“Zenbait lanbidek behar duten espezializazioa lortzeko sortu dira Unibertsitate Masterrak”

Jon Altuna MONDRAGON UNIBERTSITATEko Errektoreorde Akademikoak Unibertsitate Masterren helburua eta funtzionamendua azalduko dizkigu, baita ere etapa berri honetarako MONDRAGON UNIBERTSITATEAren eskaintza zein den.

– Gehienontzat Unibertsitate Masterra oraindik kontzeptu nahiko berria eta ezezaguna da. Azalduko diguzu, zehazki, zer den Unibertsitate Masterra?

Orain urte gutxirarte, unibertsitatetik eskaintzen ziren ikasketak, diplomaturak, lizentziaturak, ingeniaritza teknikoak, goi mailako ingeniaritzak, eta abar izan dira. Bolognako prozesuaren ondoren berriz, ikasketen egitura aldatu egin da eta edozein karreratan, ikasleak, 4 urtetako gradua egin beharra dauka.

Gradu bakoitza, arlo zehatz batetan aritzen da baina arlo horri buruzko formakuntza orokorra jasotzen du ikasleak. Gradua amaitzean, zenbait lanbidek behar duten espezializazioa lortzeko sortu dira Unibertsitate Masterrak. Beste lanbide askok ez dute espezializazio maila hori behar eta Gradua prestakuntza egokia da.

–Bolognako Prozesuak sustatutakoa da figura berri hau. Zergatik da hain beharrezkoa ziklo berri hau ezartzea ibilbide akademikoan?

Esan dudan bezala, unibertsitate masterrekin, ikasleek espezializazioa lortuko dute aukeratutako arloan. Egun daukagun merkatu honetan gure enpresak lehiakor izaten jarraitzea nahi badugu, goreneko prestakuntza duten pertsonak behar ditugu eta horretarako, unibertsitate masterra prestakuntza beharrezkoa izango da.

Azken urtetan espezializazioaren beharra gainera nabarmentzen joan da, eta horrek, hainbat erakundek, unibertsitateak barne, ofizialak ez ziren master tituluak eskaintzera eraman ditu.

Bolognako prozesuak atal hau hobe antolatzen lagundu du, masterrak Estatuan balio ofiziala izanez, atzerriko herrialde gehienetan gertatu ohi den bezela.

Arlo honetan, Unibertsitate master ofizialek, Ministeritzaren eta Autonomia Erkidegoen baimena izan behar dute eta ofizialak ez diren masterrekiko ebaluazio prozesu zorrotz bat jaso behar izan dute. Bestalde, Unibertsitate master ofizialek geroz eta beharrezkoagoa izango den ikerketaren arloa jorratzen dute.

–MONDRAGON UNIBERTSITATEAn aurten hasi zarete unibertsitate masterren eskaintzarekin. Nolakoa da zuen eskaintza, zein ezagutza arlotara zuzentzen da?, zenbat master dituzue?

Bai, Mondragon Unibertsitatean, jada hasita gaude eskaintza hau zabaltzen 09/10 ikasturtetik. Ikasturte honetan ere abian jarri ditugu ingeniaritza alorreko beste batzuek eta datorren ikasturtera begira, nola ez, eskaintza zabalago bat daukagu enpresa zientzien arloko master berri batzukin. Eskaintza hori bat dator Mondragon Unibertsitatean lantzen ditugun ezagutza arloekin.

Ingeniaritzaren arloari dagokionean, datorren ikasturtera begira izango ditugun unibertsitate masterrak hauek dira:

  • Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoko Unibertsitate Masterra
  • Enpresa Berrikuntza eta Proiektu Zuzendaritzako Unibertsitate Masterra
  • Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra
  • Sistema Txertatuetako Unibertsitate Masterra eta
  • Energiako eta Potentzia Elektronikako Unibertsitate Masterra

Enpresa kudeaketaren alorrean berriz, datorren ikasturtera begira ondoko eskaintza aurreikusi dugu:

  • MBA – Enpresa Zuzendaritza Masterra
  • Enpresa Kooperatiboen Kudeaketan Unibertsitate Masterra
  • Kontabilitate Zuzendaritzako Unibertsitate Masterra
  • Marketing Digitala Unibertsitate Masterra eta
  • Turismo Aktiboaren Enpresak Sortu eta Kudeatzea Unibertsitate Masterra

Hezkuntza eta Komunikazioari dagokionean beste hiru master izango ditugu:

  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan Irakasle Gisa aritzeko gaitzen duen Unibertsitate Masterra.
  • Hezkuntza Tesutinguru Multikultural eta Eleaniztunetan Unibertsitate Masterra eta
  • Berrikuntza Didaktiko Metodologikoko Proiektuen Garapena eta Kudeaketa Hezkunta Erakundeetan Unibertsitate Masterra.

Gastronomiaren ezagutza arloari dagokionean, aurten hasi gara gradua eskaintzen eta honek aurrera egiten duen neurrian joango gara arlo horrentzako unibertsitate masterrak zehazten.

Gainera, aipatu beharrekoa da, ingeniaritzako ezagutza arloan, interesa duten ikasleek, diploma bikoitzak lor ditzaketela Toulouseko INSA eta ENSEEIHT unibertsitateekin eta Nanteseko ECN unibertsitatearekin ditugun hitzarmenei esker. Aukera hau, Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterrean, Sistema Txertatuetako Unibertsitate Masterrean eta Energiako eta Potentzia Elektronikako Unibertsitate Masterrean ematen da.

–Nola erantzuten ari da zuen ikaslegoa?, ondo egokitzen ari da ziklo berrira?

Erantzuna ona izaten ari da. Gaur egun, Unibertsitate Master berri hauetara lehengo titulazioetatik datoz eta orokorrean ikusten ari da espezializazioak dakarren balio erantsia lan munduan prestakuntza egokiago batekin kokatzeko.

–Aurten, zuenean eta estatuko hainbat unibertsitatetan, Bologniara egokitutako graduen lehen promozioa kaleratuko da. Honek esan nahi du, datozen urteei begira, bertako ikasleez gain, beste unibertsitateetako ikasleengana heltzeko erronka duzuela, ezta? Kanpoko ikasle berriei dagokienez, zer helburu duzue, nola marraztuko da unibertsitate masterren etorkizuneko ikaslearen profila?

Bai, hala da. 2011-2012 ikasturtearen bukaerarekin batera, Goi Mailako Europear Esparrura egokitutako lehenengo promozioa aterako da eta Euskal Erkidegoaren kasuan, geurea izango da lehenengo promozio hori.

Horretaz gain, estatu mailan ere badaude beste unibertsitate batzuek, lehenengo promozio hori ikasturte honetan kaleratuko dutenak eta zeuk diozun bezala, gure unibertsitate masterren eskaintza, ikasle horiei ere zuzenduta dago.

Baina ez bakarrik estatu mailako ikasleei. Gure eskaintza hau, nazioartera ere zabaldu nahi dugu eta lehen urrats horiek ematen hasiak gara. Enpresa eta erakundeekiko gertutasuna, ikerketa ulertzeko moduak eta beste zenbait ezaugarrik atzerriko ikasleentzat gure eskeintza erakargarria izan daitekeelakoan gaude.

Master hauetako batzuek online edo blended formatuan ematearen arrazoietako bat hauxe da.