Zer bilakatu garen

Geroz eta gehiago erosten ditut bio produktuak. Dilista paketea hartu eta ziurtagiria duen egiaztatzen dut. Ondoren, ekoizpen lekuari erreparatzen diot. Poitiers. Poitiersetik Hendaiara 450 kilometro daude. Kamioi batek kilometroko isuritako karbono dioxidoa kalkulatzen dut segidan eta apalean utzi dut dilista paketea. Ondoko paketeak ere bio ziurtagiria dauka eta Clermont-Ferrantetik dator. Aldeetara begiratu dut: bakarrik sentitzen naiz, hauskor, eta batez ere, ezjakin. O, putain! Non arraio dago Clermont-Ferrant? Poitiers baino gertuago edo urrutiago dagoen jakinda konforme geldituko nintzateke, baina… Arroz zuri biorik ez da inondik inora ageri eta integralak ez dit balio buruan dabilkidan errezeta egiteko. Haatik, semolak arroz zuria ordezkatu dezakeela otu zait, eta herrialde arabiarrekiko elkartasunak hauspotuta, ganbelu gehien marrazturik duen kaxa hautatu dut. Saskian utzi aurretik Maroc irakurri eta izerditan hasi naiz: Maroko ez dago matxinatuen artean, nahiz eta dekapitatzeko moduko erregea eduki. Baina… Zer da hori? Tunisian ekoitzitako semola pakete galdu bat topatu dut apalaren hondoan bakarturik. Bihotza bizkortu zait bio etiketa ere baduela ikusterakoan. Hiru aldiz gehiago balio duen arren ez dit axola. Erosketa borobila da, iraultzailea eta elkartasunezkoa.

Azal itsugarria duten sagarrei eta okaranei begira gelditu naiz gero, tamaina eta itxura berbera izateagatik piramide perfektuak osa ditzakete. Stephen Kingen liburu bat irakurri nuen nerabezaroan, non eraldaketa genetikoari esker, moztu ondoren pilatzen errazagoak izango ziren zuhaitz kubikoak kontsumitzen zituen gizarte bat deskribatzen zen. Errealitatearekin duen antzekotasuna susmagarria da. Inguruan hiru haur daramatzan emakumeak inongo erreparorik gabe poltsaratu ditu sagar kilo batzuk, opiltxo industrialez gainezka dagoen organ utziz, baina niri, nire bizitzako une honetan, oso gaizki letorkidake buztana edo hirugarren beso bat haztea, eta antsietateak jota, dozena erdi bat bio sagar zimel eta beste hainbat platano itsusi egokitu ditut bete ezin dudan erosketa saskian.

Errukiz behatu dut andrea, dutxa hartzera doala uste eta gas kameran barneratzera doan familiari nola. Haien alaitasuna mingarria zait. Ezagun al du bere burua ez ezik etxekoak ere pozoitzen ari dela? Ezjakintasuna al da? Utzikeria? Diru kontua? Parrizidioa?

Ordubete daramat eta nire saskiak negargura ematen du. Hala ere, arnasestuka nago, nekaturik, izuturik.

Estatu Batuetan biziko banintz bunker bat edukiko nuke, argentinarra banintz psikoanalista bat, eta kolonbiarra banintz autolaguntza liburu bilduma bat. Norberaren bizirautea bermatzeko entrenatu gaituzten giza aletxo tamalgarriak gara. Edo horretan bilakatu gaituzte.

(Zazpika-n argitaratua)