ordezkaritzaren gehiena osatzen dutela eta gainera erro historiko sakonak dauzkala tradizio bakoitzak. Eta bakoitzak bere historia propioa kontatu dezake, ez bakarrik azken urteei buruz.
    Bigarrenik, botere eta kontrabotere banaketa hori eta euskaldunak noski gizagaixoen bandoan jartzea beste manikeismu bat iruditzen zait. Nik gogoan dut oraindik diktaduraren garaiean, euskaldunok hezkuntza sistemarik ez eduki arren eta hori autoritate frankisten eskuetan zegoen bitartean, euskal historia eta euskal errelato berezi bat erabat hedatua zegoela gerrari buruz eta lehenagori buruz. Garai horretan Ezker Abertzalea bere kontakizuna mamitzen hasi zen esanez EAJ atzerakoia eta apaizkoia zela eta bera, ordea, Euskal Herria munduko herri progre-iraultzaileen kontabilitatean jarriko zuen indarra. Frankismoaren errepresioak piska batez estali zuen hori baina berehala ezker abertzalea hasi zaigu bere errelatoa zabalduz, esanez haustura eta borroka armatua oso aukera ona izan direla transizioaren aurrean. EAJk noski ez du kontakizun hori partekatzen, esaten baitu Gernikako Estatutoaren proiektua onuragarria izan zaiola herri honi eta gainera aspalditik datorrela.
    Azkenik, gure egungo arazoa 1936an ala 1979an sortu ote denaren ika-mikan badira ñabar aski jartzerik, hor nik bi arazo ikusten baititut. 1936an hasitako arazoak gauza bat du argi, gudaroste fatxista batek legezko gobernu bat derribatu zuela eta Euskal Herriari dagokionez hori Eusko Jaurlaritza zen, legezko erreferentzia. Ezker Abertzaleak bai J. A. Agirre eta bai Leizaolaren zilegitasuna ukatu egin zituen. Beraz ETAren borroka armatuak berdinki ukatzen zituen frankisten diktadura eta Eusko Jaurlaritzaren legezkotasuna. Gauzak zehaztu behar dira bestela faltsutu egiten baitira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude