Zenbat txiokatzen dute euskaraz Athletic-ek, Errealak eta Osasunak?

Zuzenduta: Athletic-ek (@athletic_eus) euskara hutsezko kontua du.

207.713 jarraitzaile baino gehiago dituzte Twitterren Futbol Ligako lehen mailako euskal taldeek. Osasunak 27.365 (@CAOsasuna), Errealak 29.969 (@RealSociedad) eta Athletic-ek 150.379 (@AthleticClub). Inondik inora ez dago hainbeste jarraitzaile dituen euskal erakunde publiko edo elkarterik.

Errealak, Athletic-ek eta Osasunak bakoitzaren futbol klubari buruz ongi informatuko dute ziur aski, baina gehientsuenetan gaztelania peto-petoan. Teknologia berrietan euskararen presentziaren garrantzia azpimarratzen den garaiotan, tristea da milaka jarraitzaile dituzten futbol taldeek Twitterren euskara bigarren mailan uztea. Are kezkagarriagoa da euskarak esparru digitalean galtzeko duen arriskuaren jabe izanda.

Zenbat txiokatzen du bakoitzak euskaraz?

      • Athletic: Euskarazko (7.537 txio) eta gaztelaniazko (20.266 txio) kontuak ditu.

 

    • Osasuna: Ia inoiz ez. “Mendilibarren prentsaurrekoa” da, elebitan ia beti, euskaraz agertzen den gauza bakarra.

 

    • Erreala: Bi hizkuntzak darabiltza, baina gaztelaniaz gehienak. Urriaren 31tik azaroaren 1eko 20:00etara: 16 (%23) euskaraz, 2 (%3) elebitan, 52 (%74)gaztelaniaz .

Osasunak, Athletic-ek eta Errealak beste lan eta komunikazio esparruetan euskararen normalkuntzaren alde egiten duten eginahala epaitu gabe, oso gomendagarria litzateke Twitter bidezko komunikazioan euskara kontuan izatea. Jarraitzaileei zuzendutako informazioa herrialdeko bi hizkuntza ofizialetan egotea litzateke logikoena, euskara lehenetsiz. Hala, euskarazko eta erdarazko bertsioak egin ditzakete (EAJk eta Athletic-ek bezala), edo, bestela, mezuak bi hizkuntzetan idatzi (Gasteizko Udalak bezala). Beste aukera bat da bi hizkuntzatan idaztea kontu beretik, mezuak errepikatu gabe (Errealak hein batean egiten duena).

Ahalegina eskertuko diegu. Unean unean egiten diren errekonozimenduetatik haratago, egunerokoan erakusten baita euskarari eman nahi zaion garrantzia.

3 pentsamendu “Zenbat txiokatzen dute euskaraz Athletic-ek, Errealak eta Osasunak?”-ri buruz